Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Harakin

 

Lan handia zuelako aitzakiarekin gurasoen etxean bazkalduko zuela esan zion Harakinek Estiri, haien artean ez baitzen giro aspaldi hartan.

        Aita, begiak hegaztien dokumentalean iltzaturik, isil-isilik jaten ari zen, inguruan suma zitekeen tentsioaz ezer jakin nahi ez zuela. Ama sukalde inguruan zebilen. Eseri zenean hegaztiengan ezarri nahi izan zuen arreta, baina Estirekin aurreko gauean izandako liskarrak, azken aldian ia egunerokoak, gogoa asaldatu zion ezeri arretarik ez emateko gauza ere ez zela utziz. Amak nolanahi bota zion platera mahai gainean. Platera jiraka ibili zen une batez. Esti eta haren artean gertatzen ari zenarekin, «ustez gertatzen ari zenarekin» pentsatu zuen Harakinek, batere konforme ez zegoela aditzera eman nahi zion amak azken egunetako zakarkeriarekin. Ez hori bakarrik, neroni nauka errudunetarako. Harakinek zeharka begiratu zuen amaren aldera. Pañueloa atera eta suspirioak zintzatu zituen. Platera hartu eta sutondoan eseri zen, aita eta Harakin zeuden mahaian eseri beharrean.

        Irentsi egin zuen Harakinek janaria dokumentaleko ahotsari isiltasuna urratzeagatik eskerrak emanez.

        Justu-justu adio esan eta kafe hartzera atera zen Bazterretxera, gaztaroa eman zuten taberna berera. Felipe eta Manolo musean aritzeko espera zeuzkan, baina denborarik ez zuela esan zien, gogorik ez zuela ez esateagatik, eta barran eseri zen bakar-bakarrik. Hutsa eskatu zion kamarero gazteari; Bazterrek saldu eta Londresera alde egin zuenetik bazen laugarren jabe aldia edo, eta hala ere zabalik iraun zuen tabernak hamabi urte hauetan, «gu bezain itxi gaitz» pentsatu zuen Harakinek, harrotasun ziztadak bularra betetzen ziola. Semea etorri zitzaion burura eta, uxatu nahi izan bazuen ere, zergatika hasi zitzaion gogoa, zergatik egokitu zitzaien haiei desgrazia hura, zer egin zuten bada. Bolada txarra pasatzen ari ziren; estuegi hartzen zuen Estik, baina berak denbora behar zuen.

        Fermin atetik barna sartzen ikusteak harritu egin zuen aste eguna eta eguerdiz. Zerbait gertatuko zitzaion aitari, etorri zitzaion burura, 'mozkorrari' zuzendu zuen berehala.

        «Zer, utzi duk hire Ñoñosti hori» bota zion trufaka, baina berehala nabaritu zuen, horrenbesteraino ezagutzen zuten elkar, ez zeudela bazterrak berriketarako.

        «Zer pasatzen duk» galdetu zuen tabernan zeudenek aditzeko moduan.

        Ferminek Manoloren eta Feliperen aldera begiratu zuen. Harakini Ferminen ezpainetan mespretxu ia nabari ezin bat ikustea iruditu zitzaion. Gero bizkarra emanik Harakinengana jiratu eta ahotsa jaisteko keinua egin zion Manolo eta Felipe seinalatuz.

        «Bazter hil duk».

        «Zer!».

        «Bazter hil dela, joder» altxatu zuen ahotsa.

        Telebistaren marmarra ezarri zen bien artean. «El presidente español ha declarado que el problema vasco no existe».

        Harakinek Fermin jiratzen ikusi zuen muslariek zer edo zer aditu ote zuten jakin nahian. Harakini burua hutsik gelditu zitzaion. Barne kulunka bat nabaritu zuen. Semearen gomuta etorri zitzaion. Sehaska. Kafe kikarak barra gainean marraztutako zirkulu marroiari erreparatu zion.

        «Zer nahi duk» galdetu zion Harakinek Fermini.

        Ferminen begi harrituak so ikusi zituen; zerbait murduskatu zuela ohartu zen, baina ez adituarena egin zion.

        «Zer hartuko duk?» tematu zitzaion berriz ere Harakin.

        «Kafesnea kafe gutxirekin eta esne epelarekin» erantzun zuen Ferminek ahots sendoegiz.

        Bazter hil duk eta honek oraindik kafesnea kafe gutxirekin eta esne epelarekin hartzen dik otordu ondoren. Bazter hil duk harilkatu zitzaion gero, eta sorturik gelditu zen kamareroa aurrean zuen bitartean.

        Ferminen ahotsak, kamareroari kafesnea eskatzen lurrerarazi zuen.

        «Nola dakik» bota zion Fermini erronka antzean.

        «Marck delako lagun batek hots egin zidak duela lau ordu edo, eta dudarik ez zegok, hori baldin bahaiz zalantzan jartzen» oldartu zitzaion Fermin.

        Jode, Bazter.

        «Zer joanen gaituk, ezta?» Harakinek.

        «Bai, joan beharko diagu».

        «Nola beharko?!».

        «Beno, hark ez dik gehiegi egin guk ezer jakiteko».

        «Adiskideak adiskide dituk, motel, jakin ala ez jakin!» erabaki zuen Harakinek.

        Fermin, beti bezala, kaka esplikatzen ari zela entzutean ernegatu zen, baina eutsi egin zion Estirekin aurreko gauean izandako liskarrarekin okaturik.

        «Bazter, dagoenean dagoela, gutarra duk» esan zion tonu xuabean.

        «Gutarra?! Zer duk gutarra izatea?» harrotu zitzaion Fermin, hitza entzutearekin begiak sutan.

        Harakin muslarien aldera itzuli zen, ez zuen eztabaidatu nahi, ez Ferminekin; adiskidetarako bazuen ere ez zuen ulertzen eta ez zuen ulertuko gauzarik ñimiñoenagatik erasorako zeukan jarrera hura. Ez zen unea, Bazter hila eta biak zirrimizkeriatan hasteko.

        Berriz ere Ferminengana jiratu zen. Kafesne katilua ezpainetan zuen. Telebista ezarri zen haien artean atzera ere. Larkara so egin zion Harakinek Fermini. Muturturik zirudien.

        «Gesto por la Paz afirma que con un poco de voluntad...».

        Fermini ez begiratzeagatik tabernan herrarazi zuen soa. Lurrean zegoen Chesterfield pakete bati erreparatu zion. Ikurrindun pegatina bat zuen ondoan. «Presoak...» irakurri ahal izan zuen. Egia ote zen Gesto por la Pazekoa zela? Aulkitik zertxobait altxatu eta paketea zapaldu zuen.

        «Begirazak» esan zion bere burua Fermini aurrez aurre begiratzera beharturik, «ez gaituk hasiko bakoitzarendako Bazter zer ote zen fi eta fu. Hik ikusiko duk, baina neroni joaten saiatuko nauk, Jexus Mari ere abisatuko diat ea etorri nahi duen».

        Eztabaida nahi ez izate hark Fermin lasaitu zuela ohartzean Harakin ere lasaitu zuen. Senetik ateratzen zuen Fermin horrela jartzen zenean.

        «Jexus Mari abisatzera joan beharko diagu. Arduratuko haiz herori billeteak lortzeaz? Biharko beharko ditek», galdetu zion ahalik eta laztankorren.

        Baiezkoa egin zion Ferminek kafesnea bukatzen zuen bitartean.

 

 

Jexus Mari basoan aurkitu zuten egurketan. Harakini iruditu zitzaion berriak ez zuela gehiegi hunkitu, baina halakoa zen beti Jexus Mari, sentimenduak ezkutatzen zekien soldadu aginkorra. Baiezkoa eman zuen, Ferminek adina berriketarik gabe, nahiz eta Fermin eta Bazter, Jexus Mari eta Bazter baino adiskideago izan. Bazter hilik. Semea sehaskan. Ordura arte Ferminen aurrean zaindu zuen agintari sena atera zitzaion. «Fermin, zer edo zer esan beharko diagu entierroan; izanen duk hor nonbait poema egokiren bat edo?!» oldartu zitzaion.

        Ferminek tonua batere gustuko izan ez zuela ohartuagatik ez konturatuarena egin zion. «Omenaldi hartan irakurri huena, sustraien hura egokia izan daitekek; akordatzen haiz?».

        Begira geratu zitzaion. Harakinek eutsi egin zion Ferminen begiradari. Eskuak izerditan nabaritu zituen. Galtzetan igurtzi zituen lehortu nahian. Jexus Mari biei so zegoela ikusi zuen zeharka; haiek noiz oilartuko espera izanen zen, baina Ferminek atzera egin zuen nahiz eta aurpegian halako keinu mikatz bat gelditu.

        «Joseba Sarrionandiarena» esan zuen lehor.

        «Hartuko duk, orduan» bukatu zuen Harakinek, negoziazioa hitz horiekin itxiko balu bezala.

        Egurketan utzi zuten Jexus Mari eta herrira itzuli ziren. Hazten eta iraultzaile bihurtzen ikusi zituen, gurdi bidean barna autoa binbilin-bonbolonka. Erdi ozpindurik zihoan Harakin Fermin ozpindu zuela iruditzen zitzaiolakoz, eta ozpindurik nabari zuen Fermin berarekin ozpintzen jarraitzen zuelakoz ozpindurik, seguru asko.

        Harategi atarian utzi zuen Ferminek.

        «Orduan hots eginen didak, billeteak lortu dituan ala ez esateko. Ez erreparatu prezioari. Gero arte orduan».

        Nekez emandako «gero artea» entzun ondoren harategian sartu zen, legeak zioena gorabehera, estarbiaren izkina batean atondurik zeukaten hiltegi ilegalean txekorra akabatzeko prest.

        Arratsalde osoan, hilketa zela, bezeroak zirela, ez zitzaizkion ez Bazter, ez Esti, ez semea gogora etorri, baina azken bezeroak alde egin ondoren gurasoekin fluoreszentez argitutako harategian gelditu zenean trabatu zitzaizkion eztarrian. Ahulezia nabaritu zuen. Hiltzeko laban odoldua hartu eta kainu azpian jarri zuen odola harraska gainera nola erortzen zen so egiten zuen bitartean. Ur gorria hustubidetik behera zihoan, jira eta bira. Ama kamerak garbitzen ari zen eta noizbehinka zeharka begiratzen zion.

        «Pedro, zoaz etxera, Estibalitz esperoan izanen duzu» bota zion hitzez, begiradaz esan nahi izan ziona ulertu nahi ez zuela ikustean; «aitak eta biok garbituko ditugu kamerak».

        «Ez, lasai, neronek garbituko ditut. Segi zu etxera afaria prestatzera, zuekin afalduko dut».

        Amak aitaren laguntza bilatu zuen begiradarekin, zer edo zer hitz eginak zirelako seinale, baina, beti bezala, aitak ez zuen parte hartu nahi izan.

        «Pedro Mari, arazoak ez dira horrela konpontzen» esatean, isiltasuna lehortea bezala hedatu zen gauzak argi ez azaltzera ohiturik zegoen etxe hartan.

        Harakinek amantala kendu eta ezer esan gabe atera zen etxetik. Une batez atzera begiratu zuen leihotik, han zeuden: aita kameratan makurturik, garbitzen; ama zutik, atera berria zen ateari so, begiak xor, gomazko goanteekin malko lehor antzeko bat sikatzen saiatzen zen bitartean. Ezin.

 

 

Goizaldeko ordu bata inguru abiatu zen etxera, Bazterretxean herriko hamar urte gazteagoekin porroak erre eta zerbezak hartzen egon ondoren, Esti lotan egonen zela seguru zegoenean. Balantzaka igo zituen eskailerak nahi baino zarata gehiago eginez. Semearen logelara jo zuen eta han egon zitzaion begira, buruan alkohola, errua eta amorrua nahasten zitzaiola. Ez zion sekula futbolean ikasiko, ez ziren sekula elkarrekin musean arituko, ez zuen sekula Euskal Herria zer zen ulertuko, ez zuen sekula adiskidantza zer zen jakinen. Zergatik? Medikuz mediku ibilitako tokiak etorri zitzaizkion gogora: bazela Parisen Down sindromea tratatzen zuen medikua, hara joan ziren haurra eta hirurak; Bilboko beste mediku bat aitatu zieten gero, eta Bilbora jo zuten; Londresen izan zen, bakarrik orduan; eta denek gauza bera errepikatu zieten, ez zegoela medikuntza aldetik ezer egiterik, baina hezkuntza arloa landu egin behar zela, landuz gero asko aurreratzen zutela.

        Ohera sartu eta Estiren ondoan etzan zen; ez zuen han aurkitzea espero azken aldi hartan Estik haurraren logelan egiten baitzuen lo, haurrarekin egoteagatik bainoago berarekin lo ez egiteagatik susmatzen zuen Harakinek, eta eskertzen zion, izan ere, nahiago baitzuen bakarrik lo egin eta elkarrekikoak, gauez bazen ere, lasai uztea.

        Bazter etorri zitzaion gogora loak ezin harturik; txikitan egindakoak, nola mozten zizkioten buztanak katuei, dotrinara joandako urteak; nola egoten ziren dotrina kanta eta kanta, eta nola behin Bazterrek bi zartako jo zituen eta denek uste izan zuten, Harakinek eta Bazterrek izan ezik, dotrina bukatua zela, hura baitzen Don Juan Maria apaiz kabroi hark egindako bukaera seinalea, eta nola ateratzen ari zirela, lehendabiziko neska-mutikoa hanka kanzelan jartzen ari zela agertu zen Don Juan Maria, apaiz kabroi hura, eta eduki zituen hiru ordu harik eta zartakoak nork jo zituen aitortu arte; nola, azkenean, hiru orduren buruan, Bazterrek aitortu zuen bera izan zela zartakoak eman zituena, eta azkenean, gaueko hamaikak inguruan Bazter etxera bidali zuen, egiatia izan zelakoz saritzeko, eta nola gainontzekoak utzi zituen hamabiak arte, Bazter ez salatzeagatik zigorturik.

        Gogora etorri zitzaizkion, semearen irudia burutik haizea bezala joan-etorrian zebilkiola, Bazterrekin egindako parrandak, militantzia politikoa, Down sindromeari buruz munduan gehien zekien medikuarengana, semearen emaitzak eskuan harturik, lagundu zuen aldia; medikuak, Doctor Kaplanek, oraindik akordatzen da izenarekin, Bazterri azaldu zizkion berak zegoeneko bazekizkien emaitzak, eta gero ea galderarik ba ote zuen itaundu. Harakinek ezezkoa egin ziola gogoratu zuen, etsirik, Londresera joan aurretik ere bai baitzekien zer emaitza jasoko zituen. Oraindik ere nabari dezake bulegoa utzi aurretik medikuak sorbaldan paratu zion doluminezko esku haren pisu guztia.

        Goragaleari ezin eutsiz komunera abiatu zen izkina oro joz. Pazientziaz egin zuen oka, ahotik ateratzen zitzaionari erreparatuz.

        Armairuan aritu zen tarte batez zerbaiten bila. «Ez zegok, mekaguenlaputa». Gero besondoarekin ezpainak lehortuz telefonora abiatu zen. Goizeko hirurak irakurri zuen sukaldeko erlojuan. Aurikularra jaso eta Ferminen mezua entzun zuen. «Lortu ditiat billeteak. Etzi arratsaldeko bostetan. Hileta seietan duk. Badiagu nahikoa denbora. Lauretan geldituko gaituk Loiuko aireportuan. Ni nire kabuz joanen nauk Donostiatik. Ez ahaztu karnetak. Gau horretarako hotela ere hartu diat».

        Bazter hilik. Hankak dar-dar egin zioten eta zotin antzeko batek inarrosi zion bularra. Eskuetan bildu zuen aurpegia eta sofan eseri zen ez erotzearren. Bazter hilik.

        Altxatu eta telefonoa markatu zuen.

        «Jexus Mari?».

        «...»

        «Bai, bazekiat oso berandu dela. Hi, lortu ditik billeteak. Etzi lauretan Bilboko aireportuan. Badaukak ikurrinik?, nirea ez diat aurkitzen».

        «...»

        «Baduan ikurrinik?».

        «...»

        «Ez nagok jota, ez».