Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Fermin

 

Marckek galdera egin ondoren, eszena hormaturik bezala gelditu zitzaion Fermini, koadro batean bezala. Sydney lehen planoan, ile gorriak eta aldaka zabalak; atzean mahai batzuk eta aulkiak, eta atzerago komunetako sarrera, argiturik; apalategia, potoak eta barnerago gizonen komunaren atea, zuraje ilunekoa, itxirik. Sydneyk bi pauso eman eta Marckek bizkarra ukitzean, denbora mugitu egin zen eta errealitateak berezko abiadura hartu. Klisk entzun zuten eta komunetara itzuli zituzten buruak, orain Sydneyk ere bai. Jexus Marik ate bokaletik so egin zien, lehendabizi galdetzaile, eta azalpen baten eske uste izan zituenean erronkari iruditu zitzaion Fermini. Argi gelditu zitzaion Fermini, zertan aritu zen Sydney komunean: euskal labela dastatzen.

        «The label» bota zuen Marckek, Jexus Mari seinalatuz.

        «Euskal labela» trufatu zen Harakin, gertatutakoa ulerturik.

        «Non ikasi dituzu lehen euskaraz esan dituzun hitz horiek?» esan zion Ferminek Marcki, «Carlosek erakutsi zizkizun? Euskara ikasteko metodo baten lehen ikasgaia baldin badira, ez daude gaizki».

        «Carlosen potoan irakurri dut».

        Harridura adierazi zioten denek. Potoa seinalatu zuen Marckek. Harakinek, hartan ere buru egin behar pentsatu zuen Ferminek, komun sarreretako apalategirantz egin zuen; potoetako bat hartu, goitik behera begiratu, Marcki ezer ez zeukalako keinua egin, utzi eta bestea hartu zuen. Ipurdia begiraturik ekin zion irakurtzeari.

        Jiratu ahala, Ferminek Jexus Mari entzun zuen ezkerretik: «Neronek paratu zioat».

        Begirada bilatu zion Jexus Mariri, gertatzen ari zenaz azalpenen baten bila. Baina Jexus Marik ihes egin zion.

        Fifaka hurbiltzen ikusi zuen Harakin: «Hi jota hago. Zergatik jarri diok hori!».

        «Ergelkeria bat duk. Poltsikoan nian pegatina. Barregarria iruditu zaidak. Bazterri igual gustatuko zitzaioan».

        Ferminek desiratu zuen —Lekunberri putarekiko horrenbeste morrontzaren ondoren oraindik ere desiratu, salatuko ziokeen Aliziak—, Harakinek argituko ziola pegatinan zer paratzen zuen, baina alferrik itxaron zuen luzeegi egin zitzaion isiltasunean.

        «Esanen duzue behingoan zer jartzen duen pegatina puta horretan!».

        «Bertako haragia. Euskal labela».

        Fermin hutsean gelditu zen une batez. Marcken silueta lausoa Sydneyri loturik, haren erreakzioari adi. Aliziaren nagusikeria irribarrean, gogotsu bilatu zuen Marcken aurpegian gertatutakoari buruzko iritziren bat; «Zure erreakzioarendako eredua» arbuiatuko zion Aliziak; baina Marcken aurpegiak atezuan egotea baino ez zion eskaini.

        «Bertako haragia. Euskal labela» errepikatu zuen denbora bila. «Ez zegok gaizki. Barregarria duk. Nola bururatu zaik?».

        Zenbait gaixorengan lasaitasun hitzek izaten zuten jabaltze berdintsua susmatu zuen hiru londrestarren artean, sorbalden laxatzea, arnasaren pausatzea, eta errainu bat begietan.

        «Barregarria. Zuek jota zaudete!», Harakinek.

        Sutzen zeneko tenkadura nabaritu uste izan zion Ferminek Harakini, eta, tenkaduragatik edo Aliziagatik, aurre egin zion: «Bai, txorakeria bat baino ez duk. Eta hari gustatuko zitzaioan».

        «Zer gustatu eta gustatu ondo! Hik zer dakik! Hori burla egitea duk Euskal Herriari eta Bazterri!».

        Harakinek di-da egin zuen potoetara. Pegatina kendu zion.

        «Hik paratu diok ba ikurrina!».

        «Nola konpara ditzakek ikurrina eta pegatina...» aditzondoaren bila sumatu zuen Ferminek Harakin, «pegatina puta hori. Bazterri irain egin diok. Ikurrina paratzea Euskal Herrikoa zela aldarrikatzea izan duk. Gudari bat». Eta gero Marcki esan zion: «Gure herri inguruan bada mendi eder bat, Beriain izenekoa; Bazterri asko gustatzen zitzaion hara igotzea, eta han haizatuko ditugu errautsak. Omenaldi txiki bat antolatuko diogu Lekunberrin; herri guztia joanen da, ikusiko duzue».

        Kamara geldoan egin zuen Ferminen buruak Harakinengana, harri eta zur. «Baina...» hasi bazen ere Fermin, berehala isildu zen Harakinen desafio soaren zemaipean.

        «Oso mendi ederra da. Han hegan eginen dute errautsek. Jende asko igoko da, ikusiko duzue» mintzatu zitzaien denei, ideia ona zela konbentzitu nahian. «Seguru asko mintzatuko zitzaizun Beriainez, ezta?».

        Marckek baiezko epel bat egin zuen buruaz. Zerbezari zurrupa egin zion.

        Aliziaren aholkuari jarraiki, «Haien arteko liskarra da, ez sartu, hainbeste Euskal Herria eta hainbeste txerrikeria», atzera egin zuen Ferminek Jexus Marirengana jiraturik, heldu ez zitzaion adostasunen baten bila-edo.

        «Ze esan nahi du gudari?» galdetu zuen Ikek, hari ez zegokion dzangada bakar batez pinta bukatu ondoren.

        «ETAkoak izan ginen».

        «Nortzuk, zuek? Carlos ere bai?».

        Hantxe bertan txikitzeko gogoak bor-bor egin zion Fermini.

        «ETAkoak!» garrasi egin zuen Ikek, espantuka altxatu eta Marck besarkatzen zuela. «Terrorista batekin bizi izan gara. Ze morboa!».

        «Ike, une batez bada ere, utziko diozu beste bat izateari?» aurpegiratu zion Marckek.

        «Beste bat? Ni beti naiz ni».

        «Foucault gehiegi gauza onerako». Begirada pubean zehar hedatu zuen Marckek, aurrean zeukanari ihesi egin nahian.

        «Foucault!?» jarraitu zuen, histrionismoa alde batera utzirik iruditu zitzaion Fermini. «Aizu!, akordatzen ez bazara ere, nik ere amorantea galdu dut. Eta horrek ez dit eskubiderik ematen, amestutakoa amestutakoagatik, errudun sentitzeari uzteko, zu ez bezala. Marck, 80etan beste bizimodu batekin amestu genuen, eta ni behintzat, orain arte, eta Carlos ere bai, gure Carlos, zure Carlos, nire Carlos, aurrera eramaten saiatu naiz. Eta uste izan dut, halaxe esaten zidan Carlosek, zu ere horretan ari zinela, nahiz eta orain ohartu beharbada gogoz kontra aritu zarela. Zuk ere amestu zenituen bikote modu berriak, sexu modu berriak, bizimodu berriak, gayak bai gayak, saiatzeko nahia. Galdetu Seani edo Sydneyri. Ez dute bizi nahi heterosexual arruntak bizi diren moduan. Ez dute bikote bakarra nahi, ez dute familia arrunt bat egin nahi. Gu gara familia. Foucault gehiegi, esatea ere!».

        Marckek komunera alde egin zuen ezer esateko ezgauza nonbait.

        Isiltasuna ezarri zitzaien. Seanek barraren atzean pinta gehiago ateratzeari ekin zion. Sydneyk Jexus Mariren eskua bilatu zuen. Aurkitu egin zuela ohartu zen Fermin. Harakinek hainbatgarren basoari heldu zion.

        «Gainera, hauena baino iraultza ederragoa izan zen gurea» murduskatu zuen Ikek, Harakin seinalatuz.

        Fermin Harakinen erasoaren zain gelditu zen, baina erantzunik ez zetorrela ikustean, ez ziola aditu erabaki zuen.

        «Eta orain emanaldi txiki bat eginen dizuet. Sean, The Crazy Pennis-en I got a problem».

        Aldakak mugituz oholtzara hurbiltzen ari zela, Marck atera zen komunetik.

        «Ike, orain ez mesedez!».

        Ikek zalantza egin zuela ikusi zuen Ferminek, baina gero ameto emanik mahaira hurbildu zen.

        Ferminek balantzak nabaritu zituen pinten ugaria zela-eta. Pintxo bati heldu zion.

        «Orduan ETAkoak!» tentatu zuen Ikek.

        Bera behintzat ez zihoan erronka hartzera. Ez zen beharturik sentitzen.

        «Eta omenaldia eginen diozue zuen mendi horretan!».

        Mozkorraren uholdeak Aliziaren balazta gainditurik, kizki-kazka sartu zen Fermin, nahiz eta jakin Ike aho bila ari zitzaiela.

        «Eginen dio. Harakinek hala erabaki badu. Ni ez nago konforme, ez berarekin ez berdin pentsatzen dutenekin. Lekunberrin Bazterrek ez zuen homosexual bezala bizitzerik izanen. Jipoitu eginen zuten, edo auskalo!».

        «Ai, homosexualak jipoitzen dituzten leku bat. Ze morboa!» trufatu zen Ike.

        «Jabetu hadi: kidekoa ez den inork ez zeukak lekurik. Ezaguna ez denak ez zeukak lekurik, ahaidea ez denak ez zeukak lekurik: ideologia bertsukoa ez denak, zer esanik ez. Jende desberdinik ez, eta lerrotik ateratzen denari ergelaren edo eroaren edo bereziaren rola! Infernu bat Bazterrendako».

        «Ez egin kasurik, ez da horrela. Gezurra zirudik Lekunberrin jaio eta bizitakoa haizela. Zital ari haiz Lekunberriz iritzi hori baldin baduk; ederki asko dakik gauzak ez direla horrela. Ez diat esanen itxia ez denik, eta are gehiago, esanen nikek itxia zela. Gauzak asko aldatu dituk. Baina hik herra daukak, eta irudi osoa nahasten dik horrek: Herrak... eta azken honetan darabiltzaan lagunek».

        «Hi baino hobeak, lagun horiek».

        «Hala izanen dituk, sustraiak ahaztera eraman baldin bahaute».

        Harakin zalantzan ari zela iruditu zitzaion Fermini.

        «Gesto por la Pazeko horiek!» jarraitu zuen azkenean, mespretxu ukitua ahotsean.

        «Hara! Hori duk orduan! Gauza bat esanen diat: ni ez nauk Gestokoa, baina martxa honetan listo eginen nauk. Ez duzue ikusten zer egiten ari zareten gure ametsekin? Jendea hiltzen ari zarete, Euskal Herria hondamendira eramaten ari zarete. Zuek euskaldunon ametsak traizionatu dituzue, hik ikurrina paratzean Bazter traizionatu duan bezala».

        «Guk ez diagu ezer traizionatu. Betiko ametsa gauzatzeko ari gaituk borrokan. Hik traizionatu duk hire ametsa, hirea eta denona zen ametsa, baina hirea ere bazena. Hori hik traizionatu duk, eta ez hori bakarrik, kartzelan dauden presoak ere hik traizionatu dituk. Ez dik errurik sortzen haiek atzean utzi eta orain bestela pentsatzeak?».

        «Ez dik hiri errurik sortzen hire izenean jendea erailtzeak? Niri errua sortzen zidatek presoek, honekin guztiarekin bukatu nahi duten neurrian, bai. Baina erailtzen duten jendea, zer? Euskal Herriaren jabe egin zarete. Zuena dela uste duzue».

        «Ezker Abertzalerik ez balego, beharbada ez huke Euskal Herririk izanen. Gutxienez borroka dagoen bitartean izan bagaituk. Hik egin duan ibilbidea eginda ez zegok arazorik, baina kito Euskal Herria!».

        «Ze matraka... the basque country, the basque country» entzun zion Ikek Fermini, Aliziaren ahotsaz ia. «Dena izorratzen ari zarete, Harakin. Denona zen herri bat zuena bihurtzen. Heriotzaren aurrean jendea isiltasunera kondenatu duzue, erdizka mintzatzera. Genituen ametsak zuen mesedetan, hire mesedetan erabili dituk, besteen aurrean hire burua ederresteko. Beti egin duk, beti egin duzue hori, Harakin; beti, ezagutzen haudanetik. Hi edertzeko besteak erdeinatu. Eta orain ere horretan ari haiz».

        Harakin garaiturik agertzeak indarberritu zuen Fermin, gupida gabeko erasoari ekiteko. «Putakumea».

        «Bai, Harakin, bai» jarraitu zuen Ferminek, lasaiago: «Hik beti izan duk hire burua munduaren zilborretarako; eta jende guztia hala dabilela iruditzen zaik, jende guztia hi bezain jatorra dela, jende guztia hi bezain abertzalea dela, jende guztiak hik pentsatzen duana pentsatzen duela. Eta ezetz, kopon, ezetz».

        Garrasika aritu izanak areago ezarri zuen ondokoen isiltasuna. Aliziak bere horretan uzteko esanen zion, baina bazekien ezin izanen ziola isiltasunari aurre egin; eta aurrera egin zuen amildegian behera bezala gurutzatu zitzaion alkoholaren artetik. «Beti izan haiz mundua hire neurrira egina dagoela uste duten horietakoa, putakume bat alegia; beti behar izan dituk mendekoak herori izateko, ez bada politikan, etxean edo tabernan, beti morroi baten beharrean. Bazterrek alde egin zian hi bezalako jendearekin ezin zuelakoz bizi. Enteratu hadi, jode! Hik bestela uste baldin baduk ere, mundua ja ez zegok hire neurrira eginik. Begira ezak bestela hire etxean ger...».

        Fermin isildu egin zen bat-batean.

        «Hik zerbait oker daukak buruan» murduskatu zuen Harakinek.

        Zigarroa ateratzen ikusi zuen, Jexus Mariren zapata lustratuei begira. Ferminek pentsatu zuen, Harakinek esanen liokeela Donostiara joatean uko egin ziela printzipioei; esanen liokeela Geston ez dela ari zerbaiten alde, zerbaiten kontra baizik, jatorriaren kontra, auskalo zergatik daukan konplexuren bat gainditzeagatik. Hi jota hago, besterik ez zuen aditu Ferminek. Sumina zizaka.

        Leihotik kirika egin zuen sesioari ihesi. Argitzen ari zuela agertu zitzaion zerbezaren lainoen artetik. Dena dela, lasai zituen barrunbeak, aspaldi esperatutakoaren erauntsi ondoko barealdian bezala. Lastima, Lekunberri eta abertzalekeriak jada inporta ez zitzaizkionean gertatu izana. Aliziaren ahots leuna irudikatu zuen, zirika: «Nola ez zaizula inporta, maitea». Harakini aurpegiratu zizkion azken hitzengatik kontzientziaren kargu hartzeari izorra dadila batekin erantzun, eta eszena urrun baten modura irudikatu zuen Harakin, pubaren erdian, potoa ezker besoan, Estik atonduko zion maleta koadroduna bestean; eta Jexus Mari poltsa granateari eta Sydneyri loturik; eta Marck beste potoarekin; eta Ike soineko morearekin, komuneko sarreran ileak lisatzen.

 

 

Xor jarraitu zion Harakinen txamarra urdinari atarirantz. Parkera zihoazen errautsak haizatzera, Marck buru zutela. Errautsen potoa besoz aldatu zuen Harakinek. Eguzki printza batzuk berdetasuna zeharkatu eta Ikeren soineko morean anabasitu ziren. Indi gaztainei erreparatu zien: erraldoi, jori, oparo, lurrean barreiaturiko fruituak, alferrikaldutako bizitza arrastoak. Harlauza zaharrak bereizi zituen arbolen artean: gris, goroldioz gainezka, letra erdi ezabatuak euri arrastoz zikindurik. Hilerria duk, parke hau hilerria duk. Segizioak eguzki printza haiek zeharkatu eta berdetasunarekin bat eginik harlauzen gainetik hegaka beste mundu baterantz desagertuko zela otu zitzaion istant batez. Harakinen besoetako poto urdinaren gainean errainu egin zuen eguzkiak, segizio osoa azulkaraz zipriztinduz.

        Gaztainondo baten atzetik kukuka, gizon bat sortu zen. Zerbaiten esperoan zirudien. Soilgune batera ailegatu zirenean, tenplu greko baten antzeko eraikin txiki zuria agertu zitzaion begi-bistan. Gizon gehiago ageri zen, paseoan bakarka edo arbolen kontra bermaturik, segizioarenganako jakin-minik gabe, iruditu zitzaion Fermini, arreta beste zerbaitetan bailuten. Arraroa egin zitzaion egunsentian figura haien bakarka ibiltze hark eragiten zuen giro ezkutu eta ia klandestinoa, segizioak garraiatzen zuen isiltasunak areagotua. Soilguneko lehen lerroko zuhaitzez harantz, gizon haietako bat, galtza bakeroak eta zamarra gorria, besteek ez bezala arreta emanik, haien bidea egiten ari zela iruditu zitzaion. Ferminek, begiak zorroztuz, eskua paratu zuen bisera moduan, gizonaren aurpegia bereizteko ahaleginetan. Kukuka ari zen harlauza eta zuhaitzen artean.

        Tenplu greziarreraino ailegatu ziren. Antzinako harlauza haien guztien artean lurrak arnas egiten zuela iruditu zitzaion, hildako guztiengatik, andeatutako sufrimendu guztiarengatik, hondatutako bizitzarengatik.

        Borobil bat egin zuten.

        Marckek, batere hitzik esan gabe, potea hartu eta borobilaren erdian kokaturik gora bota zituen errautsak. Haize pirpira bat izan balitz hegan eginen zuen Bazterrek, eta beharbada gaztainondoen hostoetan pausatu, edo Londresen barna bidaiatu hauts fits bilakaturik; baina ez, ez zebilen haizerik, eta Marckek botatako toki berean erori ziren errautsak, haizatu barik belar berdean arrasto zuri-griskara bat utziz.

        Marckek, asaldaturik, atzerako jauzi txiki bat egin zuen, garrasi ito batekin batera. Txamarra gorridun gizona agertu zitzaion, soilgunea bukatzen zen arbola batean kukuka. Betazalak keinatu zituen urrutirago so egin nahian. Ez zekien zergatik, baina komisarian esposaturik zeukatela agertu zen polizia, kokotsean orbain gorrikara bat zuena, etorri zitzaion burura Fermini. Gizona gaztainondoaren atzeko aldean ezkutatu zen, Ferminen segimendu begiluzeari ihesi. Marck alde batean, erdian gaztainondoa, eta beste aldean gizonak utzitako gabezia, horiek baino ez zitzaizkion gelditu irudian osaturik.

        Desagertutako gizonak aire ezaguna zuela pentsatu zuen.

        Beste gizon bat sartu zitzaion ikus-eremuan, ezkerretik eskuinera. Lasai zihoan, txamarra gorridunari jarraiki. Hura ere ezaguna egin zitzaion Fermini. Larru beltzak distira egin zuen goizaldearen oparotasunean. Sean zen sasi batzuen atzetik desagertzen. Sean, hara zer festa!

        Zerbaiti eusteko beharrak eskuak poltsikora sarrarazi zizkion zigarro bila.

        Panfletoa ukitu zuen: «Tanatopraxist on streak».

        Gestokoek pegatina bat egiteko proposatuko zioten Aliziari: Bertako haragia - Euskal Labela - Tanatopraxist on streak.

        Edo Ezker Abertzaleari.