Jexus Mari
Jexus Marik Fermin taxiraino hurbiltzen ikusi zuen Londresko Heathrow aireportuan, helbidea apuntaturik zeraman papera erakutsi zion taxi gidariari. Baiezkoa egin zuen. Institutuan moldatzeko adina ingeles ikasi bazuen ere, bera behintzat ez zihoan gehiegizko ahaleginik egitera ingelesekin ulertzeko. Ez, ingelesekin ez, gehitu zion garunak gogoari, Harakin ergel horrekin. Ondoan ekarri zuen Bilbotik Londreserako bidaian, isildu gabe, Bazterrekikoak gora eta behera, besteak Bazterren adiskideak ez balira bezala. Eta igual izan ere ez dira, Loiuko aireportuan Harakinek komunera alde egin zuenean Ferminek esan zion moduan.
Ez zekien zergatik zegoen han eta damutzen ari zitzaion, ez Bazterrengatik, ez, Harakinekin bi egun batera pasatu beharragatik baizik. Egonarria eskatu zion bere buruari, Harakinen eta Ferminen artean taxiaren atzeko asentuan eseri zenean.
Susma zezakeen hiriaren bizia adreilu gorriko hormen atzean arnasa hartzen, Urbasa-Andiako erresuma txikia bailitzan, basurde ikaratua, haizea biriketan barneratzen eta ateratzen, barneratzen eta ateratzen.
Iluntzen hasia zen. Karrikak zainak ziruditen trafikoa bideratzen; jende gutxi ageri zen kalean, batzuk-batzuk lepoak jasota etxerako bidean, beste batzuk eskaparateei so errezoan baleude bezala. Emakume beltz bat zerbaiten bila ari zen espaloi ertzean, kumeak galdu zituen zerrama; Harakinek hitz eta pitz jarraitzen zuen ezin aterturik autoek eskaintzen zioten arintasuna pisutuz; Jexus Marik ezkerretara begiratu eta Ferminen silueta leuna ikusi zuen kristalaren kontra leihotik begira Harakinen hitzetatik ihesi. Gero eskubitara eta Harakinen itzala agertu zitzaion, osin iluna hitz alferrez dena estaltzen.
Garai haietaz ari zen, Harakin, Ferminek eta biek ez balekite bezala, garai haietan festak non hara abiatzen ziren. Batean, bada, Harakin eta biak Usurbilgo jaietara abiatu omen ziren; hara ailegaturik, afal garaia zenez, ohartu ziren ez zebilela inor kalean eta sagardotegi batean sartzea erabaki zuten, Harakin, inoiz ere egona ez zelako; afaldurik zeudenez, postrea bakarrik eskatzea pentsatu zuten: gazta, menbriloa eta intxaurrak; berotu ziren eta txuleta eskatu zuten gero, eta afaltzen ari zirela oharturik, afaria bukatzea pentsatu omen zuten bakailao tortillarekin. Ijili-ajala ari ziren, eta halako batean Bazterrek pagatu gabe alde egitea proposatu zuen; «Ni berehala egon ninduan ados» jarraitu zuen Harakinek.
Adreilu gorriko etxe-baso biziari arnasestua eragin zion Harakinen matrakak. Bera han zegoen, Usurbilen, Harakinek esandako behin hartan, hirurak ziren eta ez Bazter eta Harakin, Harakinek esan bezala, eta berari, Jexus Mariri, bururatu zitzaion sagardotegitik alde egitea, ez zekien zergatik, libertigarria iruditu zitzaion, besterik gabe, proposatu eta Bazterrek berehala eman zuen baiezkoa; Harakin, Harakin izan zen ezezkoan tematu zena, harik eta Bazterrek, batzuetan izaten zuen erradikaltasunarekin alde egiten ez bazuen hark pagatu beharko zuela afaria adierazi zion arte. Harakin izan zen autoa martxan jarri eta besteak sagardotegitik noiz irtengo zain egon zena. Izerdi tanta bat nabaritu zuen besapetik behera alkandorarainoko bidea egiten. Amorrua hedatu zitzaion bularrean zaldi baten lauhazka bezala, «Honek beti heroi izan behar dik» pentsatu zuen, eta gero gogoeta hori Ferminena litzatekeela bururaturik lotsatu egin zen; Harakinen antzik izan nahi ez bazuen are gutxiago nahi zuen Ferminenik.
«Ergel bat baino ez duk, ergel hutsa».
Egon zen Harakinen matraka unagarriari kontra egitekotan, baina zertarako, erabaki zuen. Auto barneko iluntasun goxoa deserosoa egin zitzaion. «Zertarakoka bota duk bizitza eta igual garaia duk zertarakoak erantzuten hasi eta Harakin ergel horri aurre egiten hasteko», xuxurlatu zion bere baitako ahots ttattarrak.
Zer esanen luke Mirenek? Eta Mariak zer esanen luke amorruak eragin zion gogoeta hari buruz? Arnasa hartu zuen sakon taxiko aire epelegia biriketara barneratuz. Hiriaren gautzeak basotasuna nola hartzen zuen behatzeari ekin zion atzera berriz; zuhaitz eta ilunpeez egindako tunela ziruditen kale gero eta zabalagoek. Auzune erresidentziala. Semaforoan makurturik ikusi zuen emakumeak abandonu urragarria berritu zion eta beste hiri bateraino, beste gautze bateraino eraman zuen. Autoa hartzera zihoan Iruñetik etxerantz Nafarroako Gobernuko Ingurune Sailak, garai hartan maiztxoegi, antolaturiko bilera batetik bueltan Miren Harakinekin ikusi zuenean. Ezaguna zuen kafetegia, musika lasaiak, jendearen zurrumurru sorrak, argi iragaziek aitortza sakonetara bultzatzen duen Ensancheko kafetegia zen. Beiraduraren ondoan zeuden zigarro bana eskuetan paseanteen begiratuetara adiskide hutsen arteko baino ez zitezkeen keinuetan murgildurik, baina berehala ohartu zen adiskidantza baino zerbait gehiago zegoela buruen elkar hurbiltze hartan. Ez, ez ziren kalean topo egin eta kafe hartzera sartu ziren bi ezagun. Hiria basotasuna galdurik desertu bilakatu zitzaion.
Eutsi egin zion, hala ere, barrunbeek eskatzen zioten bere buruarekiko errukia sentitzeari, aitzitik, gorrotoaren suaren laguntzaz Harakin hartu zuen begitan. Zelatan hasi zitzaion, Harakin kabroia, dena zuen Harakin: Zer egiten zuen Harakinek Mirenekin? Zergatik Miren? Esti eta Harakinekin Bazterren ostatuan elkartzen zen aldi bakanetan arreta zehatzez erreparatzen zion Estirekiko harremanari, lanari buruzko galderak egiten zizkion, konfirmaziotarako hartu zuen Harakinek lan kontuak omen zirela eta hainbat gau etxetik kanpo egin zituela esan zionean. Miren ez zuen gehiegitan ikusten, noizbehinka Altsasun erosketaren bat egitera joaten zenean, eta orduan gaztetxo bat bezala portatzen zen haren aurrean. Mirenen maitasunaren itzal sai erraldoia. Eta gero Mariarekiko maittaxuna zegoen, kattakume bat bezala, mixmixean.
«Hartuko huen Sarriren poema hura!» bota zion zorrotz Harakinek Fermini.
Ferminek taxitik kanpora jarraitzen zuen adreilu gorrizko etxeen paisaian murgildurik.
Harakinek galdera errepikatu zion mehatxagarri: «Hartuko huen Sarriren poema Bazterren hiletan leitzeko!».
Paisaiatik aldendu zituen begiak Ferminek ez galdera ez tonua gustatzen ez zaionaren bisaiaz.
«This is the place» esan zuen halako batean taxi gidariak atzera bueltaturik.
Hirurak begiratu zuten kanpora: adreilu gorrizko etxe sailak, denak berdinak, tanatorioa izan zitekeen eraikinaren arrastorik ere ez, kalea hutsik eta iluntasunaren harlauza abailtzen.
«Where is the Crematorium?» galdetu zuen Ferminek.
Taxi gidariak kanpora aldera begiratu zuen, gero haiengana.
«Crematorium? This is Honey Road number 21».
«Honey Road...?» galdetu zuen harri eta zur Ferminek.
Animalia lokartua zirudien motorraren durdura entzun zen kale hutsean, taxi-gidariak paperetik bisaietara, bisaietatik paperetara egiten zuen bitartean.
«Tanatorio baten bila ari gara, Hackney kaleko tanatorioaren bila» esan zion Ferminek helbidearen papera eskutik kenduz. «Hackney Road» seinalatu zion Ferminek ia garrasika.
Taxi gidariak OK esan eta taxia abiarazi zuen. Harakinek erlojua seinalatu zion eta berandu gabiltzak esan zuen, haserrea ito nahiak eragin tonu ezaxolegiaz.
Fermin taxi gidariarekin mintzatzen saiatu zen, baina berriz ere OK oihukatu eta bidaiarien eta haren arteko kristala itxi zuen muturra okertuz. OK! Ferminek bi adiskideen elkartasun begirada bilatzen zuela ohatu zen, Jexus Marik kanpoan herrarazi zuen soa, Harakinenak elkartasuna beharrean ogena egotzi zion: «Oraingoan ere egin duk; berandu gabiltzak».
Atzera ere Fermin babes eske ari zitzaiola nabaritu zuen Jexus Marik, baina ezin izan zion ezer eskaini, ez lagun zezakeen ezer, behintzat.
«Nik ongi eman zioat helbidea; galdu izanaren errua nirea izanen duk, beti bezala» erantzun zion Ferminek zital.
Biak isildu ziren kale ilunaren babespean. Hutsik zegoen. Taxi-gidariari erreparatu zion Jexus Marik: lasai zirudien, horrelakoetara, galtzera, aurkitzera, elkar ezin ulertzera, bizitzara, hitz batean erabaki zuen Jexus Marik, erabat ohiturik.
«Badirudi taxi-gidariak badakiela zer egiten ari den» xuxurlatu zuen. Baina hutsean erori zen esandakoa, Fermin eta Harakinek ez baitzioten utzi muturturik zeudeneko keinu nabarmenegiei.
Bost eta erdiak. Ez ziren garaiz ailegatuko. Ordu erdi baino ez zeukaten eta oraindik ez zekiten ez eta non zeuden ere.
«Mandakojones» oihukatu zuen Ferminek.
«Hi arduratu haiz ordu eta lekuekin, eta hemen gabiltzak Londres erdian galdurik».
Auto barnea handitu egin zen Fermin eta Harakinen amorruari leku emateko. Izkina batean zegoen bata, bestean, oso urruti, makina bat baso harantzago, pentsatu zuen Jexus Marik, bestea. Latza zetorrela susmatu zuen eta ez zen kezkatu, aldiz, Harakin eta haren harrokeria, Fermin eta haren ozpinkeriaren kontrako borroka ikuskizuna behatzera prestatu zen libertitu antxean. «Bai, hik agindu besterik ez duk egin. Egintzak hau, egintzak bestea. Dena besteren kontu, eta ongi ateraz geroz hiretako merituak».
«Hara, hasi duk bestea» zuzendu zitzaion Harakin laguntza eske. «Betikoarekin, oraingo gauzei erreparatu beharrean betiko kontuak ateratzen. Orain esanen zidak harroputz hutsa naizela eta ez zekiatnoizgertatutakozerbaitaipatukodik».
Jexus Marik bazekien Ferminek ez zuela gustuko Harakinek norbaitez mintzatzeko beste norbaiti zuzentzeko zuen ohitura, eta amorruaren olatua nabaritu zion auto barne osoa harrapatzen.
«Nitaz ari haizenean hitz egidak niri, kopon» ahoskatu zizkion hitz guztiak Ferminek hotz-hotz.
Ferminek taxi-gidariarengandik banatzen zituen kristala jo zuen. Oihuka mintzatu zitzaion garrasi egiteak ingeles gabeziak berdinduko balitu bezala; taxi-gidariak ero bati bezala begiratu zion, buruarekin baiezko keinuak eginez.
«Hackney, Hackney» errepikatzen zuen taxi-gidariak, Ferminek «We are in hurry»rekin erantzuten zion bitartean. Horrela egon ziren bost bat minutu, harik eta taxi-gidariak ezinegonezko keinu batez kristala kolpe lehor batez itxi zuen arte. Fermin errenditurik etzan zen asentuaren errespaldoaren kontra, iraganeko mamuak bisaian; Harakinen aurrean galtzaile ateratzeak lehertuko ziola pentsatu zuen Jexus Marik.
«Berandu ailegatuko gaituk» esan zuen Harakinek tonu neutroa erabiltzen saiatuz.
Jexus Marik auto barneko oihan gatazkatsua utzi eta ilunpeko kaleen desertu barera egin zuen begiradaz. Zertan okertuko zen Fermin? Honey Road irakurri zuen kalearen bukaeran, eskubi hartu zuten; Moorgate. Erlojuari begiratu zion, seiak hogei gutxi, seietan zen hileta, berandu ailegatuko ziren baina ez zuen ezer aitatu. Honey Road estua Moorgate bilakatua zitzaien. Denden argiek dirdira egiten zuten espaloietan, jendea ikusi zuen hara-honaka; gelditurik zeuden semaforoaren ondoan hiru mutiko elkar joka ari ziren, «txantxetan» pentsatu zuen, kristaletako lurrunak irudia ezabatzen zion bitartean. Txantxetan, zergatik txantxetan? Seguru aski bat edo bat sufritzen ariko zen besteak txantxetan ala seriotan egindakoagatik. Bizitza, nonahi ere, beti da berdin, sufrimenduaren laiotza pozaren erraietan.
«Berandu ailegatuko gaituk» errepikatu zuen berriz ere Harakinek.
Putakumea marmaratzen entzun zuen Fermin, Harakinek ez aditzeko moduan.
«Zer ordutan zuan hileta, Fermin, seietan, ezta?».
Fermin zipitzik erantzutera ere ez zihoala, «Seietan, bai» esan zuen Jexus Marik.
«Ez gaituk ailegatuko» Harakinek.
«Mekaguendios, ez gaituk ailegatuko eta zer? Hik egin duanarengatik balitz oraindik Euskal Herrian egongo gintuzkek putakume halakoa».
Senetik aterata zegoen. Garrasiak entzutean taxi-gidariak balazta egin eta atzera begiratu zuen. Kontua harekin ez zihoala ohartzean aurrera jarraitu zuen. Erantzunaren neurrigabeak unaturik utzi zuen Harakin, eta leihotik begira gelditu zen lehendabizikoz. Ferminek lotsaturik ematen zuen, begiak xor bere baitan bildurik.
Kingsland Road, Sunston Road, Regend`s row, Martello Street, Hackney London Field. Parke bat.
«Hackney» esan zuen taxi-gidariak, «no Honey; the crematorium is inside the park».
Fermini begira gelditu zitzaion taxi-gidaria, esana ulertuagatik ere autotik jaisteko haren baimena beharko balu bezala. Atzetik jaitsi zen Harakin oraindik muturturik. Seiak eta hogei ikusi zuen Mariak oparitu zion erlojuan. Berandu, beharbada hileta bukaturik eta guzti izanen zen.
Parkean bakoitza bere aldetik etorritako hiru ezezagun balira bezala barneratu baziren ere, berehala gelditu eta bilatu zuten elkarren laguntza tanatorioa, crematoriuma taxi-gidariak esan zuen bezala, non ote zitekeen elkarri keinu ia nabariezinez itaunka. Zuhaitzak baino ez ziren ageri, Indi gaztainak eta zumar batzuk.
Bidean abiatu ziren ilunpe eta zumardian barna. Erdi lantegi erdi bulego eraikin itxurako hark behar zuen.
«Eraikin ederra tanatorioa izateko».
«Horrek ezin dik tanatorioa izan» erantzun zion Harakinek. »Seguru leku egokira ekarri gaituela?» bota zuen hitzetik hortzera.
Adreilu gorriz eta beiraz egindako eraikina zen, teilatua laua eta zurajea aluminiozkoa. Mende hasierako lantegia zirudien.
«Honek ezin dik tanatorioa izan; ez gaitik leku egokira ekarri» bota zion Harakinek Jexus Mariri.
Ferminek ez zion kasurik batere egin eta eraikineko kristalezko atetik barneratu zen, atarian zegoen neska bati panfleto bat hartzen ziola.
Harakin buruari eraginez atzetik jarraitu zitzaion. Jexus Mari parkearen oparotasunari so gelditu zen atarian une batez. Haize kirri freskoak birikak garbitu zizkion. Bakarrik zegoen. Iluntzea entzuteak lasaitu egin zuen. Hurre nabaritu zen trafikoaren burrunba sorra. Bazter! Beti izan zen tipo berezia. Bereziegia Herriko bizimodurako.
Atezainaren argibideei jarraiki zortzigarren aretora ailegatu zen. Burdinazko ate herdoildua bultzaturik kristalezko horma zuen aretoan barneratu zen. Asentu lerroak, oholtza bat. Aho zabalik zeuden Fermin eta Harakin, loreak atontzen ari zen trabesti bati begira. Handiegia sudurra, handiegiak ezpainak, handiegiak sorbaldak, handiegiak oinak eta, batez ere, handiegiak lore sortatik sortara zebiltzan eskuak.
«Hello darlings».
«Hello, we are Bazter`s friends».
«Sorry, Carlos».
«Oi basque, basque» esan zuen takoi tzarren gainean kinkilin-kankalan gerturatzen zitzaiela.
Ti-ti-ti egin zion telefonoak sakelan. «Bai» esan zuen Jexus Marik. «A, Maria» esan zuen deiaren desegokia estali ezin zuen tonuan.