Fermin
Afaltzeko nahikoa beta hartu gabe, ostiralero bezala, gogo biziz abiatu zen Fermin Bazterretxera adiskideen bila; amari kontu batzuk aipatu, aita kanpoan zegoelakoz batere damurik gabean. Musera jokatzen ari ziren bazterreko mahaian Harakin eta Jexus Mari, Felipe eta Manolo. Bi adiskideek buruarekin halako keinu nabarigaitza egin zioten ongietorritarako; Manolo eta Felipek, aldiz, beste batzuetan ez bezala, ez zioten trufarik eskaini, partidan oso sarturik zeudelako seinale. Barra bukaeraraino joan zen beraien tokira, beti han izaten baitziren, barra bukatu eta atearen sarrera zegoen toki hartantxe.
Jexusa, Bazterren ama zegoen barraren bestaldean, jite errukarria taberna osoan hedatuz.
«Kafesne bat, kafe gutxi eta esne epelarekin, mesedez» eskatu zuen Ferminek Lekunberrin, adarra joko zioten beldurrez, inoiz erabiltzen ez zuen mesedez ahoskatzeko ahotsa jaitsiz.
Jexusak keinu ilauna egin zion aditu zuela adierazteko, eta harrikoaren gainean jarraitu zuen basoak garbitzen, suspirioa suspirioaren gainean.
«Eta Carlos?».
Jexusak sukaldeko sarrera estaltzen zuen errezela seinalatu zuen buru eragin arin batez. Afaltzen izanen da, pentsatu zuen Ferminek. Jexusa zuzendu eta trapuarekin eskuak garbituz kafeterara hurbildu zen aieneka.
Herriko zaharren bat aldean gertatzen zitzaionetan urduritu egiten zen, zer esan ez zekiela. Jiratu egin zen telebistak isilaldi hura beteko zuelakoan baina itzalirik zegoen. «Eguraldi maskala dugu» bota zion hitz magikoen gisa.
Kafesnea eskuan, kafe gutxi eta esne epelarekin, jiratu zen Jexusa. Kanpoaldera begiratu zuen. Euri itxura zekarren, baina ateri zegoen. Gero Fermini begiratu, harrikora itzuli eta basoak garbitzeari ekin zion.
Fermini kafesnean baitaratu zitzaion gogoa; adiskideez aparte ez zuen Harakinek, Jexus Marik, are Bazterrek berak zuten laxotasuna Herriko jende klase guztiekin aritzeko. Ez zekien nola mintzatu, herratu egiten zen kodigo bila, autoritaterik onartzen zien aldika, baina gero mespretxatu egiten zituen, Malakatekoa izatea zama zitzaion. «Lekua aurkitu ezinean ibiliko zinen» esanen zion Aliziak, «eta lekurik ez duena edozein ezdeuskeriagatik ateratzen da erroetatik».
Muslarien builak jalgiarazi zuten bere baitatik. Harakin errietaka ari zitzaion Jexus Mariri, handitan jo ez eta partida galtzen ari zirelakoz. «Jexus Mari» pentsatu zuen Ferminek, Psikologia ikasten ari zenetik ohitura, batzuen ustez matraka, bere iritziz lantzearen ondorioz sortutako tema, bihurtzen ari zitzaion nortasunak, alaiki, Bazterrek behin baino gehiagotan konfiantzan aitatu zion moduan, arakatu, aztertu, zehaztu eta definitze beharrari amore emanik, «Jexus Mari Harakinen errietatik betiko irribarre ergelez babesten ari duk».
«Mundua izendatzeko beharra zuela» argituko zion gerora Aliziak, «zure lekua aurkitzeko eta inposatzen zitzaizun botereari kontra botere bat ezartzeko saiakera izango zenuen, seguru aski».
Bazter atera zen ahoa mauka-mauka zuela. Jexusak burua jaso zuenean Bazterren sukaldera sartzeko agindu keinu iheskorra ikusiko zuela erabaki zuen Ferminek, Jexusa eskuak lehortu eta sukaldeko errezel higatutik harantz desagertu baitzen.
Bazterrek beste buru keinu ahul bat eskaini zion Fermini, eta musika jartzera arrimatu zen hifiraino. «Lekunberri Aranaz keinuen lurraldea» hots egin zion Aliziak, «hitzen izu-ikaraz keinuen erosotasunean egokituriko herria».
«Zer moduz», etorri zitzaion Hertzainak-en lehenbiziko notekin batera.
«Ongi» erantzun zuen Ferminek.
«Zer egin behar duk bihar goizean?».
«Zer ba?».
«Joango gaituk mendira?».
Bai erantzutekotan zegoela, aita ikusi zuen atetik barna sartzen. Berehala ohartu zen, onenera ere, ñabarturik zetorrela.
Gabon ozenegi esan eta balantxaka hurbildu zen barrara.
«Ardo bat» oihukatu zion Bazterri.
Ferminen aitari behatzeko zalantza une batean erori zen mus partida. Felipek buruari eragin zion arbuio moduan, eta Ferminek superioritate irribarrea iruditu zitzaiona ikusi zuen Harakinen ezpainetan.
«Zer, Fermin» mintzatu zitzaion Manolo zakar, «eguneroko ñabarduretan ibiliko haiz?».
Mahai osoak barre egin eta partidak aurrera jarraitu zuen. Fermin semeak, barraren bukaeran, lotsaturik aldika mahairantz begiratzen zuen, aldika barraren bestaldera Bazterren laguntzaren bila. Bazter, hala ere, harrikoaren gainean makurturik zegoen ontziak egiten.
Fermin aita, trufaz ohartu gabe, edo oharkabearena eginez, muslarien mahai ondora gerturatu zen ardoa eskuan eta irribarrea ezpainetan. «Nor ari da irabazten» esan zuen zizaka hitzak ezin ahoskatuz.
«Esanen bagenikek ere ez hintzateke konturatuko» bota zion Felipek.
Algara egin zuen mahai osoak.
Fermin semeak zigarroa piztu zuen masailetako gorridurak eta izerdi hotza ezkutatzeko ahaleginetan.
Fermin aitak, bufoiarena egitera ohiturik bazegoen ere, begiak kliskatu zituen gertatzen ari zena konprenitzea kostatuko balitzaio bezala.
Ez dik aurre egiteko ausardiarik ere, koldarra!, pentsatu zuen Fermin semeak.
«Zuek...» ahoskatu zuen zizaka.
Muslariek begiak kartetatik jaso eta Fermin aitarengana zuzendu zituzten ia desafioz.
«Zuek...». Txuak ihes egin zion ezpain artetik.
«Arranka ezazu, arranka ezazu».
Buruz buru neurtu zuten lau muslariek zutik zegoen gizona.
Luze eutsi zion Fermin aitak isilaldiari, ez erronkan sarturik zegoelakoz, mozkorrak denboraren zentzua nahasi ziolakoz baizik.
Luze iritzi zion Fermin semeak, arrapostuaren eraso gogoz.
«Hire aitonak gerra garaian» seinalatu zuen Fermin aitak Harakin, «jende asko...».
«Hordago» Harakinek.
Denak ijili-ajalaka lehertu ziren.
Mus partidan barneratu ziren berriro, Fermin aitaren han egoteari kasu egin gabean. Tabernaren bakardade eta handitasunean galdutako mozkor deslai baten gisa ageri zitzaion Fermin semeari aita, bufoi rolaz gabetua. Kanpoan oilo, etxean otso.
Fermin aitak, semeari ez ikusia eginez, dzangada batean ardoa edan eta balantxarik barik alde egin zuen.
Gertatutakoaren ondoren mozkorra pasatuko zitzaion... ko... ko... koldar horri, pentsatu zuen Fermin semeak, bere artean azkeneko hitza ahoskatzeko zituen hesi moral eta maitasunezkoak hautsiz. Koldarra, koldarra, koldarra.
«Bihar bederatzietan, orduan». Bazterrek burua harrikotik altxatu eta baiezkoa egin zion.
Fermin iheslari bat bezala atera zen tabernatik. Harakin putakumea, Jexus Mari putakumea, Felipe putakumea, Manolo putakumea.
Lotsa eta amorrua ezkutatu zituen gauaren babespean.
Lizarragako tuneletik eskubitara hartu zuten laino itxiaren artean. Isilik zihoazen Bazter eta Fermin, bakoitzak esan nahi zuena esateko estrategiak bilatzen.
Fermini zaila egiten zitzaion aurreko gauean gertatutakoa aipatzea ere; gau osoa eman zuen aitarekiko sentitzen zuena aztertzen, baina ikasten ari zen psikologiak gutxi balio zion orduan. Harakinekiko gorrotoa, aldiz, argi zeukan eta hortik lehertu zitzaion Bazterri: «Harakin putakume bat duk!» Nahiz eta Bazter gehiegizko intimitatearen lotsaz isiltasun deseroso batera behartu zuela ohartu Fermin, berean jarraitu zuen. «Jexus Mari ere bai».
Ferminek azalpen luzeago bat emateko gelditzera egin zuen. Bazterrek gelditzeko asmo zirkinik ere egin ez zuela ikusirik, aurrera egin zuen eskuekin imintzioka.
«Jexus Mari ere putakume bat dela esan nahi diat».
Isilunea egin zen. Laino zerratuan zehar zihoazen. Askotan ibiliriko bidea bitan banatzen zen: hegoaldera erromatar galtzadan barna zihoan, Zunbeltzeraino lehendabizi eta gero Irantzuko Monasterioraino, Dulantzi mendian barna; mendebaldekoak, basoan barneratuz, Urbasarantz egiten zuen, San Adriango ermita eskubitan utzirik.
Mendebalderantz jo zuten.
Ferminek gerora Aliziarekin egindako hausnarketen bidez jakindakoa jakin izan balu, esanen zion aita horrela tratatu izana zaharrekiko errespetu gutxia adierazteaz gain, Herrian tradizioak, tradizio izateagatik, egia, urteetan garraiatutako estereotipo, morrontza, ezin ikusi haiekin guztiekin bat bazetorren ere, ez zegoela ongi; Ezker Abertzaleak sortu nahi zuen gizarte berri hartan ez zeukatela lekurik horrelako portaerek; baina orduan Ferminengan hausnarketari amorrua gailentzen zitzaion, eta amorruarekin lotsa, aita horrela iraindua ikusteagatik, lotsa, aita herriko bufoia izateagatik, lotsa, zen aitaren semea izateagatik.
«ETAkoa izan nahi duk?» entzun zuen Bazterren ahotik.
«Zer?».
«Ederki aditu duk esandakoa! Ez diat errepikatuko».
Ferminek ingurura begiratu zuen. Isilik zegoen dena. Irrealak ziruditen zuhaitz enborrek laino artean.
«Uste diat» egin zuen zalantza Bazter atezuan zen bitartean, «uste diat baietz».
«Zer esan nahi dik uste diat horrek?».
«Beno, bai» esan zuen amorruz.
«Heroi-jolasa, tartean hildakoak ez baleude» trufatuko zitzaion Alizia sumindurik.