Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Jexus Mari

 

«Hik egintzak zuloa basoan» agindu zion Harakinek Jexus Mariri, komandoko buruzagiaren plantak harturik.

        «Nahiz eta agindutakoari buruzko zalantza ugari izan» argituko ziokeen Jexus Marik Mireni noizbait ere aukera izan balu, «basoa oso zabala dun». Ez zion txintik ere atera; burua Bazterrengana jaso, gero Ferminengana, eta bere horretan utzi zuen, kristaletik harantzako arbolen berde izugarriari erreparatzen zion bitartean.

        Hirurak Harakinen agindu gehiagoren zain gelditu ziren, zerbezak ezpainetara eramateko mugimenduez estuasuna arindu nahian.

        «Nik burdinak estalita zauzkat, baina ez zeudek leku seguruan; hortaz, hik leku seguru batean zuloa egin ondoren hara eramanen ditiagu. Egun osoa basoan habil eta ez duk arazorik izanen. Izan dadila leku erosoa, aldi berean ezkutatua, eta handik ikusten bagaituzte zertan gabiltzan inork ez susmatzekoa. Entenditu duk?».

        Baiezkoa betazalak jaitsiz egin zion Jexus Marik.

        «Zuek, bitartean, zer ekintza egin dezakegun pentsatzen joan behar duzue. Non jo, informazioa bildu. Esate baterako, Altsasun kuarteletik kanpo bizi diren guardia zibilen zerrenda egin eta haien mugimenduak apuntatu; ondoren ikusiko diagu nora jo».

        Fermin amorraturik izanen duk dagoeneko, pentsatu zuen bere artean Jexus Marik Harakinen ustezko buruzagi manerei erreparaturik, Fermin baino gehiago bera izorratzen zutelako gogoeta egitera ailegatu gabean. Andiako zelaietan aztertzen zituen sailetako sai buruzagia zirudien, gorpuaren gaineko nagusitasuna inposatzen.

        «Ikastaroa egitera ere joan beharko diagu. Pentsa ezazue zuetako nor joanen den» esan zuen Harakinek, hura behintzat joanen zela argi utziz. «Nik pentsatu diat Jexus Mari eta biok joan gaitezkeela. Behin ikasitakoan, zuei ikastaro azkarra eman. Horrela egiten duk».

        Jexus Marik harriturik begiratu zion, uste izan baitzuen Bazterren izena entzunen zuela Harakinengandik, baina ez: Neroni aukeratu naik. Harrotasunaren narrasti beroa nabaritu zuen sabelaldea inurritzen, Andia aldean arratsalde bakartietan binokularrekin behatzen zituen miru gorrien antzean sentitu zen, baketsu, indartsu, Ergoienako bailara osoa menpera balu bezala. Eta arestiko Harakin eta egoerarekiko jarrera ironiko eta utzikeriazkoa faundu zitzaion, eta serioago-edo jarri zen hari zenera.

        «Komando bat osatuko diagu, ez duk broma gero!».

        Fermin eta Bazterri begiratu zien, garaitzaren eztia haien bisaien zaputz keinuetan hobe dastatzeko. Ez zioten ezer esan, hutsik ematen zuten, Harakinen aho txuloari begira.

        «Pixkanaka-pixkanaka hasi beharko diagu» esan zuen Harakinek, «hasieran ekintza txikiak egin, eta gero sar gaitezkek gauza handiagoak egitera».

        Baiezkoa egiten ikusi zituen Bazter eta Fermin. Bi txotxongilo dituk.

        «Bazekiat non eginen dudan...», 'dudan' aditza azpimarratu zuen, «...zuloa!» Miren beti eraman nahi izan zuen zoko batean eginen zuen, Lizarragako portuan bertan. Sai sail nagusiak habiak zeuzkaten tokiaren azpian.

        Hiru aurpegiak berarengana itzultzen ikusi zituen.

        «Ezkutaturik zegok?» galdetu zuen Harakinek.

        «Bai. Arazo bat zeukak: urtean behin jendez betetzen dela, baina bestela ezkutuan eta ailegatzeko erraza».

 

 

Igande arratsaldean Bazterretxean kafea hartzera agertu zenean, barrara ondoratu eta kafea eskatzerako bazekien Jexusak eta Bazterrek liskarra izan zutela; igande arratsaldea izanik, Bazter barraren atzean gelditu beharrean bazihoalakoz, seguru aski.

        Jexus Marik neguko arratsalde eguzkitsurantz begiratu zuen. Estirekin ari zen Harakin eguzki errainutan, Iruñera zihoala ezin azalduz; Estik ez zuen konprenituko Harakinek, zena zela, haiekin joan ezin zueneko aitzakia, eta muturtu eginen zitzaion, Harakinek burutik iraganen zitzaizkion arrazoi andana hartan funtsezkoa irudituko zitzaion bakarra ezin bilatuz, totelka egiten zuen bitartean. «Ez baditugu gauzak ongi egiten, Esti berehala hasiko duk zerbait sumatzen». Xuabetasunak alde batera utzi eta zakarkeriaz erabakitzen ikusi zuen Harakin Jexus Marik.

        Estik agurrik gabean alde egin zuen. Mirenek, Estik Harakin ez bezala, konprenitu eginen zuela pentsatu zuen; aitortu ere, aitortu eginen zion komando bat osatu zutela.

        Harakin aire suspirio batean sartu zen Bazterretxera.

        «Jexusa, hutsa!» oihukatu zion garrasiaren bidez barea etorriko zitzaiolakoan.

        Jexusak zeharka begiratu zion. «Hi, niri ez egin garrasirik. Normal hitz eginda ere aditzen diat» erantzun zion lehor, eta sukaldeko errezeletik barna galdu zen.

        Harakin hitza ahoan gelditu zen, Jexus Mariri azalpenak eskatuz. Jexus Marik sorbaldak jaso zituen eta zigarroari tiratu zion. Bazter jaitsi zen. Kanpora atera ziren elkarri ezer esan gabe. Fermin karrikan gora zetorren, eta Bazterretxera ailegatzera esperatu gabe autoan sartu, arrankatu eta bidean hartu zuten.

        «Hauek presak!»,

        Inork ez zion erantzun. Andia aldera jo zuen Jexus Marik. Beriain agertu zitzaien aztore lako hodei bakan batzuen artean. Larreak eta harantzago baso bisutsak malkor griskaren kontra: Andia, lerro iluna eta zeru urdin-zuria. Aurrean, abere lokartu baten antzera, errepide zilarreztatua zuzen-zuzen porturantz. Citroen Visa bat agertu zitzaion Jexus Mariri erretrobisorean. Urduri jarri zen. Tira gizona, auto bat dualako atzetik eta urduri, hori hire burua salatzea duk. Eta hala ere azeleratu eta atzean utzi zuen Citroen Visa gorria. Isilik bazihoazen ere, Jexus Mari Harakinen «Non egin duk zuloa?» galderaren espera zegoen. Dorraoko gurutzea iragana zuten. Negu atzeneko arratsalde hark udaberriaren etorrera aurresaten zuen. Basoak garbitzen hasi beharko zuen astelehenean. Udaberria zen basozaintzan lan gehien egiten zen urtaroa: basoak garbitu, zuhaitz gaixoak ahal zela sendatzen saiatu, udako turistendako bide seinale ezabatuak berriz ere margotu. Lantokia iruditu zitzaion arratsaldea, eta gabiraia eta eskinosoa harmonian behatu zitueneko arratsaldea etorri zitzaion gogora. Harritu egin zen gabiraiarendako harrapakin ederra baita eskinosoa, basoko hegaztirik ezkutuenetakoa; eta pentsatu zuen, Miren eta bera bezala zirela, bata bestearen harrapakin izan zitezkeen bi, harmonian ez bazen, bata bestearen ondoan. Dena dela, gutxi iraun zuen ikuskizunak, izan ere, gabiraiak zerurantz egin eta amil egin baitzuen eskinosoaren gainean. Ez zuen lortu, binokularrak gorabehera, gero zer gertatu zen ikustea. Harakinek zigarroa eskaini zion. Hartu egin zuen. Sua ematen zion bitartean egin zion zorioneko galdera:

        «Non egin duk?».

        Fermin eta Bazterren bisaia ikusi zuen galderaren erantzunaren gose.

        «Ikusiko duzue» esan zuen irabazlearen pozaz.

        Berriz ere Citroen Visa gorria erretrobisorean azaldu zitzaionean poza zapuztu zitzaion. Portuan zihoazen sigi-saga, eta ezin zion lehentxeago bezala azeleragailuari erruz sakatu eta autoa atzean utzi. Autoa pega-pega eginik jarri zen eta bere baitako errezeloa, arrazionalki ergela iruditzen bazitzaion ere, besteei aitortzea baino beste erremediorik ez zuen izan:

        «Herritik atera garenetik atzean diagu» esan zuen zertaz ari zen esan beharrik gabean.

        Hirurek atzera begiratu zuten.

        Citroena balazta eginez atzean gelditu zen.

        «Ez duk ezer. Normala duk gu urduri egotea eta edozein tokitan Polizia ikustea» lasaitu zuen Harakinek ibiliaren aholkuz.

        Kurba hartu zuenean erretrobisoretik desagertu zitzaion Citroena. Lasaiago nabaritu zituen barrunbeak Jexus Marik. Atzera begiratu eta Ferminen aurpegia ikusi zuen huts. Bazter atzera so zihoan, Citroena bereizi nahian.

        «Hasieran gertatuko zaiguk» jarraitu zuen Harakinek segurtasun tonuarekin, «denak gure atzetik dabiltzala, denak poliziak irudituko zaizkiguk, baina gero ikasi eginen diagu».

        Portuko iturria iraganik zuten, eta Jexus Marik gelditzeko asmorik ez zuelako harridura keinuz galdetu zion Harakinek; Jexus Marik erantzunetarako aurrera eragin zion buruari, martxari eragiten zion bitartean.

        Citroena ikusi zuen berriz ere erretrobisorean, Bazterren buruaz harantzago. Burua aurrera jiratu zuen Bazterrek, ondoren izuturik begiratu zuen erretrobisore aldera Jexus Mariren laguntza bila. «Hara zer paranoia!».

        Autoa pega-pega eginda jarri zitzaien berriro. Tunel aurreko azken kurbara ailegatzear zeuden. Kurba utzi eta bazen malkortegi bat. Pasaezina zirudien, baina sasi tartean sartuz gero ia antzeman ezinezko xenda bat ageri zen malkorretan gora, atzean halako lautadatxo txikia osatzen zuten malkorrek, horma antzeko bat eginez. Citroen Visa gorriak aurreratu egin zituen. Barneko gizon gaztea begira gelditu zitzaien. Jexus Marik erretrobisoretik izua ikusi zuen Ferminen eta Bazterren aurpegietan.

        «Joan dadila kabroi hori!, ailegatzear gara-eta».

        Laurak auto gorriari begira gelditu ziren. Kurba ezkerretara hartu zuenean desagertu egin zitzaien une batez. Berriz ere agertu zitzaien, kurba eskubitara hartu baino lehen. Eskubi lagundu zioten laurek batera. Erabat desagertu zitzaien begi-bistatik.

        Jexus Marik lehendabizikoa sartu eta aurrera egin zuten. Haiek ere auto gorriak hartu kurbak hartu zituzten: ezkerretara lehendabizi, eskubitara ondoren. Berrehun metrotara aurre-aurrean zegoen tunel aurreko azken kurba. Ailegatu zirenean zuzen jarraitu zuen Jexus Marik asfaltoa utzirik. Arroilatxoan sartu, hautsa harrotuz balazta egin eta motoreak gelditu zituen Jexus Marik.

        «Hemen duk».

        Autoarendako adina leku zegoen. Ezkerretan malkortegia hedatzen zitzaien oinetara. Eskubitara harrizko ezponda horma bat osatuz.

        «Eta autoa?» galdetu zuen Harakinek; «ikusi eginen duk errepidetik etortzen garen aldiro».

        «Ez duk ikusten, frogatua diat» erantzun zion Jexus Marik.

        Denak atera ziren kurbak egiten zuen lautadatxora. Egia zen, harrizko hormak ezkutaturik gelditzen zen.

        «Oso ongi zegok» poztu zen Harakin.

        «Ikusten duzue xenda hori» esan zuen Jexus Marik erpuruaz horman gora zihoan xenda seinalatuz, «hortik».

        «Goazen» agindu zuen Harakinek. «Non zegok Bazter?».

        «Bazter!» oihukatu zuten.

        Espera gelditu ziren. Inor ez. Jexus Marik jauzi egin eta errepide aldera jo zuen. Han zegoen Bazter, Citroen Visa joandako errepideari so.

        «Bazter!».

        Itzuli zenean oso zurbil zegoela ohartu zen Jexus Mari.

        «Ez duk ezer, gizona. Hasiberriak gaituk, eta berehala enparanoiatzen gaituk».

        Saiak hegaldatzean egin zalaparta aditu zuen.