Marck
«Cancer». Medikuak esandakotik hori baino ez zuen aditu. «Gero mahai gaineko krisantemoei begira gelditu nintzen» esanen zion Marcki, «ezer gertatu ez balitz bezala, zuri zikindutik hori nabarrera bitarteko kolore haiek guztiak mundu bat osatzen, giderren berdea eta beirazko lorontzia ur transparentez betea».
Medikuak hitz haren ondoren esandakoak Marckek azaldu zizkion: aukera aunitz zituela sendatzeko, gogor egin behar ziola, berehala hasiko zirela kimioterapiarekin; gibelekoa zela, pasadan bezala aitatu zion, minbizia.
Krisantemo zuriak. Etxerako bide osoan ez zion arretarik eman Marcken kalakari. Carlos etxe ondoko lore-dendan sartu zen, Marck aho bete hortz atean utzirik, eta dendariari, hitzik esan gabe, krisantemo zuriak seinalatu eta hamar atzamarrak erakutsi zizkion. Burumakur atera zen dendatik, loreak eskuan. Marckek besotik heldu zion, sendatuko zela xuxurlatzen zion bitartean. Etxean sartzearekin bat tea nahi zuen galdetu zion. Ezezkoa egin eta loreak atontzen hasi zen; lorontzia bilatu, urez bete, aspirina bota eta loreak sartu zituen. Hotzikara eragin zion lorontzi hotzak. Usaindu egin zituen krisantemoak, usteltzen hasitakoaren usain lodi-gozoegia zuten; Bazterretxeko alkohol mikaztuaren usaina kiribildu zitzaion gogoan. Loreen koloreei eman zien arreta, zuri nabarretik azul ilunera bitarteko kolore haiei guztiei. Cancer.
Kalaka segitzen zuen Marckek, ura eta te poltsak esku artean. Aurrean paratu zion katilua eta, gero, besarkatu egin zuen. Izuturik zegoen.
«Medikuak esan du gibeleko minbizien %70 sendatu egiten dela, eta zu 70 horren barnean zaude, ez kezkatu; ikusiko duzu, bolada txarra daramagu, baina, ikusiko duzu, denak hobera eginen du, ikusiko duzu, aurrera segituko dugu, sendatuko zara, ikusiko duzu».
Carlosek eskua heldu eta begietara egin zion so. Marckek berehala ulertu zuen isiltzeko eskaera ahoskatu gabea, eta katiluko tearen sakontasunean galdu zen.
Atxiloturik egondako egunekin akordatu zen. Izu-laborria zeluletan oro suntsitzen, atzapar lako zintzurreko herstura hura, hatsa hatsari emanik paratuz, dardara bizitza malkortzen ari zelako bertigoarekin batera, adrenalina karraskari bat bailitzan zainak erretzen. Baina ez zitzaizkion agertu, eta ments izan zituen, ez usain likitsa ez haren ondotik hartzen zuen Beriainekin, gauarekin, gorputzekin bat egitera bultzatzen zuen indar grinatsu hura.
Eskua heldu zion Marcki, eta negarrez hasi zen mara-mara.
«Ez nintzen horrela sentitu atxiloturik egon nintzenetik» esan zion Marcki.
«Ez nekien atxiloturik egon zinela».
Baiezkoa egin zion buruaz. Marck azalpenaren espera gelditu zen, baina ez zen berehala etorri. Tean murgildu zen berriro, krisantemo zurietan zirudien Carlosek. Sorbaldara bota zion Marckek besoa. Hormako erlojuaren tik-taka entzun zuten. Harraskako xukadera urruna, zartatzen hasitako katilu berdexkak zintzilik, arbel txikia boligrafoarekin, serbilleta kolorgetuak, errezel zuri-belztuak, leihoa, lorategiarekin atzean, berdetasun izugarriz.
«Gorpuak, gorpuak» etorri zitzaion gogora dardararekin batera.
Marckek besarkatu egin zuen.
«Zergatik?» galdetu zion Marckek.
«Zergatik egon zen atxiloturik», pentsatu zuen; «zergatik izan zen? Une honetan orduan sentitutako izu, beldur eta minak birbizitzeko, akaso».
Marckek berehala jakin zuen hura ez zela hartaz galdetzeko parada.
«Beldur bera», erabaki zuen Carlosek, sillatik altxatzen zen bitartean.
Marck harritu egin zen altxatu zenean, geldialdia betiko esperoko balu bezala.
«Afaltzera aterako gara».
Min haren guztiaren artean libertitzen hasia zen, Marcki ezusteko aktibitate-ateraldi hark sortzen zion harridurarekin.
«Eta gero parrandara, eta bihar jai hartuko dugu».
«Baina...».
«Ez dago bainarik, afaltzera aterako gara, eta gero parranda».
Baiezkoa egin zuen Marckek. Altxatu eta buruari eraginez eskaileretan desagertu zen.
Ikuslerik gabean berriz ere izu-laborriak hartu zion gorputz osoa. Gorpuak. Zeluletan barna nabaritu zuen minbizia karraska, odolean zainetan zehar bidaiatzen, erraiak goseki jaten, usteldura suma zezakeen, kerua usaindu. Ama etorri zitzaion gogora, sukaldean irribarrea ezpainetan, hilik. Halaxe hil nahiko luke. Beldurtu egin du pentsamendu horrek. Hozkailurainoko brausteko jauzi batez saiatu zaio ihes egiten. Kia, hortxe jarraitzen du: Halaxe hil nahiko luke. Buruari eragin dio. Gero makurtu eta zumo kaxa hartu eta harraskaraino hurbildu da. Katilu berdexkak, arbel txikia, xukadera beste mundu bateko objektuak iruditu zaizkio. Gorpuak. Zumo kaxa utzi eta lasterka abiatu da gora, Marck-Marck oihuka. Besarkatu egin du. Dar-dar dago. Marckek ohantzean sartu eta tapatu du. Ondoan etzan zitzaionean larrua jo zuten, Marck harritu zuen basatasunez. Ondoren elkarren ondoan etzanik egon ziren arratsalde osoan.
Iluntzen hasi zenean Carlos altxatu eta ateratzeko prestatzen hasi zen, Marcki ezer esan gabe, gertatutakoak, beldurra erakutsiaren ahuldadeak, goizaldeko erabakian eraginik ez zuela frogatzekoak eginez edo.
«Ez dugu hobe etxean afaldu eta lasai-lasai gelditzea?».
Carlosen mugimenduak une batez gelditu ziren; galtzontzilotan zegoen, alkandora erdi jantziaren mahuka bat zintzilik. Gaztetako irudia etorri zitzaion lauhazka, aita hil berritan, Marcken rolean zegoen bera, ate bokalean amari zerbait eskatzen, ama eskaeraren gainean gogoetan, erabat jantzi gabe, geldirik eta xor. Gehiegizko intimitatea.
Gorroto olde bat igo zitzaion sabeletik zintzurreraino, Marck hura txikituko zuen, txikituko zuenez. Ai herrian gelditu izan banintz...! Eta une batez beste bizitza bat irudikatu zuen Lekunberri Aranazen, Bazterretxean, basoerdiak zerbitzatzen, mendira joaten, Londresera etorri zenetiko sexuarekiko nasaitasunaren ordez sugarra beti prest, baina, batez ere, gaixotasun izugarri hura barik. Bizimodu hobea. Beste gorroto olde bat hedatu zitzaion. Beldurtu zen bere baitakoaz. Itzuli barik zeharka begiratu zion Marcki, galtzak izterretan gora igotzen zituen bitartean. Beste bizi bat, non sexua lurretik etorriko baitzen.
Komunera alde egin zuen, Marck gelan utzirik. Ispiluko islari erreparatu zion: oraindik gaztea zen, berrogeiak bete berriak, azalaren sakontasunean zimurren arrastoak nabaritzeko ongi begiratu behar zen, begi urdinetako niniak zabal-zabalik zeuden, zuria gorriturik. Aurpegia busti ondoren eseri zen komunean. Beste bizi bat, aitaren hiletako oroitzapen urruna etorri zitzaion. Amak eskutik hartu eta aita zetzan gelara sartu zuen. Aita maindire batez estalirik zegoela ikusteak inarrosi zuen gehien. Aurpegia ikus ziezaion amak maindirea kendu zionean, ez zion hainbeste erasan; lotan zegoela iruditu zitzaion, nahiz eta Bazterretxeko ganbara zelaitik zetozen arrosarioen zurrumurruek bestela aditzera eman. Amak eskua utzi eta aitaren aurpegia laztandu zuen, eta musu eman zion ondoren. Gero aterarazi eta beltzez jantzitako emakumez betetako sukaldean utzi zuten, erruki begirada haien pean.
Noizean behin txokolatea ematen zioten, eta berak, sutondoan eseririk, jan egiten zuen giro hartatik ihes egiteko, txokolatearen zapore gozoan kontzentratuz. Ganbaratik ailegatzen zitzaizkion garrasi erdiragarriek eragiten zioten beldurra, jakin-minak gainditurik. Gora igo nahi izan zuenean ez zioten utzi. Harakin etorri zen amarekin, eta hari ere txokolatea emanda biak egon ziren sutondoan isil-isilik, harik eta Harakinek karrikara ateratzea proposatu zion arte. Baina karrikan ere ez zuten jolasteko gogorik, eta Txomineko paretan egon ziren eserita udazken arratsalde osoan.
Ama ez zuen hurrengo eguneko segiziora arte ikusi. Eskutik helduta eraman zuen Bazterretxetik elizarainoko bidean, Bere anima zeruan sartu kantaren ariora. Une hartatik jakin zuen hilzorian zegoen mundu bateko partaide zela, hatsa hatsari emanik bizi zen mundua, desioa eta higuinaren artean zebilkion mundua, gorrotoa eta maitasuna erkatzen zizkion mundua, bere mundua, baina aldi berean atzerritar sentiarazten zuena. «Euskaldunen mundua aldarrikatuko zuen Harakinek» esan zuen bere artean. Harakin?! Desioa eta higuinaren artean aritu zitzaion mundua.
Marck ate joka ari zitzaion.
Zeharka begiratu zion ispiluari atera aurretik. Beste bizi bat?!
Atarian zeukan Marck larritu keinuarekin: «Ongi zaude?!».
«Bai».
Marck zen oraina, beste bizi bat.
Atzetik etorri eta besarkatu egin zuen.
«Ez zaude ongi?».
Ez zuen ezer esan.
«Ez duzu hitz eginen?».
Itzuli eta ezetz esan zion buruarekin, irribarre herabe batez. Erlojua seinalatu zion, orratzen bi jira egin zituen erpuruarekin, eta ezpainetara eraman zuen isiltasunaren keinua eginez. Irribarre argiagoa marraztu zuen.
«Ez duzu bi ordutan hitzik eginen!?».
Buruari gora-behera eragin zion.
«Zergatik?».
Sorbaldak jaso zizkion.
«Oso ongi, neronek hitz eginen dut, neronek erabakiko dut. Prest?».
Indiar batera eraman zuen. Dilistak kurriarekin eskatu zituen Marckek, pikanteak gibelari lana ematea zelako argudioari jaramon egin gabean. Ez zegoen ongiezik. Bake naro bat baino ez zeukan, minbizia zuela jakiteak azken aldiko ongiez guztiak baretu zizkion, bere baitan oreka malenkoniatsua, bai, baina oreka azken batean, sortuz. «Mundu terminal bateko eri terminala» pentsatu zuen. Marcki esaldia esango balio errieta eginen zion, inplizituki zuen ironiak zenbat laguntzen zion ohartu gabe. Salbaziorako iraultza behar zuen mundu bateko partaide terminala... izandakoa. «Bai, maitea» esanen zion, urteak terminal izaten zeramatzan Ikek, «baina denok gara terminalak hil behar dugun neurrian»; eta egia zela onartu beharko zion, baietz denok garela terminalak, mundu guztia ari dela etengabe hiltzen eta sortzen, sortzen eta hiltzen.
«Nire herriaz akordatzen naiz» esan zion Marcki.
«Hara, ordu eta erdi baizik ez da pasatu-eta! Joan egin beharko genuke, hegazkin bat hartzea baino ez da».
Ezezkoa.
«Berriz ere isiltasunera itzuli da gure mutikoa? Gogorarazi nahi dizut, zerorrek hautsi duzula zerorren ituna» esan zion Marckek, adar jotze xamurrez.
«Ez, ez daukat ezer han».
«Zure lagunak».
«Nire lagun izandakoak». Eta izan ez naizen guztia, pentsatu zuen bere baitarako. Saldu nuen etxea, izan ez nuen amorantea, egin ez genuen iraultza, galdutako gure aiton-amonen mundua, borroka istorio ahanztekoa, aitortu gabeko nire aukera sexuala, zure berri ez jakitea, koadro gorri-berdeetatik sortzen zen besondo gihartsua, oro bat eginarazten zuen desio kadukatua... hitz batean: beste bizi bat bizitzeagatik bizigabeko bizitza. Absentziak baino ez.
«Beno, nora joanen gara orain?» galdetu zion Marcki.
«Etxera, ez?».
Erpurua jasoz egin zion ezezkoa.
«London Apprentice?».
Bai.
Taxi bat hartu zuten. Adreilu gorriko etxeak iragaten hasi ziren kristaletik. Asentuan etzan zen, Marckek eskua hartzen zion bitartean. Kale zabaletan aurrera egiten zuen pixkanaka-pixkanaka taxiak. Semaforo batean gelditu ziren, zeharka erreparatu zion antigoaleko altzari-dendari. Marckek etxera sartutako antigoaleko mahaiarekin akordatu zen. Harantzagoko supermerkatu argitsua ikusi zuen. Herriko kale nagusia etorri zitzaion gogora: denda estua, apalak txupatxus, xaboi, lixiba, arroz, dilista, zaku eta laborantza tresneriaz beterik. Adreilu gorriz eraikitako eliza baten aurretik iragan ziren. Dotrinako irudia, Herriko elizan eguneroko meza eta gero «kristorenak kristorenak gera, kristorenak betiko izango gera» hura, gera gipuzkera eta guztiz, Don Juan Maria apaiza eta buruz ikasten zuten Kristau Bidea hura, jaialdia antolatu zutenean mundua aldatzeko zituzten ilusioak, Beriain, Harakinen ondoan gauarekin bat egin zueneko istant hura.
Beharrik hura dena atzean utzi nuen.
Karrika ilun batean barna sartu zen taxia. Ondoan nabari zuen Marcken arnasa pausatua. Beldurrak hartu zuen berriz ere, eta uxatzeko asentuko tapizeria laztandu zuen.
Ala ez. Beharbada bizimodu hobea lortuko zuen? Lurrez aldatutako landarea izatea zaila zela otu zitzaion, ez han ez hemen.
Igoal heroi moduan geratzea izan ahal zuen, ustez komandoko partaide izateak eman zezakeen pulpitu antzeko prestigio sozialaren gerizan. Gizon bat izanik, sustraiekin bat. Duda egin zuen. Ergelkeriak.
Asentuko tapizeria likatsua utzi eta Marcken eskua bilatzeko agindu zion eskuari. Irribarrea agertu zitzaion aurpegian Marcki ukimena nabaritzean.
«Londres Apprentice».
Mukuru zegoen taberna. Gehienak skinheadez jantzirik. Luzetsia iritzi zion Bazterrek moda hari. Hari ere ilea motz orraztea gustatzen bazitzaion ere, ez zen oso eroso sentitzen eskubiko talde erradikal batetik jalgirik ziruditen gizonen artean; Marck aldiz gustura ibiltzen zen, eta behin baino gehiagotan mozorrotzen zen skinhead eran, «Gorroto gaituztenen irudia nirea eginez» zehazten zuen.
Marck eskatzen utzita, komun aldera abiatu zen. Komunaren ezkerretako korridorean skinhead bat eta exekutiboz jantzitako bat elkarri zirri eta muxu ari ziren galtzak erdi askaturik. Exekutiboaren maletina lurrean zegoen beltz, ferraje urreztatuak ñir-ñirka. Pixa egin ondoren korridore beltzari so gelditu zen. Gizon talde bat ikusi zuen zirri-mirrika galtzak belaunetan. Bazekien ez zuela hara egin behar, Marck espera izanen zuela goian, baina aspaldi sentitu gabeko irrika batek tira egiten zion. Adio Marck, adio amodio domestikoa. Hurbildu ahala egin zioten zirri, eta berehala jaitsi zizkioten galtzak. Gazte sentitu zen berriz, gorputz haien artean zakil bat, bular bat, buru bat, aurpegi bat laztanduz. Usain likits ezaguna usnatu zuen eta oro izan zen gauarekin bat, aspaldi ahantziriko Beriainekin, gorputz haiekin guztiekin, unibertsoarekin. Pixkanaka-pixkanaka gorputzak desberdintzen joan zen, altua eta sabel apalekoa, potolotxoagoa, mozkotea, lepo sendo eta kaskamotza. Halako batean sustraien moduko gorputza ukitu zuen. Zuhaitzaren azala lako larru hura ukitzean aspaldi ez bezalako sugarra igo zitzaion zakiletik gora. Enbor lepo hura atzamarkatu zuen. Aurpegia ukitu zionean, orbain bat nabaritu uste izan zuen ezpainaren ezkerreko ertzetik kokotserantz.
Bazterri iraganeko fantasmak etorri zitzaizkion gainera. Eskua kendu gabe, arretaz ukitu zion orbaina, ezpainaren ezkerreko ertzetik kokotseraino. Gizon mozkoteak eskua heldu eta orbaina gora eta behera igurtzarazi zion. Bazterrek urtetan sentitu gabeko desioa nabaritu zuen, eta burua laztandu zion izuturik. Mozkoteak hartu eta taldetik aterarazi nahi izan zuen. Korridore sarrerako argi-fokuetara bultzatu zuen. Bazterrek atzera egin zuen, eta galtzak igotzen saiatu. Mozkoteak eskua heldu eta orbainera eramanarazi zion, sabelaldea igurzten zion bitartean. Bazterrek zafratu, galtzak jaso eta arrapaladan igo zituen lehengo solairuko eskailerak. Ihes egin, ihes egin.
«Zer gertatzen zaizu?» galdetu zion Marckek zurbiltasunarekin ikaraturik.
Hormara hurbildu eta botaka orro ozenak egitea izan zen Carlosen erantzun bakarra.
Barra aldean argi-ilunetik kukuka so ari zitzaien kaskamotz mozkote bati erreparatu zion Marckek. Ezin zion aurpegia ikusi, baina kokots aldea laztantzen ari zela iruditu zitzaion.
Dilista okadez zikinik gelditu ziren mahai gaineko krisantemoak.