Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Jexus Mari

 

Nafarroako Gobernuak antolatu zien Basozaintza Ekologikoa ikastarotik atera zenerako Iruñeko ilunpetan zegoen. Carlos III.a etorbidea agertu zitzaion, hutsik; eskaparateetako argi itzaliak izekitzen ari ziren etxeetako leihoetan. Begiratu antsiatuz so egin zuen El Sitio kafetegi aldera. Argia ikustea iruditu zitzaion, baina ezin zuen horren urrundik bereizi. Ardailan egin zituen harainoko berrehun metroak. Hurbiltzen ari zela, bigarren solairuko mahai eta sillen hankak agertu zitzaizkion horma osoko kristalaren beste aldean; gorago, bi pertsonaren buruek duela hilabeteko eszena bera gogorarazi zioten, edo hobeto esateko, eta bere buruari hala aitortu nahi ez bazion ere, eszena hura gogoraraztera etorri zen azken lau asteazkenetan bezala.

        Orduan ere ilundurik zegoen ikastarotik atera zenerako. Carlos III.ean behera egin zuen zalantzan, autoa hartu eta Lekunberrira joan edo azken boladan maiz egin bezala, gero eta gehiagotan bakarrik, Alde Zaharrera jo pote batzuk hartzera. Lanparei erreparatu zien lehendabizi, gero bi pertsonaren hankak ikusi zituen. Emakumearenak ezagunak zitzaizkiola otu zitzaion. Aurpegiei erreparatu zien hurren: Harakin eta Miren. Musika klasikoa eta jendearen zurrumurru urrumagarria irudikatu zituen aitortzen lagun, zigarro bana eskuetan paseantearendako bi adiskide hutsen artekoa baino ez zitezkeen keinuetan murgildurik baziruditen ere, Jexus Mari berehala ohartu zen adiskidantza baino zerbait gehiago zegoela bi buruen elkar hurbiltze intimo hartan. Arnasa sakon hartu eta ahotiko lurrinarekin jolastu zuen kristala lausotuz.

        Sumina hedatu zitzaion petxu aldean, eta pixagura itzela nabaritu zuen. Kalean topo egin eta kafe bat hartzera sartu ziren bi ezagun izan zitezen desiratu zuen. Berriz ere gora jaso zuen begirada. Harakin esaten ari zitzaion zerbaiti adi zegoen Miren. Barre arin bat egin zuen ondoren. Ederra zegoela pentsatu zuela akordatu zen, zaharrago baina aldi berean emakumeago. Mirenek eskua ukitu zion Harakini arrunta zitekeen keinu batez, baina Jexus Marirendako uste zuenaren konfirmazioa izan zen. Izterrak mugitu zituen zigarroari tira egiten zion bitartean. Harakinen aurpegi oparoa ikusi zuenean gorroto itsu batek hartu zuen. Putakumea! Beti besterena bere egiten. Mespretxuak hartu zuen gero, nola zitekeen haur atzeratu baten aitak emaztea bakarrik utzi eta kerida hartzea. Estirengan pentsatu zuen, etxean irudikatu zuen haurrarekin, bakarrik, ezagutzen zuen sukalde zuri hartan eserita, senarra non zegoen galdezka. Ez zituen ongi ulertzen Esti eta Harakinen arteko harremanak, ez ziren berak bikotea izatera izanen lituzkeenaren modukoak, ez horratik. Izan ere, elkarrekin zeramatzaten urte luzeetan liskarra eta zikinkeria baino ez baitzuten izan. Miren, beste baten hitzen xuxurlora irribarre egiten zuen Miren hura, lortu izan balu, askoz lotura estuagoa izanen lukeela pentsatu zuen, ez litzatekeela Esti orduan zegokeen bezala etxean senarraren esperoan izanen, etortzen ez zela ikusirik kalera aterako litzateke bila, Iruñera behar balitz ere.

        Kale hutsetik auto bat iragan zen. Jexus Marik bere burua ikusi zuen bakarrik, karrika gorrian kafetegi bateko goiko solairu hutsari so, bere baitan zuela lau asteko oroitzapen mingarrietan galdurik.

        Nolakoa izanen zen bizitza Mirenek berarekin nahi izan balu?

        Oraindik ere baditiat aukerak, gurutzatu zitzaion gogotik, udazkenean hegoalderantz zihoazen hegaberek ametsak eraman bezala.

        Bakaikun larrua jo zutenekoaz akordatu zen, Miren hatsanka, Miren autotik ateratzen, Mirenen hankak autoaren fokupean etxean sartzen. Eta gero, bortxatua izan zeneko gelditu zitzaion sentsazio hura.

        Beharbada horrek erakartzen naik. Berehala uxatu zuen, hala ere, ideia hura; onartzeak, are gehiago kontuan hartzeak berak ere, bere buruaz zeukan irudia aldatzera behartuko zuelakoz.

        Kafetegia zeharkatuz komunera jo zuen zuzenean. Kafetegi hark pixagura sortzen zion. Atera zenean, barran eseri zen, zerbeza eskuan, telebistari so.

        Non egonen ziren orain Harakin putakume hori eta Miren? Elkarrekin izanen ote ziren?

        Bat-batean zalantza puntu bat egin zitzaion; izan ere, elkarrekin ikusi baino ez zituen egin, ez zuen jarrera salagarririk ikusi, interpretazio osoa keinu faun batzuetatik ondorioztatu zuen; beharbada oker zegoen, eta kalean topo egin eta kafe bat hartzera sartzea erabaki zuten, bi ezagun baino ez ziren une hartan.

        Zerbeza hartu eta goiko solairura igo zen. Sabai baxuegiak, panel marroixkez forratutako paretak, formikazko mahai zuriak, musika klasikoaren ordez aditzen ziren biolin kirrinkariek, desinfektante usain lurrinduak itolarria sortu zioten. Oilo bustiaren begiradaz egin zuen aretoan barna. Inor ez.

        Geroz, hemen gertatu zuan dena. Lekua ikusi eta usaintzeak zuzen zegoeneko ustea errotu zion. «Gertatu, gertatu zuan».

        Astean behin elkartuko dira seguru aski Iruñean, edo Donostian beharbada; Aranazen ez, arriskutsuegi delakoz, eta badakielakoz Harakinek ez duela Esti utzi eta Mirenekin alde egiteko ez gogorik ez ausardiarik, eta hark ez badaki ere, badakielako Miren ez dela emazte izateko jaio, lehendabiziko larrualdi hartako portaera sutsuegitik edo gizonekin, edo hobeto esanda eta orokortu gabe, berarekin daukan superioritate jarrera sotiletik ondorioztatu du urteen buruan. Ezkutuan arituko dira pentsiotan larrua jotzen, Harakinek, duela bi asteko irribarreak gorabehera, ez baitu hotel batera eramateko hainbeste maitatuko.

        Ferminek jakinen ote zuen? Seguru barrez lehertuko zela hasieran, gero Estiren sufrimenduagan pentsatuko bazuen ere.

        Ate danbateko batek jalgiarazi zuen bere baitatik. Asaldaturik, danbateko aldera itzultzean emakume gazte bat agertu zitzaion, barkamen imintzioka. Behera jaitsi zen berriz ere, eta barrako aulkietan eseri. Telebistako irudiei erreparatu zien. Emakume bat eta gizon bat musuka ari dira pantailan lehendabiziko planoan. Halako batean gizonari begiak sutu zaizkio eta emakumea arbuiatu du keinu erdeinutsuekin. Emakumeak atzetik jarraitu dio barkamen eske. Hizketan hasi dira, baina Harakinek bozgorailuetatik zetozkion biolin karrankariak baino ezin zituen aditu. Berehala paratu zituen bere burua eta Mirenena pantailako gizona eta emakumearen lekuan.

        «Kaixo».

        Ustekabean danbatekoa jotako neska zen.

        «Kaixo» erantzun zion, nonbaitetik ezagutzen zuela pentsatuz.

        «Ez zara nitaz akordatzen?».

        «Ez, barkatu».

        «Maria naiz».

        Jexus Mari garuna arakatzen hasi zen. Maria izenak zer edo zer esan beharra ziola bazekien, baina hala ere...

        «Ez zara akordatzen orduan?» esan zuen berriz ere neskak, antsia ukitu bat ahotsean.

        Bat-batean argitu egin zitzaion burua: autoa, izter batzuk, gona morea gerriraino igota, hatsankak, isurtzearen plazera egunetako beldurren lasaigarri.

        «Maria!».

        Akordatu ez izanaz lotsaturik, une batez isil-isilik gelditu zen telebistari so. Hamahiru urte izanen zituen orduan, eta pin-pin txoriaren grazia zuela akordatu da: Zenbat izanen ditik orain, hogeita zortzi, hogeita hamar?

        «Aspaldi ez dugula elkar ikusten».

        «Bai, ordutik» esan zion, egoera zehatz-mehatz gogoan oraingoan. «Non sartu zara?» gehitu zuen lotsari ihes egiteagatik.

        «Badakizu orduan familiarekin Aranazera Terueletik etorri berriak ginela. Gero Atarrabiara etorri ginen bizitzera, euskara ikasi nuen, ikasketak bukatu, eta azken bolada honetan Londresen izan naiz ingelesa ikasten. Unibertsitate publikoan ari naiz lanean, idazkari, eta Alde Zaharrean bizi naiz. Eta zu? Ezagutu genuen hartan baino itxura hobea duzu; orduan oso mehe zeunden».

        «Betikoan. Betiko lanean, beti bezala. Bilera batetik».

        «Sartu zara arazo gehiagotan?».

        «Arazoak?».

        «Bai, politika kontuetan-eta. Orduan ni liluraturik nengoen Euskal Mugimenduarekin».

        Mariaren hitzetik hortzera mintzatze hartaz harritu zen Jexus Mari.

        «Ez dut, zuk esaten duzun bezala, arazo gehiago izan, ez nabilelakoz militatzen; nahiz eta gauzak dauden bezala egonda, ez den beharrezkoa inon militatzea kartzelan bukatzeko».

        Zerbitzaria, lau piru buruan, oihal batekin eskuak lehortzen, mika zaharra zirudien, lumak ezin garbituz. Mahai hutsetara isurtzen ziren argi horien itzal ahulek herrarazi egiten zuten eseritako jende bakana. Bi emakume dotore izkina batean, gizon bakarti bat, hiru gazte ogitarteko bat jaten, isil-isilik. Alde egiteko larritasuna pizturik, zangada batez zerbeza hustu eta Maria heldu zuen.

        «Joango gara?».

        Mariak baiezkoa egin eta aterantz abiatu zen. Pagatzen zuen bitartean erreparatu zion ipurdiari. Aldaka zabalegiak disimulatzeko zeramatzan galtza beltzek orduko gona gorri eta leotardo marradunak ekarri zizkioten gogora. Gau hartan bizi izandako desio galduaren mina igo zitzaion zintzurrean gora. Pin-pin txoria zozo astuna bilakatua zen. Mirenen ipurdia, zaharrago izanagatik ere, politagoa zela otu zitzaion, nahiz eta, ongi pentsatzen jarrita, urteak eman Mirenen ipurdia aztertu gabe.

        «Nora joanen gara?» galdetu zion Mariari, etxerako aukerarik eman gabe.

        Irribarre maltzur bat ikustea iruditu uste zitzaion Jexus Mariri neskaren aurpegian.

        Alde zaharrerantz jo zuten Carlos III.a etorbidean behera. Nonbaitera zihoala susmatu zuen Jexus Marik bere baitan, eta uztearen goxotasuna hedatu zitzaion, ezeri kontra egin gabe.

        «Esan dizut Londresen izan naizela urte pare bat ingelesa ikasten. Ezetz asmatu norekin egin nuen topo han?».

        Jexus Marik ezezkoa egin zion.

        «Hura nitaz akordatzen ez bazen ere, neronek ezagutzen nuen, zu ezagutu zintudan gau berean ezagutu bainuen hura ere, baina hura bistaz baino ez» esan zuen Mariak tonua eztiagotuz. «Bazter ikusi nuen, zuen laguna, bolada batean behintzat niretako laugarren heroia izan zena».

        «Hara!» harritu zen Jexus Mari, Mariak Bazterrekin Londresen topo egiteagatik bainoago Maria noiz ari zitzaion serio eta noiz adar jotzen bereizten ez zekielakoz.

        Bekoz beko egin zion so, baina Jexus Marik ez zuen ezer gehitu. Isilik egin zuten etorbidearen zati bat. Hala ere, Mariak ez zion erantzun nahi izan Jexus Mariren jakin-minari, ez honek galdetu bitartean behintzat.

        Jexus Marik «Eta?» huts batez gordetzen ari zena askatzeko esan zionean, susmatu zuen hortik aurrera zetozkeen Mariarekiko bataila guztiak galduak zituela. Atzera egiten saiatu zen, Mariaren ondotik zertxobait aldendurik, burua kaiola lako eskaparate ilunera jiratuz; baina bat-bateko pixagura hura sortzean, susmoa baieztapena bilakatu zion bere gogoaren alderik sekretuenean.

        «Pub bateko arduraduna da, eta nik bertan egin nuen lan. Ez zitzaion zuen herri zorionezkoaz mintzatzea gustatzen; hala ere, Teruelgo nexka ezkertiar sutsu hari Aranazen erortzeak sortutako lilura aipatu nionean gehixeagotan hasi zitzaidan Sakanaz, euskal arazoaz eta abar mintzatzen. Badakizu grazia izugarria egiten ziola Euskal Herrian politikaren bidez integratu nintzela esaten nionean? Orduan esaten zidan: euskalduna zara militante zaren neurrian, eta barre egiten zuen. Uste dut ez zitzaiola gehiegi axola atzean utzitakoa, Euskal Herria eta abar. Badakizu homosexuala dela?».

        Mariak zuzen begiratu zuen Jexus Mariren aurpegi ia asaldatura.

        «Ez zenekien».

        «Ez».

        Jexus Mariri gogoa Bazterrengana joan zitzaion. Harriturik zegoen. Hori zen orduan, horregatik alde egin zuen, horregatik arrarokeria haiek guztiak. Bazter, marikoi bat. Baina nola ez zen kapaz aitortzeko? Zergatik egin zuen ihes? Koldar bat?

        «Aizu, nahikoa dugu besteei buruz mintzatzeaz. Mintza gaitezen gutaz. Zuk nire etxean lo eginen duzu gaur?».

        Jexus Marik baiezkoa egin zion irribarre batez.

        Mariak besotik heldu zuen, eta Gaztelu Plazan barna Alde Zaharrean barneratu ziren.

        «Gudariak bezala sentitu ginen».

        «Zer?».

        «Gudariak bezala sentitu ginela, askatu gintuztenean».

        Estuago besarkatzea izan zen Mariaren erantzuna.

        Etxeko portalean sartu zirenean, Miren eta Harakin elkarrekin ote zeuden galdetu zion bere buruari Jexus Marik.