Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Jexus Mari

 

Jexus Marik Harakini eta Mireni erreparatu zien, han zihoazen iluntasunerantz, Harakinen eskua Estiren sorbaldan txantxangorria arramara bezala igorik.

        Jexus Marik Bazter koka-kola kaxa bat zekarkiola gerturatzen ikusi zuen. Deseginik zekarren.

        «Zer gertatzen zaik?».

        «Ezer ez».

        Bazterrek koka-kola kaxa gurdi gainean utzi eta alde egin zuen, Fermin, Miren eta Jexus Mari bakarrik utziz.

        «Eta horri zer gertatzen zaio» Ferminek.

        Hontz zuriaren antzera egin zion so Jexus Marik gauari. Pozik zegoen, ez zekien zergatik, baina Bazterrek alde egin izanak Mirenekin egoteko aukerak ugaritzen zizkiola susmatzen zuen.

        Udaletxeko erlojua joka hasi zen tenkor. Don. Jexus Marik ikusi zuen Miren hotzikara batek zeharkatzen zuela. Don. Ferminek Jexus Marirengana jo zuen azalpen baten bila. Don. Jexus Marik eskuak altxatu eta ez zekielako keinua egin zuen. Don. Mirenek dar-dar jarraitzen zuen. Don. Gauaren hontz zuriak uluka hots egin zion.

        «Ni banoa, ongiezik nago» esan zuen Mirenek txupa hartu, jantzi eta karrikan behera abiatzen zen bitartean.

        Fermin eta Jexus Mari elkarri begira gelditu ziren ezer ulertzen ez zutela.

        «Zer pasatzen duk gaur, denek alde egin behar dute edo zer; lehendabizi Manolo handia, gero beste biak, gero Bazter, eta orain hau. Nork bildu behar dik hau dena» oihukatu zion Ferminek.

        Jexus Mariri pixagura egin zitzaion. Karrikan behera zihoan Miren ilunpeetara.

        Bere baitan galdurik oharkabean hartu zion Ferminek pasatzen zion kaxa. Besteen gainean pilatu zuen zertan ari zen ohartu gabe. Karrikan behera begiratu zuen berriz ere. Han zihoan txupa janzten, eskubiko besoa mahukan ezin sartuz. Zein ttikia ematen duen plazako plataneroen artean, basoaren iluntasun handian galdutako hontza kume deslaia. Nola joanen ote da Bakaikura?

        Ferminen eskuetan pilatzeko zain zeukan kaxa bertan utzi eta jauzi egin zuen gurditik. Ferminek mugimenduak jarraitu zizkion. Txupa hartu eta lasterka abiatu zen.

        «Nora hoa?».

        Ez zion erantzun. Plazan behera hartu zuen, zegoeneko ilunpeetan desagerturik zen Mirenen atzetik Fermini desenkusa keinutzat-edo bi eskuetako ahurrak erakusten zizkiola.

        Ferminek ingurura begiratu eta oraindik zamatzeko kaxa dexente gelditzen zela ikusi zuen.

        «Baina nora hoa? Mekaguendios, nork zamatuko dik hau, neronek bakarrik?».

        Plaza erdian berriz itzuli zen eta aurrean egindako keinu bera egin zion irribarrea ezpainetan.

        «Banoak».

        «Harakinek esaten duen moduan» otu zitzaion, «etorkizunerantz, borrokarantz, iraultzarantz, akaso». Arbola baso batean barneratu zen iluntasunean, hala ere.

        «Nola joanen zara?» hurbildu zitzaion arnasestuka.

        Mirenek malkoak zituen begietan, eta sorbaldak jaso zituen etxeraino ailegatzeak garrantzirik ez balu bezala. Jexus Marik bazekien ibiltzea baino ez zeukala, eta halaxe egin zuen. Errepide nazionalera ailegatzen ari ziren. Elizdorrearen itzal ilunak ilunagoa zirudien Beriain mendiaren itzal mehatxagarrien argitara. Zilarrezkoak karrika bazterretako soro eta etxeak. Bi auto argik gauaren iluna urratu zuten. Burrrunnn.

        «Aitari autoa hartu eta eramanen zaitut etxera?».

        Mirenek baiezko axolagabea eskaini zion.

        «Esperatu hementxe pixka bat, berehalaxe etorriko naiz autoarekin».

        Jexus Marik, bihotza kolkoan jauzika, etxera egin zuen aitari baimenik gabe autoa hartzera. Bazekien hurrengo egunean istiluak izanen zituela, baina ez zion axola; «Miren etxera eramanen diat». Aukera urrun bat bezala irudikatu zion gogoak Miren bere besoetan, arbola bihurturik, elkarrekin zutik, gauaren oparotasunean, dena etorkizun, dena haragiaren indar, dena bat. Hurrena bere burua Miren kontsolatzen ikusi zuen, malkoak lehortzen zizkion esku gainaren laztan batekin, burua ferekatzen zion, eta gero muxu ematen zion eta musutik aitzina aurreko irudiaren toki berera ailegatzen zen, ahotsaren xuxurlo arbuiatzailera.

        Hanka puntetan sartu zen gurasoen etxean eta giltzak bilatzen hasi zen. Mekagoenlaputa, ez daude betiko tokian. Aitak izanen ditu galtzetan. Gurasoen gelako atariak kirrinka egin zuen. Itsumustuan hurbildu zen aitaren ohe aldera eta silla gainean hasi zen galtzak bilatzen.

        «Zer zabiltza?» esan zuen amak, lotik bat-batean ateratakoaren asaldaduraz.

        «Ezer ez, segi lotan».

        Amaren marmarrari, zer nahi zuen berehala igarririk, ez adituarena egin zion. Azkenean konkor gogor bat nabaritu zuen galtzaren ehun finean. Eskua poltsikoan sartu eta giltzak hartu zituen. Bizkor alde egin zuen amaren «kontuz ibili» belarrian.

        Autoko atea ireki zionean malkoak xukaturik zituela ohartu zen. Sartu zenean bularrei erreparatu zien nahigabean. Gora eta behera egiten zuen. «Mirenen titiak Sakanako titirik politenak» esaten zien Bazterri eta Fermini Institutuan zeudenean, Miren gehienez ere goitik beherako begirada batez Jexus Mariri erreparatuz pasillo luzeetatik igarotzen zenean. Bazter eta Ferminek barre egiten zutela ikustean utzi egin zion titien kontu hura aitatzeari, baina Mirenek, Institutua utzi eta luzera, iltzaturik jarraitzen zuen gogoan.

        «Buztana jasotzen zidak» zioen bere baitarako Urbasa-Andiako basozain lanetan bidezidor ospel eta ilunetan zebilela Mirenekiko barrunbetan irekitzen nabaritzen zuen desio sumingarri batekin, inori, bestalde, zela lotsaz zela sentitzen zuenaren oldarraren beldurrez aitortzera ausartzen ez zena.

        Desioaren sumin harekin bizitzen ikasi zuen Jexus Marik, tontorretan bukatzen ziren gorakada erasokorrei uraren jabalaz aurre egiten, txingar gori baten gisa irauten zuten beherakadei zelatan.

        Isilik egin zuten Bakaikurainoko bidea.

        «Non utziko zaitut» galdetu zion Jexus Marik Bakaikuko gurutzean desenkusaz.

        «Etxean, non utziko nauzu ba?».

        Miren Bakaikuko baserri bakarrean bizi zen, herritik aparte. Galipotatu gabeko bidean sartu ziren tunel beltz batean bezala. Autoaren fokuek bazterreko sasiak argitzen zituzten.

        «Mesedez» esan zuen gero Mirenek, aurreko erantzunaren lehorra leundu nahian.

        Burrunbaka zebilen Jexus Mariren burua, zer egin, nola egin ezin asmaturik. Autoa gelditu zuen Gorubeko Iturrian. Isiltasuna.

        «Miren...».

        Mirenek zeharka begiratu zuen, bestaldera jiratu zen, bere buruaren irudia itzuli zion kristalak; harantzago, iluntasuna. «Zertarako gelditu gara hemen» bota zion Mirenek ahots erronkariz.

        «Miren, zuk badakizu...». Beldurrak lehentxeago zuen desioa irendu zion. Totelka ari zen. «Badakizu».

        Mirenek besoa lepora bota zion. Ohartzerako kanpoan zuen buztana. Mireni gona altxatzen saiatu zen, baina ez zion utzi, hark altxatu zuen zirt-zart batean. Kuleroak jaitsi zituen eta gainean eseri zitzaion buztana aluan barneratzen zuen bitartean. Gora eta behera egin zuen Mirenek, Jexus Mari asentuaren kontra istikatuz. Ez zion mugitzen uzten. Marruka nabaritu zuen belarri ondoan. Gora eta behera, gora eta behera; Jexus Mari titi gutiziatsu haiek laztantzen saiatu zen, baina ez zituen aurkitzen, Miren baino ez zuen nabari gainean. Azkartu egin ziren Mirenen marruak eta baita Jexus Marirenak ere. Azken hatsanka bat bota zuen. Gorputza, zama astuna bailitzan, erortzen utzi zuen istant batean, baina berehala egin zen berriz egoeraren jabe. Zakil bustia atera eta kopilotuaren asentuan eseri zen. Kuleroak janzten, gona igotzen ikusi zuen Jexus Marik, hontz kumearen azturak ahantzirik. Esperoan bezala gelditu zen gero, bere burua eta iluntasuna itzultzen zizkion kristalari begira.

        Jexus Mari asaldaturik zegoen, eta isuri ondokoagatik bare. Ipurdia altxatu eta galtzak jasoz kolpe bakar batez sartu zuen buztana zorroan. Esperoan gelditu zen. Laztan bat espero zuen, hitz goxoren bat, gertatutakoari buruzko hausnarketaren bat.

        «Ez duzu arrankatuko» bota zion Mirenek, sagarrak erosteko bezain tonu neutroz.

        Jexus Marik autoa arrankatu zuen. Berriz ere fokuek bide bazterreko laharrak argitu zituzten, gauaren sakontasuna urratu zuen motorraren burrunbak.

        Mirenen etxera ailegatzean ez zion autoa gelditzeko betarik eman. Ezer esan gabe jaitsia zen. Hankak pasatzen ikusi zizkion fokuen argitara. Gero etxeko atarian aldakarainoko irudia egin zitzaion giltzen bila. Sartu aurretik esperantza gorde zuen, eginen zion keinuren bat, beharbada musu bat bidaliko zion; baina ipurdi bat desagertzen baino ez zuen ikusi. Eta gero atea, mutu, ulertezin. Isiltasuna.

        Gertatutakoak asaldaduraren gainean beldurra ekarri zion. Adakera arraroa zuen. Andia-Urbasan hontz zuriak muxarra ehizatu ondoren, milikeriaz edo, jan gabe utzi zuen aldi hartaz akordatu zen. Berera etorri zitzaion arnasa autoaren kristal lurrinduak garbitzen zituen bitartean.

        22 urte zituzten.

        Errepide nazionala hartu zuenean Ferminez akordatu zen.

        «Han egonen duk oraindik dena biltzen, ergel hori» lehertu zitzaion gorrotoa ezpainetan.