Fermin
Donostian Psikologiako lehendabiziko urtea ikastetik ailegatu eta ordu garreneko kanpoan zen Fermin aitarekin kristorena izan ondoren. Kabrona alaen kabrona. Ezertarako fundamendurik ez duen fatxa nazkagarria. Ferminen aita Paulo ez zegoen konforme, hark esaten zuen bezala, semea «politikan sartu» izanarekin eta liskarraren gainean liskarra zerabilten azken boladan, ama Jexusa negarrez urtzen zen bitartean. Politikan sartu?! Alkoholetan sartuko ez balitz sikiera! Eta Fermini gogora etorri zitzaizkion aita bero-bero eginik agertzen zen aldi guztiak, kanpoan ez zuen itzala eta autoritatea etxean modu zakarrean ezarri nahian. Anaiak eta berak ihes egiten zuten, eta ama uzten zuten bakarrik aitaren haserrearen itu bakar.
Eliza paretik pasatzean erori egin zitzaion koadrilakoei erakutsi nahi zien Hertzainak-en azken kasetea: «Hau dena aldatu nahi nuke», Bazterri-eta aditzeko agindu ziena. «Bihar joko dute hemen».
Plataneroen artetik karrika hutsean behera jaitsi zen Bazterretxea Tabernako bidean.
Han zeuden. Bazter barraren atzealdean, muslari parrokiano bakanei, Manolo, Felipe eta abar, herritar labeldun gorrotagarri bezain ekidinezinak, patarra ateratzen. Harakin eta Jexus Mari, zerbeza eskuan, ezkutuan porroa erretzen. Aitak jakinen balu porroa erretzen zuela! Tontamentean hasi ziren erretzen Altsasuko Institutuan eta orain denek erretzen zuten, baita Ezker Abertzaleko hainbat erakundetan militatzera bultzatu zituzten koadrila adintsuagokoek ere.
Indarrak biltzen aritu zen une batez atarian, beldurraren antzeko bat sortzen zitzaion herriko tabernetan sartzean, jendea, bere lagunengandik hasita, edozein gauza esateko gauza baitzen, «niri edozein gauza esateko gauza, ez beste batzuei». Arnasa hartu eta ateko maratilari eraginez sartu zen Bazterretxea tabernara.
Oharkabean pasa nahiz urratsak axkar-axkar eman zituen. Taberna erdian zegoela, hala ere, atzetik etorri zitzaizkion Manolo nazkantearen hitzak: «Fermin Iraizoz, Malakatenekoa, Fermin Iraizozen semea edo».
Nola zitekeen horrelako tipo nazkagarriarekin militatzen aritzea? Ez zuten bada iraultza egin nahi? Eta iraultza ez ote zen errukitik hasten? Ondoan zeneukan jendearekin hobe izatetik? Zerorren burua aldatzetik?
Herri Batasunaren bilera baten ondoren Manolo aitortzarako gogoz nola inguratu zitzaion akordatu zen Fermin. Andregaiak utzi berria zuen, eta triste zegoela aipatu zion mila zerbeza edan ondoren. Negarra ere egin zion etxeko atarian utzi aurretik. Ferminek ordutik aurrera lagunak izanen zirela uste izan zuen, baina kia, Manolok betikoan jarraitu zuen, aitortza hura inoiz gertatu ez balitz bezala.
Barre algaraka lehertu ziren muslariak eta haien inguruan putreen gisa begira ari zirenak.
Izerdi hotz batek hartu zuen Fermin. Gero lotsari ihes egin nahian arrapaladan egin zituen Harakin eta Jexus Mari bitarteko metro gutxiak.
«Hara hemen diagu gure ñoñostiarra» batekin hartu zuen Harakinek.
«Gabon» erantzun zuen, zamarra kentzeko keinu nabarmenegiekin lotsa ezkutatu nahiko balu bezala.
«Zer berri zegok kapitalean?» eraso zion berriz ere Harakinek burloso.
Fermin ezer ezin esanik gelditu zen eta Jexus Mariri begiratu zion laguntza bila. Jexus Marik haxixaren urruntasunetik egin zion so laguntza ezin eskainirik.
Bazterren bila itzuli zelarik «gure ñoñostiarra» entzun zuen, oraingoan Jexus Mariren ahotik.
«Hi zer haiz, putakumea edo?!» bota zion Jexus Mariri.
Zur gelditu zen Jexus Mari, erantzunaren bortitzari ezin kara emanez.
«Jode, gaizto etorri haiz» ebaki zuen Harakinek. «Gaizto etorri duk gure ñoñostiarra» zuzendu zitzaion Jexus Mariri.
«Zer nahi duk» galdetu zion gero Fermini, «moztua?».
Ferminen erantzuna esperatu gabe Bazterri hots egin eta moztua eskatu zion, Ferminen nahien jakinaren gainean balego edo inportako ez balute bezala.
Lelotu aurpegia paratuz ezkutatu zuen Ferminek barnean irakiten zeukan erresumina. «Ñoñostiarra, nazkatzen hasia nago, kuanto delitua egin dudala ikastera joatearekin» esan zuen bere baitarako.
«Moztua ez, kafesnea, mesedez, kafe gutxi eta esne epelarekin» agindu zion xuxurlo batez Bazterri.
«Zein txanda tokatu zaiguk bihar, Harakin?».
Herri Batasunarendako dirua lortzeko jaialdia antolatu zuten Herrian eta barretan txandak egiterakoan elkarrekin egon zitezen eskatu zuen Ferminek aurreko astean..
«Hiri, azkena» barre egin zion Harakinek, «guri azken aurrekoa, eta horrela jaialdia ikusi ahal izanen diagu».
Bazterri eta Jexus Mariri begiratu zien. Irribarrea zuten ahoan.
«Zergatik?».
«Hala suertatu duk».
Kafesnearen dirua utzi eta atarira abiatu zen adiskideak atzean utzirik. Etxeko atarian sakelan nabaritu zuen Hertzainak-en kasetea. Izorra daitezela, putakume alaenak.
Fermin etxeko ganbaratxoan aritu zen goiz osoa pankarta bat egiten. «Seguru inork ez duela gogoan izan». Harritu egin nahi zituen. Aitak hots egin zion behin baino gehiagotan jorrara joateko, baina ez adituarena egin zion.
«Istilua izanen duzue» esan zion amak ganbaratxora igo zenetako aldi batean, »zoaz laguntzera».
Ferminek ez zion kasurik egin, ordea.
«Zertan ari zara?» galdetu zion amak. «Jesus, jesus denak eramanen zaituztete kartzelara» aienatu zitzaion aitarenka.
«Ama ez esan txorakeriarik».
«Bai, ez esan txorakeriarik. Zuen aitona ere horrela eraman nahi izandu zuten».
Ferminek esku keinu batekin uxatu zuen ama eta plastiko zuria margotzen jarraitu zuen.
Bazkaldu ondoren, aurreko egunekoak ahazturik, Bazter Tabernara abiatu zen pankarta poltsa batean sarturik.
Hantxe zeuden gau osoa lekutik mugitu gabe pasa izan balute bezala. Harakin eta Jexus Mari barratik kanpoaldera eta Bazter parrokiano bakanei kafeak ateratzen.
«Zer, pasatu zaik atzokoa?» bota zion ohi bezala burloso Harakinek.
Fermin ez zegoen haserretzeko prest, akaso bazekielako orduan ere galtzaile aterako zela.
Kafesnea eskatu zion Bazterri.
«Noiz gelditu zarete eszenatokia muntatzeko?
«Orain» erantzun zion Jexus Marik nekez bezala.
«Atzokoagatik mindurik dago beharbada». Begiak bilatu zizkion Ferminek Jexus Mariri, baina ihes egin zion begiradari, ustez estalian erretzen ari zen porroaren ke lodiaren atzean ezkutatuz.
Dena begietara ez begiratzeagatik. Aliziak haren koadrilako jendeak elkarri begietara so egiten ez ziola ohartarazi izana errebelazio baten gisakoa iruditu zitzaion. Koadrilako harremanak hobetzeari buruz, ez ziren ari bada iraultza egin nahian?, ez ote zen iraultza banakoaren arteko hartu-emanak hobetzea?, iruzkinak egiten hasten zenean ñoñostiar izenondoari psikollogo abizenak segitzen zion, Harakinen ahotik batez ere.
Isiltzea deliberatu zuen eta kafesneari heldu zion.
Fermin barrakaren barran zegoen Gariren mutilak igo zirenean; bera zen Lekunberri Aranaztik zegoen bakarra. «Ongi ez dakidan zein zigorrengatik». Urrutitik ikusten zuen Gari oholtza gainean mugi eta mugi. Buruz zekizkien kantak, baita azken diskokoak ere, eta erdi zerbitzatu erdi begiratu aritu zen, amorraturik batzuetan, azken txanda tokatu zitzaiola ahazturik bestetan. «Makurrena da nahita egin duela, Harakin kabroi horrek, edo nahita egin dutela Jexus Mari barne. Eta Bazter».
Plaza inguruko etxeetako pertsianak jaitsita zeuden, aldamenek aurrez erabaki gabeko protestaren seinale beharbada; herriko jendeak ez zuen batere ongi hartu jaialdia egitea, Udalak bereak eta bi egin zituen oztopatzeko, baina azkenean ez zen ausartu Guardia Zibilari hots egin eta jaialdia debekatzera; gizonek hilabete osoan erabili zuten gaia tabernetako elkarrizketetan, herria drogadikto, marikoi eta politikeroz beteko zitzaiela eta zerbait egin behar zela eta egin behar zela, azkenean, hala ere, tabernetako hautsak baino ez zituzten harrotu; emakumeek besterik ez zuten dendetan baina, kontra egitea gizonen kontua zenez, bere horretan utzi zuten, apokalipsia zetorrelako adakerarekin. Honengatik guztiagatik Ferminek inguruko etxeetako pertsianetara begiratzean, lepo eginen zuen pertsianen atzetik begira ari zirela, txutxumutxuan, Fermin bera, Harakin, Bazter, Manolo, Felipe, Esti eta abarren familien autoritate eta fundamentu eza ahotan harturik. Fermin eta Miren Bakaikukoa baino ez zeuden tabernan. Edariak ia agorturik zeuden, ez zegoen koka-kolarik kalimotxoak egiteko, kañetako upelak hutsik zeuden, freskagarriak bukaturik; ardoa eta zenbait pattar baino ez zitzaien gelditzen, eta horixe esaten zioten barra aldera hurbiltzen zen jendeari.
«Aizak, bi zerbeza!» eskatu zion barraren bestaldetik Manolo eta Feliperekin zegoen gizonkote musugorri batek.
Miren asaldaturik etorri zitzaion: «Handi hori ez dakik nor den?!».
«Ezaguna egiten zaidan baina...».
«Azkunde duk, Herri Batasunako mahai nazionalekoa» esan zuen.
Fermin gerturatu eta zerbezarik ez zegoela esan zien.
«Nola ez dagoela zerbezarik?! Izanen duzue baten bat ezkutaturik guretako».
Manolok eta Felipek, lehenago zerbitzatzen egonak zirenez, afera argituko ziotelakoan esperatu zuen Ferminek. Haien begiradak bilatu zituen, baina ihes egin zioten. «Hau laostia duk» pentsatu zuen Ferminek bere baitarako.
«Barkatu» erantzun zion Ferminek barkatu hitza testuinguru hari ez zegokiola oharturik, «ez zaigu ia ezer gelditzen, nahi baduzu pattarra daukazu edo...».
«Mekagoenlaputa» ebaki zuen, «ze ostiaren antolaketa da, dagoeneko dena amaitu baldin bazaizue! Gero ere» zuzendu zitzaion Manolo eta Feliperi «milioiak bilduko dituzue HBrentzat. Notejode».
Buelta hartu eta espantuka alde egin zuen, Fermini zer edo zer gaizki egin zuelako zartakoa gorputz osoan hedatzen zitzaion bitartean. Atzetik jarraitu zitzaizkion besteak Fermini begirada trixte bat ere eskaini gabe. Miren hurbildu zitzaion gero.
«Zer esan dik, zer esan dik?!» galdetu zion haur bat bailitzan algaraka.
«Mekagoenlaputa» erretxindu zen, «mekagoenlaputa esan zidan zerbezarik ez genuelakoz, eta gero fi eta fu hasi dun».
«Ba, hi beti igual» egin zion arrapostu, eta barraren bestaldera egin zuen zerbezarik eta kalimotxorik ez zutelako azalpenak ematera.
Ferminen garunak ergeldurik zirudien, «hi beti igual, hi beti igual» leloari jira eta bira. Norbaiti egokia ez zen zerbait esaten zion aldiro beste lelorik ez zuen entzuten. Bazirudien hitza bera ere kendua ziotela, horren zuen entzute gutxi. Donostian, ordea, aintzat hartzen zuten, eta ez zen Lekunberrin bezala koadrilako ergela, «Izateko, direna direla, ergel bat behar duten jendearen artean» Aliziak esanen zion bezala.
Jaialdia bukatu zenerako barrara azken hurbildutakoek zabaldua zuten edaririk ez zegoeneko berria; gainontzeko herriko tabernak itxiak zeudenez, berehala Altsasu aldera jo zuen jendeak, txupa beltzak eta ile tenteak autoetan desagertuz.
Harakin agertu zen tabernako barran Bazter, Jexus Mari eta Estirekin.
«Ez zegok ezer, gaizki kalkulatu diagu» bota zion Ferminek etorri berriei.
«Ongi atera duk».
«Bai, ba Azkunde horrek kristorenak esan zizkidak» saiatu zen Fermin ahalik eta ahots neutroenez.
«Azkundek?!» harritu zitzaizkion Jexus Mari eta Harakin, «ez diat uste, oso gizon jatorra duk, iruditu egingo zitzaian».
Ferminek ezer gehiago ez esatea deliberatu zuen. «Argi zegok esaten dudana esanda ez didatela sinetsiko».
Barraka jasotzen hasi ziren; Fermin botila hutsak kaxetan sartzen ari zen. Biltzeko, beti bezala, betikoak.
Harakinek aitaren traktorea ekarri zuen oholak, barrak, kaxa hutsak garraiatzeko. Jexus Marik lurreko poltsa gorria seinalatu zuen.
«Eta zer duk hau?».
Denek begiratu zuten Jexus Marik seinalaturikora.
«Nirea duk» hurbildu zen Fermin. «azkenean ezin izandu diat paratu».
«Baina zer duk?» galdetu zion Bazterrek, poltsa gorria eskutik kentzen saiatzen zen bitartean.
«Ezer ez».
«Ez diguk ikusten utziko?» Jexus Marik.
Fermin isilik gelditu zen poltsa gorria tolestua besarkaturik traktore erdi beteari so.
«Tira, mutikoa; gainera bazekiagu zer den, edo zer izan daitekeen, behintzat» Harakinek.
Ferminek amore eman zuen. Poltsa laxatu eta lurrera erori zen hots gor bat eginez.
Harakinek hartu, plastiko zuri bat atera eta zabaltzen hasi zen.
«Pankarta bat!» harritu zen Esti. «Zuk egin duzu?!».
Ferminek baiezko keinua egin zion Estiri.
Harakin eta Bazter pankarta zabaltzen ari ziren lurrean.
«Gora...» irakurri zuen Harakinek, Bazterrek destolesten segitzen zuen bitartean.
«Gora Iraultza...»
«Gora Iraultza Sexuala!».
«Gora iraultza sexuala!».
Bazterri begiratu zion Harakinek, gero Jexus Mariri, eta barrezka hasi ziren.
«Gure ñoñostiarra» bota zuen Harakinek barrezka.
«Ergela alaen ergela» erabaki zuen Bazterrek.