Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Fermin

 

Estudiante pisuko atea hautsiz sartu ziren polizia nazionalak Fermin atxilotzera. Furgoian etzanarazi zuten Iruñeko Komandantziako bidea egiteko. Zirrikituetan bilatzen zuen argi gabeziak eragindako arnas-estuasunerako aringarri. Txikitatik izan zion beldurra ilunpeari, birikek haizatzeari uzten zioten eta, hatsa hatsari emanik, ito beharrean jartzen zen.

        Zirrikituan paratu zuen begia. Karreterako marra zuriak ikusi zituen, jarraiak batzuk, aldikakoak besteak. Pixka bat lasaituz berera itzuli zitzaion arnasa. Furgoiaren burrunbak aldapan gora zihoazela adierazi zion. Izu-laborria eragin zion Komandantziara ailegatzean zetorkiokeenak. Berriz ere zirrikiturantz etzan zen airea edan nahian. Berdea ikusi uste izan zuen.

        Zer gertatu ote da? Komando ederra egina gaudek gu! Ezer egin gabe eta atxilotu gaitiztek.

        Alizia ikaratu egin zen pisuko kanpoko atea hautsi eta sartu zirenean. Gero hustasun imintzio batez ezkutatu zuen beldurra. Erdipurdiko heroiak. «Baina nora zindoazten? Zein Euskal Herri askatu behar zenuten? Esnatu!, Euskal Herriak ez du askapenik behar! Euskal Herriak, zerbait behar izatekotan, Bakearen aldeko erakundeak behar ditu» gehituko zuen ahots oldarkorregiaren garra esku laztan batez leunduz. Sutzen zenean desioa hedatzen zitzaion oldeka, eta askotan bukatu izan zuen Aliziarekin politikaren gaineko eztabaida ohean.

        Furgoian, hatsa hatsari emanik, horrela pentsatzen ez bazuen ere, bazekien komandoa osatu zutenetik bertatik, berak ez zuela heroi senik, ez eta Bazterrek ere, Harakin zela heroi sena izan zezakeen bakarra, eta beharbada Jexus Mari; ez bakarrik Harakinek konbikzio politiko indartsuagoak zituelakoz, baizik eta berak, eta Bazterrek, eta seguru aski Jexus Marik, heroi izateko inkontzientzia maila txikiegia zutelakoz, edo bestela esanda, burua senari gailentzen zitzaiolakoz.

        Non egonen dira besteak. Eta nola? Atxiloturik seguru. Kontuak atera zituen, bera atxilotzera Donostiaraino joan baldin baziren, besteak herrian bertan harrapatu eta harrezkero komisaldegian egonen ziren. Argiarekiko izuari zetorkionarekiko izuak gain harturik dar-dar hasi zen; ez zegoen heroitarako egina, esana zion Bazterri ETAn sartu nahi zuen galdetu zionean.

        Luze egin zitzaion Iruñeko bidaia, nahiz eta ailegatzeko gogorik ez izan. Burua beherantz, gela ilun batean sartu zuten bultzaka. Muturrez erori zen eskuak bizkarrean esposaturik. Furgonetako zoruan bezala gelditu zen ilunpetan, argi zirrikiturik batere gabe. Arnas-estua egin zitzaion berriz ere. Atera beharra zuen handik, hala edo hola, atera beharra zuen, lehertu eginen zen bestela.

        «Aquí tenemos a otro» entzun zuen polizia argia piztu eta gelara sartzen. «¿Qué nombre se habrían puesto si les hubieramos dado tiempo?» esan zion atzetik iritsi zenari.

        Fermin sillan eserarazi zuen eskubiarekin zaplazteko bat joz.

        «Zer moduz, Fermintxo?» galdetu zion euskaraz, polizia bat euskaraz entzuteak sortuko zion harridura irribarre batekin gozatuz.

        Fermin, zaplaztekoaren berotasuna masailean eta soinua belarrian, zur eta lur gelditu zen polizia euskaraz entzundakoan. Polizia bat euskaraz, Fermin, zer iruditzen zaizu polizia bat euskaraz?

        Esaldia bukatu bezain laster ukabilkada jo dio aurpegian. Fermini malkoak etorri zaizkio begietara. Eta malko artean Harakin etorri zaio gogora, egitera zihoazen ekintza guztiak aipatzen.

        «Beno eta zer pentsatzen zenuten egitea? Nor hiltzeko asmoa zenuten?». Euskaldun berriaren arretaz mintzatu da, dena argi eta garbi ahoskatuz. «Non duzue maleta?».

        Ez dio galderari erantzun itaunari ez adituarena eginez. Burua kolkoan sartu du malkoak estaltzeko.

        «Egin, egin negar orain... Galdetu dizut non dagoen maleta, non ezkutatu duzue?».

        Lepazaineko eder bat etorri zaio galderarekin batera.

        «Nik ez dakit ezer maletari buruz».

        «Maleta ez bada azaltzen, ez zarete hemendik aterako».

        Beste zaplaztako bat etorri zaio gainera. Fermin negarrez hasi da.

        «Ez egin negarrik, ergela! Zure laguntxo Carlos ere negarrez ari da. Goapoa da zure laguntxoa, ezta? Oso gustatzen zaio jendeari?».

        Bigarren poliziak barre egin du keinu lizun bat eginez. Giharrak tenkatu ditu berriz ere Ferminek, galderaren ezustekoak ekar diezaiokeenari aurre egiteko prest: buruan kolpe bat?, ostiko bat potroetan?, Bazter salatzea?

        «Oso goapoa!».

        Listin lodi batekin jo du buruan. Fermin sillatik erori da. Lurrean gelditu da animali zauritu baten gisan, haizea edan ezinik tunel bateko irteera begi antsiatuekin bilatuz.

        «Oso goapoa!».

        Barrezka hasi dira bi poliziak. Atea zabaltzean barreak izoztu zaizkie eta isildu egin dira. Takoien kolpe lehorra entzun du koadratu direnean. Ferminek behetik gora begiratu dio etorri berriari. Atzean duen fluoreszenteak errainu egiten dio, baina orbain gorrikara bat ezpainaren ezker ertzetik kokotserantz nabaritzea iruditu zaio. Etorri berriak Fermin kokotsera begira daukala ohartzean eskua eraman du orbainera. Descansen esan ondoren txutxumutxuan aritu dira etorri berria eta poliziak. «Ez dakigu ezer maletari buruz» ulertzea iruditu zaio Fermini. Urratsak entzun ditu, eta atea berriz ixten.

        «Hori ere, joan den hori ere, oso goapoa da» esan du polizietako batek atea itxi eta berehala. Barrez lehertu dira berriz ere.

        Ferminek begiak altxatu ditu poliziei zuzen-zuzen so egiteko. Ostikoa etorri zaio.

        Baina zer esan nahi du goapoarekin?, kontu hori gurutzatu zaio garunaren leku apartatuenean. Bazterrek esandakoaz akordatu da, desgrazien aurrean beste izateko, eta beraz desgrazia berari gertatu ez balitzaio bezala egiteko. Beste bat izanen da Bazter orain, dagoen ziegan dagoela? Saiatu da buruan eta ijara aldean duen minetik urruntzen, oinazeari paisaia bati bezala begi ematen, ziztada mingarriak besterenak balira bezalako axolagabeziaz sentitzen, baina hutsalean utzi dio ahalegina beste ostiko batek.

        «Zu ere oso goapoa zara!» oihukatu diote algara artean.

        «Non dago maleta, goapo?!».

        Ferminek ez zuen ulertzen zergatik segitzen zuten hortik, zergatik ez zioten galdetzen komandoari buruz, edo egin nahi zituzten ekintzei buruz, edo ezagutzen zuten jendeari buruz.

        Lehendabiziko poliziak pentsamendua irakurri izan balio bezala esan dio: «Esan beharreko guztia esan digu komando buruzagiak», eta azpimarratu ditu azken bi hitzak tonu ponposoan: «komando buruzagiak».

        Barre egin dute biek:

        «Galdeketa hau libertitzearren egiten ari gara».

        «Estos de ETA si no tienen un par de hostias» zuzendu zaio beste poliziari.

        Algaren artean ostiko bana bota diote Fermini sabelean. Kuzkurtu egin da eskuekin sabela babestuz. Izugarria da oinazea. Berriz ere paisaia bateko figura urruna bezala pasatu zaio oinazetik urruntzeko pentsamendua.

        Aliziari kontatzean, arraroa dela baino ez dio esanen: «Arraroa, goapotasunarena, ez horren arraroa zuek erdipurdiko heroi gisa tratatzea».

        «Konbentziturik nagoelako» erabakiko du Aliziak, poliziak bezain zehatz ahoskatuz euskaraz, «heroi guztiak direla erdipurdikoak, une batez baino ez direlako heroi, eta beraz, ez direla heroikeriek eragindako kalteak konpontzeko nahikoa heroi».

        Ferminek, komisaldegitik iragan ondoko ahuleziatik sendatzeko Aliziaren besoetan babesturik, ez zuen izanen arrapostu egiteko kemenik, alde batetik. Gertatutakoa arrazoitu eta ordenatzeko beharrari erantzuten lagunduko ziolakoz Aliziaren hitz jario agintzaleak, eta bestetik, gogo eta gorputz sasildua osatzeko Aliziarengandik hurrupatuko zuen maitasun hasiberriaren morrontzetako bat pagatzen hasi beharra zuela susmatuko zuelako.

        «Goapoa, hi ere oso goapoa haiz» esan zion gelditzen zen poliziak potroak igurtziz, argia itzali eta gelatik atera zenean.