Harakin
Hautsak Marcken gainean erori zirenean, braust batean aienatu zitzaizkion Harakini alkohol guztiak, ordura arteko benda kendu baliote bezala. Ez, jada ez zeukaten ezer egitekorik han. Marck burumakur. Sydney Jexus Mariren besoetan ezkutaturik. Ike soinekoan deseroso. Bazterren zati bat besoetako potoan. Eta Fermin oilo bustia. Non zegoen Sean? Bilatu zuen baina ez zen agertu.
Norbaitek zer edo zer esatea desiratu zuen, edonork, baita Fermin bazen ere!
Erlojua begiztaturik, hegazkina hartzeko hiru ordu zituztela egiaztatu zuen, maleta lurrean utzirik potoa besoz aldatzen zuela. Arima erratu bat bezala irudikatu zuen Esti umearen gela inguruan, lo ezinaren ordu luzeak ezin betez.
Duda egin zuen une batez omenaldiarena eta errautsak Beriainen haizatzearena egokia ote zen. Ferminen bisaia hitsa garunetik iragaitean eragin zion gorrotoak ziztaturik, erabaki zuen baietz, egokia baino egokiagoa zela, eta egun ederra pasako zutela Beriain goian Bazterren oroimena ondratzen.
Denek bestela uste bazuten ere, Bazter zena baino ez zela pentsatu zuen, alegia, euskaldun jator eta naturala, urtetan elkar ikusi gabe egonagatik adiskidea, berak ezagututako Bazter huraxe bera.
«Guk mugitu egin beharko genikek» esan zion Jexus Mariri erlojua seinalatuz. «Hiru ordu baino ez ditiagu aireportura ailegatu eta hegazkina hartzeko».
«Ni ere etxeratu egin beharko nintzateke» esan zuen Marckek.
«Orain agurrak. Agur zuretako, agur niretako, agur guretako» trufa egin zuen Ikek. «Eta zuek horrela banatuko zarete, pasio gau baten ondoren».
Jexus Marik Sydney pixka bat aldenarazi zuela ohartu zen Harakin, ordura arte heldurik eduki zuela orduantxe konturatu balitz bezala.
«Ez dut agurrendako balio» bota zuen Marckek.
«Seanek ere ez du balio» zirikatu zuen Ikek, «horregatik alde eginen zuen...». Zintzilik utzi zuen esaldia, zer edo zer gehitzekotan, baina atzera egin zuela iruditu zitzaion Harakini. Garai ederrean!, pentsatu zuen, gau osoa kristorenak esan ondoren.
«Beno, ongi bizi. Eta omenaldi polita egin Carlosi» musu eman zion Ikek Harakini, azenturik gabeko gaztelera perfektuan gehituz: «Mi querido ex-etarra».
Harakinek ez zuen harritzeko betarik ere izan, Marck etorri baitzitzaion eskua ematera, eta gero Sydney, Jexus Marirengandik laxaturik.
«Hortxe aurkituko duzue taxi geltokia. Ongi bizi».
Arbolen artean desagertu ziren arte itxaron zuten zutik. Hirurak sorbaldatik heldurik. Gaztetxo batzuk bezala, pentsatu zuen Harakinek. Txinbilin-txanbalan goizaldearen eguzkitan desagertu ziren.
Lurrean zeuzkaten poltsa-maletak hartu eta taxi bat gelditu zuten kalearen erdian. Taxiaren atzealdean eseri ziren. Harakin potoa eskuan. Ferminek eta Jexus Marik potoari begiratzen ziotela ohartu zen. Han zihoan Bazter.
«Zuek eraman nahi duzue?» galdetu zien Harakinek potoa eskainiz.
Ezezkoa egin zuten. Harakin asentuaren bizkarraren kontra etzanagotu zen besteen ezetzak harroturik. Bazekien ez zutela hartuko, beti igual izan baitzen, une erabakigarrietan bera uzten baitzuten buruzagi, Fermin ergel horrek esaten duena gorabehera.
Leihotik begiratu eta gero poto urdinean pausatu zituen begiak. Bazter. Omenaldi bat eginen zioten. Beste biei begiak potora nola joaten zitzaizkien ohartu zen. Sudurrak zintzatzeko beharra sentitu zuen, eta potoa asentuan utzirik saiatu zen mukizapia ateratzen. Orduan taxiak balazta egin eta potoak aurrera-atzera balantza egin zuen. Hirurek egin zuten potoa heltzera, eror ez zedin. Harakinek harrapatu zuen asentutik behera erori aurretik. Tapa jarri, eta asentuaren gainean barreiatu ziren errauts pixkei begira gelditu zen. Gero Jexus Mariri eta Fermini begiratu zien: hantxe zeuden biak asentuko errauts arrasto haietan begiak josirik. Zuriak ziren, uste baino zuriago, eta nabari-nabari ageri ziren asentuaren tapizeria berdearen gainean, Hauts xeheen artean harri ttintten gisako aleak tartean. Harakinek begiak jaso zituen errautsetatik eta besteengan paratu; bazirudien ikuskizun bati so zeudela. Duda une baten ondoren, eskuarekin kolpe batzuk jo eta hautsak harrotu zituen. Ferminek eta Jexus Marik leloturik altxatu zituzten begiak.
«Sar ezak nire poltsan, badiat lekurik» gomendatu zion Ferminek.
«Ez, hautsa atera eginen huke. Maleta egoki bat erosiko diagu. Fermin, esaiok taxi gidariari! Argi zegok gauzak esateko ni baino hobe moldatzen haizela ingelesez zein euskaraz» bota zuen, erdi ziri erdi gorroto.
Ferminek txanda pasa egin zuen.
Maleta-denda behar zutela adierazi zion gidariari. Kale batzuk ibili eta maleta-denda erraldoi baten atarian gelditu zen taxia. Sartu dira Jexus Mari eta Harakin, potoa besoetan, Fermin taxian espera gelditu bitartean. Ezker-eskuin begiratu du Harakinek, maletak, poltsak, motxilak, zakutoak, karterak...
«Hori erosiko zioagu» seinalatu zion Jexus Marik, tamainak ematen zuena bandera ingeles bat marrazturik zuen poltsa txikia seinalatuz.
«Hi haiz hi euskal labela, haragi ingelesa!», Harakinek.
«Zergatik ez?! Ez nabilek txantxetan».
Azken boladan honi ere ez zebilkiok ongi ganbara, pentsatu zuen Harakinek, Jexus Mariren keinu burlosoa begi-bistatik apartatu nahian.
«Badakik Ike horrek gaztelera perfektua egiten duela? Lepoa eginen nikek espainola dela!».
«Espainola?, bai zera».
«Ex-etarra hots egin zidak. Bokalak borobil-borobil ahoskatuz».
«Hara! Ez dik gezurrik esan behintzat; ex bahaiz, etarra ez zekiat».
«Eta hi eroa!» laburtu zuen Harakinek.
Eskuinetara jo zuen lurrean tamainako hurrenkeran kokaturik zeuden maleta berde batzuk aztertzera. Plastiko gogorrekoak ziren, sendoak ziruditen. Txikiena hartu zuen eta potoa sartzen zen frogatu. Bai.
«Hauxe» erakutsi zion Jexus Mariri.
Jexus Marik sorbaldak altxatu zizkion.
Dendariarengana hurbildu, potoa eta maleta mostradore gainean utzi eta kartera atera zuen. Ez zitzaion eskapatu dendariak potoari bota zion begiratu intrigatua.
«Samsonite, a good choice» esan zion dendari beltzaranak kobratzen zion bitartean.
«What?» galdetu zuen Harakinek, esan ahala sorry esan behar zuela gogoraturik.
«It is a very good suitcase».
Baiezkoa egin, kartera gorde, eta potoa esku batean eta maleta bestean atera zen dendatik. Taxian sartu bezain fite barnean kokatu zuen potoa kontu handiz, etzanik. Itxi eta asentu gainean utzi zuen.
«Omenaldirako prest!».
Ez zion kasurik egin Ferminen ironiari.