Jexus Mari
Heathrowko fakturazio mostradorean billeteak entregatu zituzten. Maleta-garraiagailuaren gainean utzi zituzten zekartzaten poltsa-maletak. Azafatak pedalari eragin eta pareraino ailegatu zitzaizkion hatuak. BIO xingola paratu zien eta billeteak entregatu.
«Hori ez duzue fakturatuko?» galdetu zuen, Harakinek zeraman maleta txikia seinalatuz.
Hirurek elkarri so egin zioten, bata besteari itaunka. Harakinek garraiagailuan paratu zuen maleta eta xingola itsatsi zion azafatak. Mostradore atzeko garraiagailuaren goma beltzaren gainean balantzaka zihoan maleta berdeari erreparatu zioten. Bat egin zuen beste maleta batzuekin, eta gero goma beltzezko errezelaz estaliriko zulo batetik galdu zen. Jexus Mariri, zergatik jakin gabe, Andiako arroila erraldoi bat etorri zitzaion gogora, berde iluna adar arreetatik hedatuz eta karraka, eta saia, eta eskinosoa, eta okila, eta gabiraia, eta mirua, eta Maria, eta Miren.
«Goazen kafetegira zer edo zer hartzera, beta badiagu» entzun zion Harakini.
Harakin madarikatua, Harakin ergela.
«Hire aginduetara» koadratu zitzaion Fermin.
Harakinen eta Ferminen arteko liskarra amaitu ez zelakoz poztu zen.
Heathrowko areto nagusian kasko soiltzen hasiei jarraitu zien. «El puto Fermin» bere adakerekin, eta batez ere «el puto Harakin».
Kafetegiko barrara ailegatzean Miren gogora ekarri zion emakume bati erreparatu zion. Zertan ariko zen Miren orain? Jakinen ote zuen Harakin Londresen zegoela? Beharbada Estirekin egonen zen goiz pasa. Emakumearengandik begiak aldendu eta Harakinen kaskoan pausatu zituenenean gorroto itsu batek erre zizkion barrunbeak.
«Zer hartuko duk?» galdetu zion Harakini erronkari.
Bazirudien ez zitzaiola ezer inporta, bazirudien hutsean erori zirela Ferminek esandakoak, bazirudien ez zuela inoiz ikasiko; izan ere, beti bezain harro zegoen, bete, oparo, «beti bezain Harakin» Mariak esanen lukeen moduan. Eta Maria, zertan ariko zen Maria? Haien ezkontza prestatzen akaso? Lekunberrin izanen ote zen bere gurasoekin? Maite zuen Maria, noraino zen ezkontza hura hegaztiak behatzen eta tabernaz taberna aurre egiten zion bakardadea uxatzeko aitzakia?
Egia esateko bera ez zegoen oso konbentziturik egin behar zutenaz, baina zaila zen Mariari kaskoan zerbait sartzen zitzaionean burutik kentzea, eta Mariari ezkondu behar zutela sartu zitzaion buruan, eta umeak izan gero, eta gauza horiek guztiak. Ama ikaragarri poztu zitzaion ezkontzera zihoala esan zionean, ez zion galdetu ezta norekin ere, baiezkoa baino ez zion egin, eta neska etxera ekartzeko agindu. Eraman zuenean pozik hartu zuen, egoki iruditu zitzaion: «Behin edo beste kalean ikusi zuen Miren hura baino askozaz egokiago» esan zion.
Harakin kafea eskuan jartzearekin batera mintzatzen hasi zitzaion, Ferminek ere aditzeko moduan.
«Bazkari popularra prestatuko diagu Beriain gainean, eta arratsalde partera haizatuko ditiagu errautsak. Gutako bat zuan, eta merezi dik».
Hiruko taldea hautsiz Fermin haiengandik atzeratu zela ohartu zen.
«Behingoz irakurriko zioagu Sarriren poema hori, Sustraiena, aurkituko diagu».
Harakinen ergelkeria gehiago aditu nahi ez duela erabaki du, eta hitza ahoan utzirik abiatu da komunera, Harakinen baina nora hoa oihuak gibelean dituela. Pikutara! Isilduko duk, isilduko denez, publikorik gabean.
Komunean sartu zenean bekoz beko so egin zion eskuak sikatzen ari zen gizon errubioak. Ez zion jaramonik egin eta erreserbatura abiatu zen. Atea ixten ari zenean gizona begira ari zitzaiola ohartu zen. Hankartera eraman zuen eskua gizonak.
Hau ere behar genian; marikoi bakarra ezagutzetik munduko marikoi guztiak nire atzetik izatera pasatu nauk egun baten buruan.
Beti egin ohi zuen moduan brageta laxatu eta atera zuen zakila. Jakina, ez du txizagurarik. Horrela egon da une batean, gogoa Miren eta Harakin Iruñean ikusi zitueneko gau hartara. Zer ikusi ote du Mirenek Harakinengan? Izan ere, berarengan ikusi ez zuena, baina beharbada eskura egon balitz ikustea bazeukana. Miren gaztetan Bazterren atzetik ibili zela akordatu da. Bazter. Marikoi bat. Herrian marikoia izateko nahikoa potro ez eta Londresera abiatu behar izan zuena. Estuegi eta prestuegi irizten ziola akordatu da, harremanen zuzentasunekiko milikeria haiekin guztiekin. Oker dabil Miren, lehendabizi marikoi batekin ibili nahi eta gero ezkondu batekin bukatu, nahiz eta adimenak esan ez dutela elkarrekin bukatuko; Harakinendako behintzat, ongi ezagutzen du Harakin, Miren tartetxo bateko emakumea baino ez baita. Esan egin beharko lioke Harakini; komun-zulo honetatik atera, mutur aurrean jarri, eta bazekiat Mirenekin habilela bota, hotz-hotzean. Seguru koldartu eginen litzaiokeela; ukatu eginen luke lehendabizi, eta gero, beti egin ohi duen moduan, aurrera egin eta lepoa eginen luke; eta «hi nor ostia haiz nire bizitzan sartzeko» batekin erabakiko luke. Orduan berak amorru bizian eskubiderik ez duela esanen lioke, ez duela eskubiderik alde batetik Esti engainatzeko eta bestetik Miren engainatzeko; Miren engainatzen ari dela seguru baitago; urrea eskainiko zion, eta Mirenek sinetsi. Eta orduan bai, eskubideen kontua aipatzean, eskubideak baitira Harakinen gaia, min hartuko lukeela eta atzera eginen lukeela, eta isildu ezer gehiago erantsi gabe, eta bera, Jexus Mari geldituko litzakeela garaile behin eta betiko.
Bilatutakoa zeukak bakoitzak, aitortu zion bere buruari Harakinen umeaz akordaturik. Lotsatu egin zen pentsatutakoaz, eta Mariak Esti ekarri zion gogora: «Zuk inoiz izan ez duzuna daukate» esanez. Esti eta Harakin, Harakin eta Esti, berak inoiz ez izandakoa, Miren guztiak gorabehera.
Nola izanen zen bere bizitza Mirenekin? Nola izanen zen Bakaikura eraman zuen gau hartatik zerbait atera izan balitz? Ez zen Mariarekin bezala izanen. Mariarekin ehizaturik sentitzen da, Miren berak ehizatu zuen. Desberdina izanen zen seguru, seguru ez zuela bizitza kareletik bota izanen, Mirenekin seguru bere haurrak sano aterako zitzaizkiola.
Harakin putakumea!
Zakila galtzetan sartu du eta bonbari tiratuz atera da komunetik. Aspaldiko amets bat bezain lauso kiribildu zaio gogoan Sydneyren gorputz potokoa.
Oilanda bat, erabaki du.