Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Jexus Mari

 

Autotik jaitsi eta, plazako jendeketaren artean Miren han egon zitekeela pentsaturik, buztangorri bat bezala harrotu zen Jexus Mari. Bihotza are gehiago haizatu zitzaion jendeak osaturiko korridore oihularian zehar Udaletxeko atarirainoko bidea egitean. Jendearen aurrez aurre, Miren aurkitzen saiatu zen ikurrina eta garrasien gainetik. «Gora Euskadi Askatuta, Gora Euskadi Askatuta, Amnistia Osoa!». Zirrara batek iragan zion bizkarrezurra. Bularra atera zuen puzturik. Beterik, oparo, indarturik sentitzen zen, «Nolabait esateko: gizonago; hori da hitza: gizonago» aitatuko zion Mariari, elkar ezagutu zuten eguna hizpidera ekarri zuten batean. Jendearen garrasiak isiltzean begiratu zioten elkarri, nor mintzatuko zen erabakitzeko. Argi zegoela pentsatu zuen Jexus Marik: Harakin; haren buruzagitasuna horren argi aitortzea, hala ere, ziztada baten gisa iltzatu zitzaion harrotasun puztuan.

        «Gora Euskadi Askatuta!» altxatu zuen Harakinek besoa.

        «Gora!».

        «Lehendabizi, eskerrik asko etortzeagatik. Ezin izanen dute gurekin», oihukatu zuen, «okupazio indar guztiek ezin izanen dute herri honen garrasia isilarazi, ze herri hau bizirik baitago, herri honek indarra baitauka, herri honen zainetatik odola baitabil; Espainiako komisaria guztiek ezin izanen dute herri honen askatasun egarria ito. Eta askatasun horren alde borroka egin duten gudari eta borrokalariak gogoratu nahi nituzke, bereziki Gabi, gure herriko presoa, kartzelan bost urte daramatzana. Aberriaren alde eman dute bizitza, eta gure egitekoa haiek askatzea da, gure askapenaren alde aritu dira borrokan eta horrengatik daude preso Espainiako Kartzeletan, eta horregatik egin behar dugu lan haiek askatzeko. Eta lan egiteko modurik hoberena antolatzea da, militatzea, nahi den tokian: Gestoretan, Herri Batasunan, beste erakunde batean; baina herri hau askatzeko denok antolatu beharra dugu, eta lan egin. Euskadiren askapenaren aldeko borrokan aurrera jarraitu behar dugu. Gora Euskadi Askatuta!».

        «Gora!».

        «Gora Euskadi Sozialista!».

        «Gora!».

        «Gora ETA militarra!».

        Bere buruari aitortu behar izan zion Harakin ongi aritu zela, baina berak, esaterako, ez zuen oihukatuko, abiadura pausatuagoan mintzatuko zen, «Bestela mintzatuko nintzen» esanen zion Mireni, aitorpen intimoegia egin ahala lotsaturik.

        Fermin, Harakin, Bazter eta laurak paratu zituzten manifestazio buru ikurrin bat eskuetan. Poz ametsetan bezala murgildu zen kale nagusian barna, Amnistia Osoa oihuka. Harakini begiratu zion. Badik honek zerbait. Etxe ataritik pasatzean gurasoak ikusi zituen atarian: ama irribarrez; aita serio baina, ez, hala zirudien, haserre. Gurasoak politikan ez sartzeko aholkatu bazioten ere, ulertzen zuten, nolabait, gazte izanik zerbait egin beharra zegoela gertatzen ari zenaren aurka, nahiz eta gertatzen zen horri aurre nola egin zehazten saiatu ziren aldiro, batez ere aitarekin, bat ez etorri. Eskua jaso zien diosal gisa.

        Atzera plazara ailegatu zirenean, Eusko Gudariari ekin zioten besoak gora. Lehendabiziko aldia zen ereserkiari zentzua hartzen ziola: «Eusko Gudariak gera Euskadi askatzeko, gerturik daukagu odola bere alde emateko; irrintzi bat entzun da mendi tontorrean, goazen gudari denok ikurrinan atzean».

        «Gudari bat bezala sentitu ginen» esanen zion Mariari, hainbat urteren buruan berriz ere topo egin ondoren elkar ezagutu zuten eguna gogoratzean; «Ni behintzat bai».

        Afari herrikoira abiatu ziren. Elkarte eta plaza ondoko aldamenek, atarietan zeuden denek, komisaldegian bost egun igaro ondoren irten, irten zutela frogatu nahi bailuten arretaz erreparatzen zieten; batzuek-batzuek harrera irribarrea, Ferminenez zuria, ezpainetan; besteek, aldiz, jakin-min gaizto batek bultzaturik, gero txutxumutxuan aritzeko.

        Mahai buruan eserarazi zituzten hiru atxilotuak. Miren negu gorrian horma-txoria sukalde epelean sartu modura begiztatu zuenean, egoeraren sukarrak eraginik, bestela ez baitzuen horrelakorik inoiz eginen, bera oilagorra bezala baitzen, hegazti bakarti eta herabea, begiak garondoan kokaturik aurrera nola atzera atezuan egoteko gauza, besoarekin agur egin eta bere ondora esertzera etortzeko oihukatu zion, Fermin eta Esti eta Harakinen aurrean nabarmenduz, iruditu zitzaion. Mirenek, Esti eta Harakin ikusi eta, zalantza mugimendu kulunkari baten ondoren, mahai luzeetan leku bila ari zen jendearen artetik aurrera egin zuen haien ondoraino.

        «Zer moduz!?» zabaldu zizkion besoak Harakini, alegrantzia ahotsean.

        Gero Fermin besarkatu zuen eta azkenik, bera.

        «Zer moduz zaudete?».

        «Ongi» erantzun zion Harakinek.

        Azken ikusitakoan, urtebete-edo bazen autoko zera hura jazo zenetik, baino ederrago zegoen. Bakaikuko bidea iragan zitzaion gogotik, autoko kristal lurrinduak, gona beltza, Miren gainean, eta gero etxeko atarian barna nola galdu zen urtebeterako. Ez zegoen seguru hartu nahi zuen jarreraz, baina Mirenek zikoinaren dotoreziaz fular morea kentzean aitzakiak aienarazi zizkion bere buruari.

        «Eta Bazter?» galdetu zuen Mirenek.

        Elkarri begiratu zioten, Bazter haien atzean ezkutatuko balitz bezala. Felipe eta Manolorekin batera Azkunde Herri Batasunakoa gerturatu zitzaien agur egitera. Azkundek «Askatu zaituzte orduan» esanez txapla egin zion bizkarrean, Felipe eta Manolok irribarre egiten zuten bitartean.

        «Bazter?! Oraindik plaza inguruan egonen da», Harakinek.

        «Ama agurtzera joan da. Joanen naiz bila», Ferminek, altxaturik.

        «Etorriko duk, ezta?» galdetu zuen Felipek.

        Harakinek baiezkoa egin zion. Mahaiaren beste muturretik norbaitek deitu eta harantz alde egin zuten hirurek. Mirenentzat hitz batzuen bila saiatu zen Jexus Mari. Alferrik.

        «Ez dela heldu» eseri zen Fermin, asaldura aurpegian.

        «Nola ez dela heldu?», Jexus Marik.

        «Ba hori, ez dela heldu» ebaki zuen Ferminek, Harakini azalpenak eske.

        «Baina nola ez duk etorriko?!».

        Ez zitzaion bidezkoa iruditu, kartzelara joatear egon ziren eta askatasuna ospatu beharra zegoen. Aiduru gelditu zitzaion Harakini, larriune hartan zer egin jakin beharko zuelakoan. Hutsa, Harakinen aurpegia. Uste izan zuen altxatu eta bila abiatuko zela, ekarrarazi eginen zuela, komando buruzagitasunak eman autoritatea erabiliko zuela, edo, makurrenen ere, azalpenen bat aterako zela haren ahotik; baina ez.

        Egon zen jaiki eta haren bila joatekotan, baina berehala erreparatu zion ordura arte oharkabeko lege bati, zeinak afera hura pasatzen uzteko agintzen baitzion.

        Gauean zehar, «Denek, nire oharkabean, Bazterren gaineko itunen bat sinatu dutela egin zaidanez, zalantza une baten ondoren, bere horretan uztea erabaki dut» argituko zion Mireni, ohiko hitz urriak berriketa geldiezin bihurturik.

        Afaria bukatutakoan, Fermin, Harakin, Jexus Mari, Esti eta Miren tabernetan sartzen ziren aldietan jendearen arretaren itu ziren. Jexus Marik limurtasun laztankorrez jasotzen zituen erdi-heroi, erdi desio erotiko, xede bihurtzen zuten begirada haiek; Miren inguruan izateak eta eskuan fariari tiratzen zizkion bufadek areagotu egiten zioten sentsazio hura gainera. Bere burua, haren guztiaren, askapen, borroka, mugimendu, iraultzaren ardatz izan izanak marraztutako keinu alaitsua kamustu egin zion Harakinen bisaia zurbil eroriak.

        «Zer pasatzen zaik?».

        Harakinek sorbaldak jaso zituen. Musika ozenak bat egiten zuen giro alaiarekin, jendeak ataka gaitzetik jalgia zirudien. Estiri begiratu zion Harakinekiko laguntza bila edo. Estik ezer ez zekielako keinua egin zion.

        «Gizona, libre gaudek! Gaizki pasatu diagu, jo egin gaitiztek! Zergatik hago horrela?».

        «Hi laostia haiz!».

        Jexus Marik Mirenengan eta Estirengan bilatu zuen laguntza. Taberna osoa begiztatu zuen. Jendea kantan eta dantzan. «E, txo, gehiegi itxoiten duk».

        «Ez haiz ohartzen pott egin dugula?» oihu egin zuen Harakinek musikaren gainetik. «Zergatik harrapatu gaitiztek ezer egin aurretik?».

        Esti beldurrez zegoela ohartu zen Jexus Mari, Harakinen galdera haize hotz bat bezala hedatzen zitzaiola.

        «Ez diagu ezer egin, ez diagu ekintza bakarra ere egin, eta nik bazekiat gure kontaktua oraindik libre dagoela» murduskatu zion Harakinek ia belarriraino gerturaturik, larritasuna ahotsean. Gero Mireni begiratu zion esaten ari zenaz damuturik.

        «Saiatu gaituk behintzat, bai. Baina zer esan nahi duk kontaktua libre dagoelako kontu horrekin? « egin zuen garrasi Jexus Marik, Eh Txo Hertzainak-en kanta bukatu zen une berean.

        Ondoan zeuden Azkunde, Manolo eta Felipe itzuli egin ziren Jexus Mariren garrasietara. Luze egin zitzaien laurei hurrengo kanta hasi arteko tartea. «Bakean utzi arte, utzi arte».

        Jexus Marik komunera alde egin zuen, nahiz eta ez izan horretarako gogorik. Bazekien galdua zuela pentsatzen zuena Harakini aitortzeko aukera. Zerbait lotsagarri egin bailuten elkarri ezin begiratuz, tabernako giro alaiari so gelditu ziren leloturik. Haien askatasuna ospatzera etorri eta noizean behin, zeharka, desioz zein jakin-minez begiratzen zieten elastiko moredun neska gazte eta alegera haien, algaraka ari ziren mutil txupa belzdun haien alaitasun giro zalapartatsuarekiko arrotz sentitu ziren.

        Estik Harakin eta Fermin besotik heldu, eta agur esanez hartu zuen etxerako bidea. Jexus Marik, etsirik, Miren harrituari desenkusa keinua eskaini ondoren beste taberna batera joatea proposatu zion. Baiezkoa egin zion Mirenek, baina hura ere urruti nabaritu zuen Jexus Marik, zegoeneko, eskuak bularrean gurutzaturik, babeserako prest. Gauean bigarrenekoz, Mirenen irudia etorri zitzaion Bakaikuko etxean sartzen, autoaren argi-fokuetara, ipurdi aldea, gona beltza, izterrak, atea irekitzen, atea ixten, eta gero ezer ez; gaua eta autoko kristal lurrinduak. Irudi hartako Mirenen ihesa ekidin nahian, barra-barra hasi zen edandako zerbeza ugaria lagun: «Ongi aritu da Harakin ongietorrian, baina nik beste hitz batzuk erabiliko nituen, ez duzu uste?; komisaldegian kristorenak eta bi egin dizkigute; nik uste dut, genekien hoberen egin ditugula gauzak; asko akordatzen naiz etxera eman zintudan hartaz, ongi egon zen ezta?; nahi duzu beste zerbeza bat; bai, Bazterrek etorri egin behar zuen afarira, ama ikusiko zuen bihar, baina Bazter batzuetan oso arraroa da, nik batzuetan ezin dut berarekin; eta Harakin ere, laostia da».

        Isildu zenean lotsatu egin zen. Ohartu zen, Mirenek betebeharrari eusten ari zaionaren arreta-bisaia nabarmenegia zuela. Berriz ere Mirenen etxe-atariko irudia etorri zitzaion.

        «Berandu da, etxera joan behar dut».

        Ez zen ezertan saiatu. Ez zion esan, esaterako: «Errepikatu nahi duzu duela urtebete egin genuena», edo: «Eramanen zaitut etxera».

        Autoan nola igotzen zen begira egon zitzaion, zoriaren mirakuluren batek iritziz aldatzera behartzen ote zuen espera. Lehendabizi hanka bat, gero bestea, gorputza, agur egin zion besoaz azkenean.

        Zikoinaren dotorezia, birigarroaren bihotza, aztorearen sena.

        Autoaren atzeko argi gorriak gauean aienatzen...

        Aurreko tabernara itzuli zen. Jendeak dantzan segitzen zuen.

        «Kaixo».

        Pertxenta zen, oso gaztea, hamabost urte inguruko, gorrixka ilea, gona morea, eta euskaldun berriaren azentua.

        «Kaixo, Maria naiz».

        Pipin-txoria, pentsatu zuen Jexus Marik, horren zen pollitta.