Harakin
«Asko jo zaituzte?» itaundu zion Estik aurpegian laztan egiten saiatuz.
Harakinek laztanari ihes egiteko aurpegia atzeratu eta ezezkoa egin zion buruarekin.
Vuelta del Castilloko aulki batean eserita zeuden Harakin komisaldegitik atera ondoren. Bazter, Jexus Mari eta Fermin barnean zeuden oraindik.
«Asko jo zaituzte gixajo nirea?».
Gora eta behera eragin zion buruari, nahiz eta ezezkoa, Estiren galderari edo beste zerbaiti, zeri egin zion argi ez egon.
«Nik zainduko zaitut, maitea».
Utzi egin zion Estiren eskuari aurpegitik pasatzen. Larru azalaren laztana, haizekirri fresko bat. Langarrari eman zion.
Gizon ezezagun bat eseri zen pareko aulkian. Hotzikarak zeharkatu zuen Harakinen gorputza.
«Aldatuko gara tokiz?».
Ezezkoa berriz ere. Erreka jota zegoen, mina egin zioten, gorputzeko minaz harantzagoko oinazea.
Aulkiko gizonari eta zeraman maletari begiratu zion, polizia ote zen igarri nahian. Esti berehala ohartu zen zer zerabilen buruan. Laztan egin zion berriz.
«Ez dauka itxurarik».
«Ez» esan zuen azkenean.
Gizonak, aulkian bakarrik, begirada izua eta itxura deslaia zeuzkan.
«Bazter ez dute jo» esan zuen urrutiko ahotsez. Ijaretako mina nabaritu zuen. Mahuka jaso eta besoetan zuen odolbildua laztandu zuen, gero langarretan uzteko. Ttantta ñimiñoek urdina zipriztindu zuten.
Gaztainondoei erreparatu zien. Berdeak griskara metalikoaren kera hartu zuen.
«Eta?».
«Ba hori, ez dutela jo».
«Ikusi duzu komisaldegian?».
Baiezkoa egin zuen. Elastikoaren bustidura nabaritu zuen bizkarrean behera.
«Maleta batengatik galdetzen ziguten. Nik ez dakit zer maleta, baina maleta gora maleta behera ibili dira barnean egon garen egunetan».
Estik ez zion ezer esan. Berdetasunean galdu zituzten begiak.
«Ez dakit nola harrapatu gaituzten!».
«Norbaitek kantatuko zuen».
Ezezkoan eragin zion buruari.
«Kontaktua oraindik libre dago».
Biek gizonarengan pausatu zuten soa. Langar ahula neurtu zuen esku ahurrez. Larruzko maleta beltza hartu eta estalkia jaso zuen. Ferraje urreztatuek, larru granatezko giderrak, larru beltzaren distira amiantozkoak begi-bistatik ezkutatu zien gizonaren aurpegia.
«Beno horrek ez du inporta orain. Aske zaudete».
«Ez dugu ezer egin».
«Zer esan nahi duzu?».
«Ez dugula ezer egin».
«Bai, hori entzun dizut, baina zer esan nahi du horrek» esan zion Estik egonarria galtzear.
Langar berdean emakume eta muttiko bat hurbildu ziren gizonarengana. Gizonak maleta itxi zuen, baina ez zen altxatu ongi etorria egiteko. Aulkian eseri ziren muttikoa erdian zutela. Muttikoa atzeratua zen, eta gizonari begiratzen zion lehendabizi eta gero emakumeari. Gizon-emakumeak ez zioten elkarri hitzik egin.
«Asmo asko genituen».
Esti azalpen gehiagoren espera gelditu zen.
Isiltasuna ezarri zen bien artean. Koadrila Isila osatu zuten gizona, emakumea eta mutikoarekin. Denak Indi gaztainetan langarraren kolore griskaran deslai.
Bazekien Estik ez ziola horren inguruan galderarik eginen, eta hitzen bila ari zen.
«Ekintza asko egiteko asmoa genuen eta...» gelditu egin zen.
Gizonak maleta eman zion emakumeari mutikoaren gainetik. Ferraje urreztatuek errainu histua egin zuten.
«...borrokarako asmoak genituen; ez dugu ezer egin eta atxilotu egin gaituzte; erreta gaude ja».
Tonuagatik esaten ari zena baino gehiago esan nahi zuela igar zitekeela ohartu zen. Esan nahi zuena baino gehiago esan nahi ote diat?, ausartu zen galdetzera bere baitan.
«Ez dakit nola harrapatu gaituzten!».
«Ez eman buelta gehiago horri», Estik. Besarkatu egin zuen. Harakin gorputz hila bezala utzi zen besarkatzen, ijaretan zeukan mina gorabehera.
«Zer moduz ikusi duzu Bazter?».
«Ez dute jo».
«Baina zer moduz zegoen?».
«Nahiko erorita».
«Ez dugu ezer egin eta erreta gaude. Ez dakit nola harrapatu gaituzten!».
Tonuaren bortitzak isilarazi zituen.
Emakumeak, altxatu, umeari bi musu eman eta alde egin zuen, gizonari agur keinu baldar bat eginez.
«Badaude borrokatzeko modu gehiago» esan zion Estik.
Ez zion erantzun. Lotsaturik zegoen, eta eman zizkioten kolpeak baino min gehiago egiten zion lotsak.
Gizonak muttikoa besotik heldu eta emakumea joan zen kontrako norabidea hartu zuen. Mutikoak seinalatu zituen joan aurretik. Estiri irribarre ezdeus bat marraztu zitzaion aurpegian. Gero berriz besarkatu zuen Harakinen gorputz mortua.
«Goazen Komandantzia aldera».
Besotik heldu zion Estik. Ongi etorri zitzaion, izterrean emandako kolpearen ondorioz ezin baitzuen ongi ibili.
Musu bat pausatu zuen Estiren kopeta bustian.