Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Harakin

 

Zalantzak aienatu zitzaizkion, Ike Ortzadarraren Bandera zerraldo gainean paratzen ikusi zuenean. «Zeren bandera ote duk Ortzadarrarena?». Ikurrina paratzera atera zedin eskatuz aditu uste izan zuen Jexus Mari. Bazekien Ferminek ez zuela gustuko izanen, eta horrek, ez duela zenbait urte baina bai orduan, atzera eginarazi zion. «Zer esanen dik ba Ferminek, Gestokoa duk-eta» erabakiz, ezkerreko hanka mugitu zuen aulki korritutik ateratzeko asmoz. Bazterrek merezi zuen ikurrina gainean eramatea, euskaldun orok merezi zuen; zalantza egin zitzaion, ordea, Bazterren lagunek nola hartuko zuten. Ongi seguru aski, Ikeren bandera, ordezkatzen zuena ordezkatzen zuela, paratzea ongi hartu zuten bezala. Soldadu baten modura planeatu zuen Ferminen eta Jexus Mariren artetik ateratzea eta oholtzaraino ailegatzea. Jende gutxiago zeukan Ferminen aldetik, nahiago zuen, hala ere, Ferminekin ez zen inoiz jakiten, Jexus Mariren aldetik erdiko korridorera atera eta aurrera egitea. Jexus Mariren laguntza bilatu zuen, bere baitan galdurik zirudien, ordea, Fermini begiratu zion gero, kasurik ere ez. «Ergela! Zergatik ez zuen ekarriko Sarriren sustraien poema hura. Jakin izan balu berak ekarriko zuen».

        Jexus Mari pixka bat bazterreratu ondoren atera zen korridorera. Aurrera egin ahala lepagainean iltzaturik nabaritu zuen Ferminen begirada, «herratsua», erabaki zuen. Fermin koldar bat duk, beti izan duk koldar bat. Egiten ari zenaz Estik zer pentsatuko ote zuen itaundu zion bere buruari. Ergelkeria zela seguru aski, baina Estik azken boladan, haurraz aparte, denari irizten zion ergelkeria. Esti eta izan behar zituzten haur guztiak, Esti eta zeramaten bizimodua, Esti eta seme atzeratua. Eta haurrari zer irudituko zitzaion? «Izanen ote du gure haurrak iritzirik horrelako egite bati buruz?». Bazterrekin Kaplan doktorearengana joan zeneko hartaz akordatu zen. Ba ote zekien orduan Bazterrek minbiziak jota zegoela; eta baldin bazekien, zergatik ez ote zion esan, benetan adiskide minak baldin baziren; izan ere, Ferminek zioena egia zen beharbada, adiskideak ondoan dituzunak direla.

        «Nora ostia hoa?» entzun zuen atzetik.

        Ergela, pentsatu zuen. Hala ere, inarrosi egin zuten Ferminen oihu zezelduek, hanketan dardara sentitzeraino. Poltsikora sartu zuen eskua, ikurrina ukitzeak segurtasuna eman ziezaion.

        Labanak bezala bildu zituen hiletarren soak. Lehendabiziko ilarara ailegatu zenean Marcken eztula aditzea iruditu zitzaion. Zeharka begiratu zion; han zegoen traje beltzez jantzirik, zutik eta atezuan; beste aldean zeukaten Ike, aulki korrituan eroririk, negarrez.

        Oholtzara igo eta itzultzean desegoki jantzirik sentitu zuen bere burua. Gizonak traje beltzez, emakumeak soinekoz eta sonbreiruekin batzuk. Ike, Jexus Mari eta Fermin ziren koloredun azpil bakarrak. Ferminen aurpegi erdi izutu, erdi eskandalizatuari erreparatu zion, ondoan Jexus Marirena: burlatsua iruditu zitzaion, ikurrina paratzeak jendearengan sor lezakeen erantzun desegokiaren esperatzeak libertituko bailuen.

        Eskua poltsikora bota eta ikurrina atera zuen tolesturik. Bazterren Londresko lagunek, oraintxe aurrean dituen lagunek, ez dute zertan jakin, baina Ferminek eta Jexus Marik jakin beharko lukete, Bazterrek, bizirik balitz jakinen zuen moduan, ikurrina, oraintxe bertan Bazterren zerraldoari paratzera doan ikurrina ez dela edozein ikurrina, eskuan duen ikurrina komisaldegitik atera ondorengo manifestazioan erabili zuten ikurrina bera baita, Bazterri etorri zenean eman nahi eta hark hartu nahi izan ez zion bera, nahiz eta oraindik ere Harakinek bere buruari galdetu zergatik arraio ez zuen hartu nahi izan.

        Harakinek ikurrina zabaldu eta, Ortzadarraren Bandera ez ezkutatzeko tentuz, ikurrina paratu zuen zerraldo gainean.

        Burua jaso eta jendeari so gelditu zen. Istant batez Esti jendartean zegoela iruditu zitzaion, haurra besoetan, irribarrez. Dena hobe izan zitekeen.

        Halako batean hiletako jendea txaloka hasi zen. Oholtza gainean gelditu zen, txaloak jasotzen, Fermini, Ferminen koldarkeriari erronkan; baina Fermin burumakur zegoen, gertatzen ari zenari ihesi egin nahian. Jexus Mari bilatu zuen; keinu burlosoak egoneza eragin zion, ez baitzekien zertara zetorren. Uler zezakeen neurri batean Ferminen lotsa, edo izua, baina Jexus Mariren keinu hark ukatu egiten zion egindakoaren egokiera eta, hitzari gehiegizko iritzi baldin bazion ere, balentria.

        Zirt-zart batean egin zituen zerraldoak laberako falta zitzaizkion metro eskasak. Hormako zuloa estaltzen zegoen gomazko errezel beltza ireki eta han desagertu ziren Ortzadar bandera eta ikurrina. Errezel beltzak, berera itzuliz, zuloa estali zuenean gomaren distira txarolatuari leloturik gelditu ziren denak. Oholtza gainean bakarrik zegoela konturatutakoan jaitsi zen Harakin. Zain eta deseroso nabaritu zuen jendea, hitzik gabean bukatu ote zen galdezka. Marckek itzuli behar izan zuen, eskuekin bukatu zelako keinua eginez. Eztul batzuk entzun ziren lehendabizi, gero marmar murduskatu bat, gero ahots ozenagoak, barreren bat ere bai. Marck desenkusa keinuz desagertu zen ate batetik harantz, errautsen bila-edo, pentsatu zuen Harakinek.

        Fermin zetorkion oldarrean, begiak sutan, arrazoiak fifaka. «Hi, hi, hi...» lortu zuen esatea Ferminek haserrearen artetik.

        Harakin so gelditu zitzaion, burua zertxobait goraturik, berezko zuen keinua marraztuz.

        «Zertarako paratu diok ikurrina. Bazter ez zuan gudari bat».

        «Eta zer?».

        «Ikurrina paratzean herorrenera baino ez duk eraman Bazter, eta Bazter ez zegoan hi hagoen tokian. Aspaldi, aditzen duk, aspaldi utzi zioan euskaldun izateari».

        «Euskaldun jaiotzen denak euskaldun izaten jarraitzen dik beti».

        «Hara! Mekaguendios!».

        Harakinek Jexus Mariren bisaia bilatu zuen laguntza eske, aurreko keinu burlatiarekin egin zuen topo, ordea.

        «Bazter ez zuan hangoa jada, Bazter hemengoa zuan; ez haiz ohartzen, bera izateko, homosexuala izateko ere handik ihes egin behar izandu zuela. Zer uste duk, bazeukala lekurik han?».

        «Zer ikusteko zeukak homosexuala izateak edo ez izateak. Denok zoriontsuak garen neurrian izanen zuan Bazter zoriontsu Lekunberrin, ni eta hi bezal-bezalaxe. Ez zitian ba hogeita bost urte bertan eman. Bazter zintzoa zuan, hi ez bezala; zergatik alde egin huen hik, Gesto por la Pazekoa egiteko?, horretarako alde egin huen?».

        «Hara! Horregatik orduan! Gauza bat esanen diat...».

        Fermin ia garrasika aritzeak kanporantz zihoan jendearen arreta bereganatu zuen. Baxuago aritzeko keinua egin zion eskuekin.

        «Ez esateko niri isiltzeko! Hi...».

        «Zer iruditu zaizue ospakizuna?» hurbildu zitzaien Sydney, ilaje gorria harroturik eta begiak beterik.

        Harakinek Ferminen gorrotoa atzera egiten ikusi zuen, atzerantz doan olatu baten gisa, harik eta kartolak itxirik gorrotoa hesiturik gelditu zen arte. Hurrengo arte, pentsatu zuen Harakinek Ferminen gorabeherei jaramon handiagoa egin balie.

        «Gure Ike honek beti haizatu behar ditu bere erreginakeriak. Ez zeukan igotzerik baina... Beno, ez da gaizki egon. Niri ez zait gehiegi gustatu musika, baina azken boladan Carlosek gehien maite zuen musiketako bat zen. Niretzat sobera goibel, baina Carlosek hala utzi zuen idatzita».

        «Jende asko etorri da» bota zuen Harakinek, izpil beltza zuhaitz berdeen artean sakabanatzen ikusten zuela.

        «Bai, badakizu, lankideak, ezagunen bat edo beste, eta deus gutxi gehiago. Londresen oso erraza da jendeak ezagutzea, oso zaila lagunak mantentzea, ordea, eta azkenean oso jende gutxirekin izaten duzu harremana. Zuek ere berdintsu ez? Oso herri txikian bizi zaretenez».

        «Bai», Harakinek.

        «Nik ez naiz herrian bizi jada» entzun zuen Fermin zizaka esaten, «Donostian bizi naiz».

        Harakin ñoñostiarraren adar jotzea egitekotan izan zen, baina eutsi egin zion, bazterrak berriketarako ez zeudela erabakirik.

        «Gutxiegirekin», Ferminek.

        «Nola?».

        «Jende gutxiegirekin dugula harremana, alegia».

        «Oi, bai; gu hemen gaudenak baino ez ginen, familia antzeko bat: Marck, Carlos, Ike, Sean eta bostok. Baina orain Carlos hil zaigu eta umezurtz gelditu gara. Badakizu».

        Harakinek Fermin, burua makurtuz, bazekielakoa egiten ikusi zuen. Ze jakinen dik horrek Londresko bizimoduaz. Enterao bat zela erabaki zuen, Fermin izateaz aparte.

        Ike hurbiltzen ikusi zuen; susperturik zetorren, soineko morea binbilin-banbalan mugituz.

        «Gustatu zaizue poema, my dear?» galdetu zion Sydneyri.

        «Bai, asko. Norena da?».

        «Walter de la Mare-rena. Eta zuei?».

        Harakinek aditu zuen Fermin poema erabat ulertu ez zuela aitortzen.

        «Afaltzera ere joan beharko dugu. Non dabil emakume hau?».

        «Zein emakume?» ausartu zen Harakin.

        «Nor izanen da ba, espainol maitagarria, Marck!».

        Harakini mespretxua hedatu zitzaion barrunbeetan. Emakumea? Espainola? Tipo hau jota zegok, eta ez bada isiltzen bereak adituko ditik».

        «Goazen begiratzera, my dear» heldu zion Ikek Sydneyri.

        Oholtza gainean zegoen atetik desagertzen ikusi zituzten biak, besotik heldurik.

        «Tipo hau jota zegok. Horrelako beste bat egiten badit kristorenak esanen zizkioat».

        «Bai, zera esanen diok hik» oldartu zitzaion Fermin, aurreko eztabaida lehertu gabea gogoan, seguru aski, pentsatu zuen Harakinek. «Hire ingelesa moldatzeko baino ez duk ailegatzen, nirea bezala, bestalde, eta horrek primeran egiten dik ingelesez».

        «Igoal duk, euskaraz esanen zizkioat!».

        «Kaka esanen diok hik!».

        Harakin sutu egin zen. Honen ergelkeria Ike horrena bezainbestekoa duk.

        «Nik esanen zioat nahi dudana, eta hi ez hadi sartu. Oraindik ez dituk denak entzun eta. Ergela!» esatearekin batera jakin izan zuen Harakinek, gaua ez zela bakean joanen; baina Ferminen begietan ikusi zuen garretatik ustekabean salbu sentitu zen, ordukoan Marck baitzetorren, eta Sydney eta Ike segizioan bezala, bi poto urdin eskuetan.

        Hurbildu zitzaienean Harakini luzatu zion portzelanazko potoetako bat. Harakinek Marcki so egin zion, gero Jexus Mariri, gero Fermini. Metalezko zaporea hedatu zitzaion zintzurrean behera. Marckek potoari eragin zion, hartzeko keinua eginez. Ferminek hartzekoa egin zuen, baina Harakinek eskuak luzatu eta berak hartu zuen potoa.

        «Errautsen erdiak Basque Countryn haiza ditzazuen».

        Harakinek bularrera ondoratu zuen potoa. Marcken antezko zapatei erreparatu zien; gero burua goratu zuen, bere betiko keinuan.

        «Thank you» aurreratu zitzaion Fermin.