Marck
Felipe eta Manolo goizeko ordu bata aldera kostata aterarazi ondoren, atea ixtera zihoanean hartu zuen susmo txarra Carlosek. Gauari behatu zion ate bokaletik. Ez zebilen autorik, ez eta arimarik ere, baina bizkarrezurretik hotzikara batek eraso zion. Azken boladan, komandoa osatzea erabaki zutenetik, «ekintzarik», Harakinek esaten zuen bezala, egin ez bazuten ere, paranoia mailak goia joa zion Bazterri; nonahi agertzen zitzaizkion auto susmagarriak, guardia zibilak iruditzen zitzaizkion tabernan agertzen ziren kanpotarrak, soinurik txikiena ere bila zetozeneko irudipenarekin lotzen zuen. Hala ere gau hartan desberdina izan zen, ez zegoen susmatzera bultza zezakeen ezer, baina usain ezezagun baten kera erantsi zitzaion; « Beldurra ote zen?» galdetuko zion Marcki, «esaten dute beldurrak usaina duela; usain hura gozoa zen, likitsa, lodia, are erotikoa ere bazela esanen nuke».
Ohatzera beharrean telebista ikustera eseri zen, gertatzear zegoenari espera; Marckek, gerora, 'ihesaldi autistan' bataiatuko zion horretan aritzera. «Oteizak ostrukaren estrategia deitzen zuen horretara; alegia, errealitatea ez balitz bezala jokatu eta mundu propiala sortzera» azalduko zion Marcki, Ikeren arazoa sortu eta noren alde egin behar zuen argitzeko erregutu zionean.
«Ez dakit» erantzun zion Carlosek.
«Ez dakit; potrotaraino nago» oihukatu zion Marckek; «erabaki orain! Ekintzozu zure ihesaldi autistari», mandoa hartu, telebista izeki eta sofa gorrian utzi zuen, atea danbateko batez itxi aurretik. Garai txarrak!, bai. Orduan ere telebistaren aurrean eseri zen Bazterretxeko sukaldeko silla gogorretan, tarteka, beldurrez urturik, karrika hutsera kirika egiten zuela. Noizbehinka jaso, telebistaraino gerturatu, bolumena jaitsi eta gauak ekar ziezazkiokeen hots eta soinu apurrenei adi egoten zen. Ezer ez. Errepide jeneraletik ere ez zebilen inor. Odolaren soinua baino ez zuen entzuten lokietan. Bolumena zertxobait igo eta berriz eseri eginen zen irudien aurrean zozoturik gelditzeko. «Zein film ikusten ari izan nintzen ez baldin banekien ere» esanen zion Marcki, «betiko iltzatu zitzaizkidan ninietan». Are gehiago, batzuetan bat-bateko sukar ilaun batek jota, British Film Institute-ra joan eta filmak arakatzen aritzen zen irudi haien bila. Zuri beltzean, gizon bat ailegatzen da maleta beltz batekin herri batera; gizonak, herrian sartu ahala, jendea etxeetan nola ezkutatzen den nabaritzen du; hasieran uste du hargatik dela, baina, hobeki erreparatu ondoren, maletarengatik dela ohartzen da; maleta lurrean utzi eta itzulika hasiko da; kuzkurtu eta maleta irekitzera doanean, atzera egiten du izuturik, eta horrela behin eta berriz.
Lokartzen ari zela auto baten burrunba entzun zuen karrikan gora. Jaiki eta atzeko aldea ikustea baino ez zuen lortu. Citroen Visa bat, Citroen Visa gorri bat iruditu zitzaion. Telebistaren aurrean eseri zen berriro, bolumena igo gabe oraingoan. Harakin etorri zitzaion burura. Abisatu beharra zuen. Baina zertaz abisatu? Citroen Visa Gorri bat ikustea iruditu zitzaiola esanen zion? Eta zer zeukan horrek arraro, bi-edo baziren herrian bertan; Guardia Zibila ikusi uste zuela esanen zion, baina non ikusi zuen ba? Susmoez mintzatuko zitzaion, baina usteak baino ez ziren. Paranoia, Harakinek begiratu beharreko indarra bataiatu zuen hura, gain hartzen ari zitzaion, eta ezin zuen errezelo eta uste paranoikoekin Harakinengana joan, baina, bestalde, beste Bazter bat, telebista zegoen tokian eseri, usain gozo hari usnaka egin eta zerbait mehatxagarri gertatzear zegoela abisatzen ari zitzaion dardara betean. Marckek astonishing adjektiboa erabiliko zuen kontatzen zion aldiro, gehienetan Marckek berak hala eskaturik, gero zera gehitzeko: «Etorkizuna hori baino ez da, gure buruen isla denboran, eta neurri horretan asma dezakegu nolakoa izanen den isla hori».
Bazterretxeko atzeko atetik atera zen. Atzekotetako bide lokaztuak erabiliz bost minututan Harakinen etxean zegoen. Hesiaren gainetik salto egin eta Harakinen gelako leiho azpian kokatu ondoren, pissska hasi zen. Uluka baleki sikiera!, baina ez zekien eta pissska jarraitu zuen, harik eta harri bat ikusi zuen arte; harriak kaxk egin zuen kristalean, kaxk bigarrenak. Leihoak itxirik jarraitu zuen, eta hala ere zerbaitek esaten zion Harakin leihoaren zirrikitu batetik ari zitzaiola begira. Etsita, hesia gurutzatu eta etxerantz abiatu zen. Ergelkeria iruditzen zitzaion egin zuena. Nola bururatu ote zitzaion, beste arrastorik gabe, zerbait gertatzen ari zela? Noiztik zion konfiantza intuizioari? Paranoia kontrolatu beharra zuela agindu zion bere buruari, hitzak ozen ahoskatuz indar gehiago lortzeko. Beharrik ez zuen Harakinek ireki!, bestela ergel bat bezala sentituko zen. Zerbaitek adakera eman zidak eta zerbait gertatzear dagoela abisatzera etorri nauk goizeko ordu bietan, leihoan harri hotsak eginez. Nola begiratuko zuen Harakinek? Begien bistan egiten du, erpurua lokietara eramanik, hi arras jota hago esaten.
Atzekotak utzirik kantoira egin duenean, distira ezohiko batek asaldatu du bat-batean. Citroen Visa Gorria. Citroen Visa Gorria bi beltzune zituela barnean. Berehala ohartu da sekretak direla. Gero ikusi ditu landrover ilunak zaratarik gabean, kapoetan leinuru iluna, Harakinen etxerantz pasatzen.
Izu-laborriak jota leinuruari begira gelditu da, liluraturik ikuskizun hipnotiko batetik begiak ezin bazterturik bezala beste mundu bat populatzen. Ohartu denerako farolaren argipean zegoen, begi-bistan ia, ikuskizunak erakarrita. Ikaraturik atzeratu da, eta orduan ohartu zerbait egin beharra zeukala, kapotan leinuru iluna egiten zuten munstro horiek bere bila ere etor daitezkeela. Bihotza jauzika hasi zaio etxera bidean. Zer egin?
Marcki esanen zion gerora, ihes egitea pentsatu zuela lehendabizi, poltsa bat hartu eta arropak sartzen ere hasi zela, baina berehala ohartu zela ez zeukala nora joan. Ohatze gainean eseri zen une batez, bentzuturik. Argia itzali zuen. Citroen Visa gorria etorri zitzaion burura, Lizarragako portuan gora atzetik etorri zitzaien Citroen Visa gorria. Harrapatu gaitiztek! Eta usain likitsa berriz ere, sabeletik gora egiten zion azkura laztankor batekin batera. Sabeleko giharrak ferekatu ditu, hankarteraino eraman du eskua. Beldurra.
Fermin Donostian zegoenez, Jexus Mariri hots egitea bururatu zitzaion, baina telefonoa eskuetan gelditu zen. Seguru guardia zibilak etxean dituela dagoeneko. Iluntasunak irudiak ikusarazi zizkion: Jexus Mari etxeko logelan, seko lo; Harakin lurrean etzanik ostikoka zerabilten bitartean, guardia zibilak Harakinen etxea arakatzen, Harakinen gurasoak gertatzen ari zena ezin sinetsirik.
Zerbaitek esaten zion ihes egin beharra zeukala, ezin zuela, ez zegoela Euskal Herria, edo zena zenaren alde kinka hura pasatzeko prest, zetorkionak orbainez beterik utziko baitzion bihotza eta herren gogoa. Komisaldegian emanen zizkioten kolpeek, bainerak, poltsak edo umilazioek sortu zioten izu-laborriaz gain, bizitza osoa aldaraziko zuen zerbait izugarriagoa gertatzear zegoela usaindu zuen; jada idatzitako patu bat, harlauza baten gisa gainera.
Burua astindu zuen haluzinazioari ihes egiteko. Titiburuetatik zakileraino kilikatzen zuen usain laztankorra lagun, goizalbaren espera egonen zen. Eta goizalbarekin guardia zibila.