Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

40.

 

 

 

Ez dakit zenbat denbora daramadan hemen jesarrita; bost minutu, hamar, hogei. Ez dakit. Eliza husten joan da eta bankuen krakatekoak baino ez dira entzuten ja. Bankuak lozorrotik esnatzen. Bankuak bizkarrak luzatzen. Bankuak zutundu nahi ta ezinda, Betzuengo Karmenek altzoan dauzkaten tapete gorriak ertzetatik tiratuta behar bezala ipintzen dizkien bitartean. Ez diot ezer esan, baina Bedak banan-banan kiribilduta gordeko lituzke sakristiako armairuan, hautsagatik, hezetasunagatik, eta hori.

      Zenbat persona hil ete zien elixie eitten, ume… Eta ni konfesionarioko kortinaren azpitik burua sartuta, amamari entzun nahi ezta.

      Gaur entzungo nioke. Entzuten dut. Eta Enbra orbel usainaren atzetik lez noa erdiko pasillotxotik aldarerantz. Nonok ein dau hau mundu hau, ume, eta gixona ez da ixen, ze gixonak einiko piezak apurtu eitten die. Karmen ikusten dut, auzoko andrek kandelen azpiko platertxora bota dituzten txanpon solteak batzen eta amamaren silueta, aldare barreneko eskaileretan lore-zentro bat ipintzen duen bitartean, erdi bakarrik berbetan: gaur martxauko dau euzkijjek eta bijjer urten eingo dau barriro; ze esplikaziņo deko horrek? Ni baten bat begira edukiko banu lez nabil, baina inor begira eduki barik: eskailerak igotzen, aldarea haztatzen, kristalezko pitxerretako ardo hondarrak urarekin nahastuta loreei botatzen nabil. Hori ere egiten zuen amamak. Baina Karmenek ez daki.

      Karmen sakristian dabil, abadearen jantziak tintoreriako plastikoekin batu eta armairuan gordetzen. Eta ni, bere ingurutxoan, zeren bila ez dakidala. Bedaren kamiseta interior bat Cristasol botilarekin bentana-barrenean. Bedaren anorak nobenteroa armairu tapatik zintzilik. Bedaren kaligrafia esparatrapu txatal zurietan: Ur bedeinketue 2015, Ur bedeinketue 2016, Ur bedeinketue 2017, 2018, 2019. Plastikozko botila txikiz beterik dago sakristiako komoda, Polly. Eta zu ta zure aita jaietako programatik meza kentzeko proposatzen oraindik. Puta idearik ez daukazue. Baina ez naiz berriz hasiko, ze enrollatu egingo naiz eta Karmen zeinuak egiten daukat ja: bera kanporantz doala eta irteten naizenean argiak amatatzeko. Bale ba. Interruptore kaxa bat sakristiako ateostean, botoiak esparatrapu zatiekin markatuta: Luz 1, Luz 2, Campaye. Amatatu ditut. Pausa dramatikoa (bis). Eta irten egin naiz.

      Elizpean ere ez da inor geratzen. Karmenek amamaren giltzarekin zarratu du ate printzipala, aittitte ondo zaintzeko esan dit, eta poltsakada txanpon eta kandelarekin aldegin du.

      Nik ez. Nik hementxe jarraitzen dut; uste nuena baino argiago ta epelago dagoelako eta Agarrera joateko barrurik ez daukadalako. Horrexegatik gehienbat. Agarren lantzean bele hil bat eskegitzen zuen zelaiko lizarrondotik Largok eta, beste hamar-hamabi hurreratzen zitzaizkionean, lepoan hartuta eramaten ninduen: beittu, funeral bat. Agarren berba gutxi ta txikiak, Polly. Agarren animaliekin esplikatzen dira gauzak. Eta balio izan dit. Askotan. Baina gaur ez dut esplikazio primitiborik nahi eta elkarri zer esan ez dakigula Largo, ama ta osaba Aitorrekin sukaldeko euli-tirei begira amaitzea, gutxiago. Gaur ez dut ezer nahi. Gautu arte ibiltzea baino ez. Eta hemen nabil.

      Elizaldeko platanondoen azpian nabil. Hatz-bizarrei haginka nabil. Kaminora begira nabil. Eta neskato bi ikusten ditut.

      Bizikleta banarekin datoz: aurretik datorrenarena montanbaik tipokoa da; bestea paseokoa, otzaraduna. Larrinburuko kruzean geratzen ikusten ditut, bizikletak uzten, eta oinez jarraitzen. Montanbaikean etorri dena bide erdian etzan da, Maringo etxeostean, eta bestea Urubillarko kurbaraino jaitsi da. Bestea zutunik geratu da, Polly, jostailuzko soldadutxo bat dirudi kuerda emanda, pauso bi hara, pauso bi hona. Urduritzen ari naiz, tio, urduritzen ari naiz neu ere berari begira. Makurtzen ikusten dut. Zutuntzen ikusten dut. Ahoa eskuekin inguratzen ikusten dut: kotxea! kotxea!

      Etzanda geratu dena ujuka hasi da eta kurbakoa arineketan: kotxea esan dut, Jone! Baina etzanda dagoenak etzanda jarraitzen du; moxala bedartzan lez dabil, besoak eta hankak airean altxatuta garragarraka: itxaron, dio, itxaron apur batean! Monobolumen bat datorkie atzetik bozina joka eta ez dira apartatzen. Apartatu, joder. Arineketan datorrena ikusten dut, eskuak tripan ipinita arnasari eusten, eta etzanda egon dena, esertzen, zutuntzen, bide bazterrera erretiratzen: oso emozionantea izan da! Ez da izan. Ba niretzat, bai! Ba niretzat, ez, ze amak ez dit honetan jolasten uzten eta harrapatu egin gaitu eta zer esango diot orain. Esan neuk agindu dizudala.

      Arineketan etorri dena ikusten dut, Polly, papoak gorrituta doa aldatsean gora. Otzaradun bizikleta hartu du eta monobolumenetik jaitsi den emakumeari eman dio maleteroan sartzeko; ikusten dut. Ni banoa, esan du. Kotxean sartu da eta joan egin dira.

      Bestea ere gorantz doa. Bizikletarekin. Baina oinez. S-ak eginez doa. Eta baztertzen ari dela ematen du. Baztertzen ari da. Bazterrean geratu da. Monobolumena dator bueltan, Polly. Monobolumena eta kurbako neskatoa bentanillatik burua aterata: esan du nire amak ea afaltzera etorri nahi duzun. Bale! Lagunduko dizu bizikletarekin. Ez, ez, sartuko dut neuk. Eta maleteroa zabaldu du. Montanbaika kolokatzen ikusten dut, Polly. Portoia ixten. Neskatoa kotxean sartzen eta kotxea nire pare samarrera jaisten; atzeko asientoan erdi jesarrita, erdi etzanda ikusten ditut biak. Kotxea buelta hartzen. Eta aldatsean gora desagertzen.