23.
Laurogeita hamarretako telesailetan aktore sekundarioak ordezkatzen zituzten moduan desplazatu ninduzula iruditzen zitzaidan batzuetan: kapitulu batetik bestera eta azalpenik eman barik. Vivian Banks zaharra eta Vivian Banks berria, Carol Willick zaharra eta Carol Willick berria, Lagun Min zaharra eta Lagun Min berria. Next. Beste batzuetan, denbora kontua izango zela sumatzen nuen eta, zu urrundu izan ez bazina, neu urrunduko nintzela lehenago-geroago. Moztu egingo genuela, alegia: asko sinplifikatuta, zu niri ignorante bat nintzela sentiarazten hasi zinelako eta ni zuri zatartzen ari zinela pentsarazten eta ez zu, ez ni ez ginelako ez ignoranteak, ez zatarrak. Asko-asko sinplifikatuta. Eta, hala ere, obsesiboki bilarazten dizkit erantzun biribilagoak zuganako tiradizo esanezin honek.
Andikoako jaiak dira eta behegainean tolestuta nago; irinez beteriko palankana batean ehun pezetakoa ahoarekin topatu guran ari naiz, eskuak arrantzale-zapi batekin bizkarrean lotuta ditudala. Akordatzen zara? Zuk bazenekien han txanponik ez zegoena, baina ez zenidan ezer esan eta, burua belarri-barruetaraino hautseztatuta jiratu nuenean, dozenerdi ume-mokordo neuzkan inguruan, barrezka. Neuk ere barre egin nuen, noski. Negar ere bai, baina diferituan. Nahiz eta hori ez dakizun. Hori ere.
Neuk ere ez nekien Etxebak zure zenbakia lortu zuenik: tia, Etxebak deitu dit geratzeko. Zertarako. Ez dakit.
Eta, astebete beranduago, Guzurreko billarraren ertzetako batean eserita nengoen, atzazkalak binan-binan haginkatzen nituen bitartean zuri itxaroten; neu zure zain, lehenengo aldiz. Hasi izan naiz, gerora, zuk niri zenbat orduz itxarongo zenidan kalkulatzen eta kontua galtzen dut, aitortzen dizut. Arratsalde hartan, ordea, oso-oso urduri nengoen eta, tabernako atea zabaltzen ikusi zintudanean, ez nuen jakin esku batekin kristalerari eutsi eta bestearekin neure kolkora erakarri behar zintudan edo oina aurreratzen zenuen une esaktoari itxaron behar nion atea ahal nuenik fuerteen itxi eta zuri behatz txikia birrintzeko.
Barkatu, luzatu egin zaigu. Eta? Zer. Ba, zeri buruz hitz egin duzuen. Hemen ezin dizut kontatu. Hemen? Tabernaren erdian. Benetan uste duzu bola puta bat zuloan sartu ezinik dabiltzan lau fumau hauek entzuten dauzkazula? Lau horiek berdin zaizkit, baina hobeto mahai batean. Eta barrurengoan eserarazi ninduzun; txamarraren poltsikotik riņonerara pasatu zenuen mugikorra, bateria aterata zenekarrela ikus nezan, eta hiru bider begiratu zenuen atzerantz hizketan hasi baino lehen: Etxebarekin egon naiz. Hori banekien. Eta Irati Barrainkuarekin. Irati, bertsotan ibiltzen dena? Bai (archivo - guardar como - Lagun Min Berria). Goi Gerlariak ez zizun maitasun aitortza bat egiteko deitu, orduan. Tia, ez hasi. Neuk asmatu behar zuk kontatzen ez badidazu. Eske ez da edozelan kontatzekoa. Ba kontatu ondo. Baina hau gure artean, e? Zu hatz erakusleak horizontalean elkartuta promesa bat zabaltzen, eta nire atzamarrekin zureak goitik behera banatuta promesa bat ixten ni. Gauza da, jaitsi zenuen bolumena, zerean sartzea proposatu didatela… Eta mahaiaren gainean S bat, E bat, G bat, I bat marrazten hasi zintzaizkidan; zu zeure buruaren paperik amestuenetako bat interpretatzen, guan mor taim, eta eszena hura ezin enkajatuta ni. Ze ez nekien, ez zu gehiago zerk harrotzen zintuen, bilera hartara joan izanak edo bilera hartara joan zinela niri kontatzeak, ez aukera bi haietatik neu gehien zerk joditzen ninduen. Eta globoa zulatu nizun, jakina: hori al zen dena?
Esan, Polly: gertatu zen zerbait ala ez, ondorengo mini-isiltasunean?