13.
Autobus batek Smalvillen baino bizkorrago hartuko nuen su udazken hartan, oinetara pospolo bat jaurti izan bazenit. Charterreko patxaranak. Pecheak. Painapolak. Txokolatezko batidoa Licor cuarentaitresarekin eta gorria gaseosarekin. Mildredak. Tigretoiak. Doritosak. Eta Bilgarriak haginekin zabaltzen nituen bakoitzean eztarrian itsatsita geratzen zitzaizkidan petrolio hautsak. Bum.
Institututik irtenikoan, Agarrera edo zuenera joan beharrean, Ganeketxeko parrapean geratzen hasi nintzen. Edo belodromoan. Edo Adri ta hauen lokalean. Hasieran ostiraletik aurrera baino ez. Gero eguenetan ere bai. Gero eguaztenetik gehiago. Martitzenetik. Astelehenetik. Eta Adrik, Elgoibartik bueltan, erdi pedo ekartzen ninduen domeka iluntzeetatik: nun ibili zara? diost Bedak. Elgoibawen. E? Elgoibawen egon gawela…
Ni sekula ez naiz sutondoko animalia izan eta, orduan ere, asteburu guztietan irteten nintzen arren, gertatzen zitzaidan tartean behin etxean gelditu beharra, Adri gaueko zebilelako, zu zure gurasoekin manifaren batera joana zinelako, edo nik nire kuadrillako neskekin egoteko zero koma zerozerozero gogo neukalako. Nire kuadrillako neskak ikusi ere ezin nituen egin batxilergora pasatu zirenetik. Edo zeu errepikatzen ari zinenetik, esango zenidake. Ba, igual bai: nire kuadrillako neskak ikusi ere ezin nituen egin errepikatzen ari nintzenetik. Baina orain ez naiz horretan sartuko. Orain kontatu nahi dizudana da sirokoak eman zidan zapatu arratsalde hartakoa, ze, badakit gauzak pentsatu barik egiten nituela pentsatzen duzuna. Eta hori ez da horrela. Ez guztiz. Egin izan ditut gauzak pentsatu barik, baina motiborik barik ez.
Agarreko logela setentero milenializatua gogoratzen dut; Chenoaren poster bat idi-buztarridun koadro baten gainean. Barruan nindukala txikitzen gogoratzen dut. Zorua igotzen. Sabaia jaisten. Hormak estutzen. Eta ni Bedak eginiko gantxillozko edredoiaren gainean uzkurtzen, Bizitza, maiuskuladuna, une hartan falta nintzen lekuren batean gertatzen ari zela sentitzen nuelako arnasarik ezin hartuta.
Hamar urte gutxiago izan banitu, La Bella y la Bestiako kikarakumeak Bestiari lez jarraituko nion Largori, aspertutanago, aspertutanago, aspertutanago. Eta tratorean hartuko ninduen, eta ipuin haluzinanteren bat kontatuko zidan zelaira bidean: bazen behinik barik hasten ziren beti eta, amaitu, anputazio batekin.
Joan zen gizon bat abarka zulatuarekin bedarretara eta, lursagua zelakoan, behatz potoloa segarekin moztu.
Esaten dio Peruk Marijjeri: Marijje, Marijje, hagineko mina. Eta Marijjek Peruri: zabaldu ahoa. Lotzen dio hari-punta bat hagin ustelera, bestea sukaldeko leihora eta rra! Leihoa zabaldu eta hagina airean.
Badoa artzain zahar bat artzain gazte batengana eta diotso: hire ardietako bat irribarrez ipintzen duanean, nire artaldea osorik heuretzat. Handik astebetera non datorkion artzain gaztea, ardi bati bizarra egiteko kutxillarekin ezpainak ebakita.
Haluzinanteak. Esan dizut.
Kontua da, ni hau guzti hau kontatzen ari naizen bitartean, nire holograma adoleszenteak pentsamentu intrusiboak kontrolatu ezinik jarraitzen duela Agarreko kuartoan, boligrafo-tapak, atzazkalak eta kableak haginkatzen. Eta, zutitu denean, oheburuan gurutziltzatuta daukan Jesukristoaren miniaturak goitik behera begiratzen diola konturatu dela. Eta esan diola: ez horrela begiratu, txabal, ez naiz ni horma batean pelotetan eskegita dagoen panolia. Eta bere burua bakarrik berbetan harrapatu duenean, raiatzen hasi dela. Horixe da kontua.
Pentsamentu txarrak etortzen zitzaizkidanean Agur Mariak errezatzeko esaten zidan amamak, Polly: Agur Marijje ta Santa Maria ta Agur Marijje ta Santa Maria ta holantxe beste dana ahaztu arte. Sukarrarekin nengoenean ahal nuenik-eta arroparik gehien jantzita izerditzeko. Barizeekin hasten banintzen, goizeko garotzan ortozik ibiltzeko. Eta hiletetatik ekarritako errekordatorioak berari emateko, Correotik mozten zituen eskelekin batera argazki album batean gorde zitzan. Horiexek esaten zizkidan. Eta ni oraintxe hasi naiz, falta dudanean, orduan ikusten ez nituen aldare txikiak baserriko edozein alturatxotan ikusten.
Solorako kapela atarteko kakoan, enara habiaren azpian zintzilika. Brodatu floraldun serbileta bat sukaldeko mahaian, film plastikoarekin forratutako telebistako mandoa eta baso bete uretan jarritako perrexil txorta gainean dituela. Erretaula bete medikamentu komuneko ispiluaren barruko arasetan, mini-bonbilla baten argitan. Amen.