6.
Esan gabe doa kurtsoa errepikatzeak grazia putarik egiten ez zidana. Ordura arteko nire klasekideak Durangoko institutura edo zikloetara pasatu berri zeuden eta nik 4. mailan jarraitzen nuen, Berrizen eta zuekin. Ni hamasei betetzear nengoela, alegia, eta zuek hamalauak gainditzen oraindik. Motibazioa zero. Baina porrot eskolartzat nindukaten irakasleei arrazoia emateko gogorik ere ez neukan; behin baino gehiagotan pasatu izan zait burutik unibertsitateko titulua fotokopiatu eta laukoak jartzen zizkidaten funtzionario ondobizi haiei guztiei neuk eskuz dedikatuta eramatea. Ze, ni berbalduna, eta despistatua, eta nahi duzuen guztia izango naiz, baina tonta ez. Ni tonta ez nintzen. Gertatzen dena da ez nuela inor gainean edukitzen etxerako lanak egiten edo flexoarekin intsektuak eta boligrafo tapak erretzen ari ote nintzen kontrolatzeko. Eta deszentratu egin nintzela. Beak botak ditu. Bota Bobi da. Bobi boboa da.
Baina agertu nintzen aurkezpenera. Berandu, eta azkenengo ilaran esertzeko, baina agertu egin nintzen: ondo hasi gara, Unzueta… Maribe Irigoras nire mahaiaren gainean kalendario bat uzten; metro t’erdi malaostia metxa platinoak egin berri, orkatiletarainoko lepoko hortera baten barruan konprimatuta. Eseri ganoraz, Unzueta, tanga agerian daukazu, Unzueta, iritsiko ote zara ekainera, Unzueta. Motorrean iritsiko naiz, majadera, besape batean Lengua Castellanako liburuak eta bestean gasolina bidoia daramatzadala. Queremos pan, queremos vino, queremos a Maribe colgada de un pino. Han zebilen, mahairik mahai, galleta lata huts bat eskuetan zerabilela: idatzi izen bana eta bota papertxoak hona, serio, mesedez, aukeratzen duzuen ikaskideak urte osoan ordezkatuko zaituzte eta ez dut uste ez Shakira, ez Bin Laden delegatuen bileretara etorriko direnik ikasbidaiarako kamiseten prezioak negoziatzera...
Gehienok zeu proposatu zintugun, noski, zu ta zure Bertatik Bertarako kazetari-hizkera hura. Parlamenturako hautatu izan bazintuzte lez kargu-hartuko zenuen, Parlamenturako hautatu izan bazintuzte lez borrokatuko zinen Euskararen Egunean Korrikako dokumental totxo hura jar ziezaguten eta Parlamenturako hautatu izan bazintuzte lez aurpegiratuko zenidan, of cours, urriaren hamabian eta abenduaren seian Herri Eskoletara joan beharrean ohean geratu izana. Ni hori guzti hori baino sinpleagoa nintzen, Polly; nik gauza tangibleak maite nituen eta euskara, ba, sinmas. Baina Agarren ia ez dakite erdaraz, esango didazu. Eta egia da; nik, umetan, Disneyko pelikuletako azentu latinoa imitatzen nuen inguruan entzuten nuen erdara bakarra huraxe zelako, eta, bien bitartean, amak total lotsarazten ninduen etxekookin ez beste guztiekin erdaraz egiten zuenean. Baina ez nuke jakingo esaten justu horregatik zen, erdaraz de puto culo hitz egiten zuelako, edo amaz orokorrean lotsatzen nintzelako.
Eskerrak zeu zinduzkadana, nire Marge, nire Vilma, nire Chichi ahalguztiduna, ikasketaburua ostikoz jota etzanarazi ondoren, frekilloari putz txiki bat egin eta, hartarakoxe ez beste ezertarako jaio izan ez bazina lez, katilukada fideoa mahai gainean jartzen zenidana. Edo Oreo pakete bat. Edo apunte txukun batzuk. Niri eta sei urte zenituenetik ondoan eserarazi zizkizuten errepikatzaile guztiei: zuk ama onberarenak egiten ikasiko zenuen gure partez amaitzeko eskatzen genizkizun ariketa guztiak txintik esan barik eginda, eta guk geure buruarengan geneukan konfiantza apurra galduko genuen zure aldean zeinen moldakaitzak ginen egunero-egunero ikusita. Putada bat. Guretzat. Zuretzat. Denontzat.
Egon zen, hala ere, biok biotara garaiezinak izan gintezkeela sentitu genuen aldikadatxo bat, iraungo zuena… zenbat? Urria, azaroa, abendura arte? Zu, Agarreko sukaldean, kalendario orri zahar baten atzealdean irregular verbsak idazten nik biharamunerako buruz ikas nitzan eta ni, instiko komunetan, zugatik txarto-esaka entzun nituen klasekide bi atearen bestaldetik mehatxatzen: txupapollas batzuk zaretela zabal dadin nahi duzue, e? Hori nahi duzue?
Esan dizut, Polly, den-dena ere ez nizun kontatzen. Beti ez.
Delegatu proposatzen zintuzten guztiek ez zintuztela miresmenagatik bozkatzen, alegia, zure bizkar barre egiteko baino. Sendo gainera. Idatzi zenuen ba gutun bat zuzendaritzara, atsedenaldietan mutilak futbolean paparra bistan ari ziren bitartean, neskok kamiseta barik eguzkia hartzen zergatik egon ezin ote ginen galdetuz? Akordatzen zara? Zelan zure narruzko estutxetxoan titi jigante batzuk pintatu zizkizuten handik egun batzuetara? Ba ez ziren mutilak izan.