Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

8.

 

 

 

Belodromotik Andikoarantz noa, oinezean, labana baten ahotik lurrera espiralean jausitako laranja azala lez, uzkurtzen eta sikatzen eta uzkurtzen. Izerdi flotean doazen gizonezko tripaundi bi gurutzatu ditut: urrezko kateak, eta papar iletsuak, eta kamisetak pantaloneten gerriko gomatik zintzilik. Ostiaputa. Jan diezazkidala begiak iratze artean subelandara bila dabilen basakatuak.

      Ni zure printzesita-bizikletari parrillatik eusten eta zu, gurpil txikiak kendu izanaz damututa, ez soltatu, ez soltatu esaten. Akordatzen zara?

      Belaunetarainoko edurtzan banenbil lez noa aldatsean gora. Kamino bazterreko ardiek orientatzaile aurpegiarekin begiratzen didate, nora-zoaz-hortik pentsatuz bezala, baina Grabielek bururik bueltatu ere ez du egin; artaldeari begira dago, esku biak hurritz makilaren puntan konkortuta eta gerria flexionatuta. Ikusi izan dut ortuan eskopetarekin eta banketa batean jesarrita ere, kanoia beherantz begira ipinita satorrak burua noiz aterako. Bizitza zer den. Bereagatik ez, neureagatik diot, e? Oraintxe zaude mundua jango duzula sinetsita pasaporte faltsuarekin aduana bat pasatzear, oraintxe artzain semi-momifikatu baten aurrean zeure burua pastore elektrikoaren gainera botatzeko puntuan. Gehitu horri Largo, kanteratik etxerantz datorrela, Mitxubisiarekin atzetik hurreratzen, hurreratzen.

      Bittorijjako kanpantorrie ikusi gurozu? galdetzen zidan umetan, matrailetatik helduta lurretik eta bere paparreraino altxatzen ninduen bitartean. Fariasa ta menta-bedarra Largoren alkandorako poltsikoan; ni Saltamontesera igota baino emozionatuago eta hurrengo zeuri hel ez ziezazun disimuluan apartatzen zu.

      Baina total-total ere ez zintuen ikaratzen antza, ze hantxe etortzen zinen zeure telazko merienda poltsatxoa hartuta Oizko mendi-bideetara lantzean arratsalde bat pasatzera; loreak batzen jartzen ninduzun aittitte zaldiekin zebilen bitartean gero zeuk, etxean, orri zurietan ipini, liburu potoloen azpian sartu eta sikatzen uzteko. Akordatuko zara. Ni akordatzen naiz; zuhaitz haietatik zintzilik topatu zituzten zango, beso eta buru kiskalien inguruan berbetan hasten gintzaizkizunean zelan urduritzen zinen akordatzen naiz. Eskuak gerrikoan ipini eta Walker Texas Rangerren posearekin kontatzen zuen Largok abioi batek gailurreko errepetidorea jo eta maldan behera su hartu zuenekoa. Bera, cuatroporcuatroarekin, erreskate ekipoa baino lehenago iritsi zen, jakina: bonberoek laguntzeko eskatu zioten, baina ez zuten berari uzteko moduko buzorik eta kaskorik topatu eta denak harexen penatan. Seguru baietz, Largo, seguru zure falta igarri zutena.

      Belozitatea jaisten-jaisten entzuten dut Mitxubisia eta hemendik eta etxera dagoen kilometro luzearen bihurguneren batean hesteak botatzen bisualizatzen dut neure burua. Gelditzen bada, igo egingo naiz, a tomar por culo, igo egingo naiz gelditzen bada. Astiro-astiro dator, nire atzean, nire parean, nire parean, nire parean… Eta, azkenean, azeleratu egin du. Puto viejo.

      Bittorijjako kanpantorrie ikusi gurozu? Largo bere ganaduzain eskuak nire garondoan inkatzen eta ni matrailak igel batek baino tiranteago neuzkala hanka-puntekin lurrik ezin ukituta.