19.
Kotxeek markatu egin naute, markatu, literalki, ez zuk interpretatuko zenukeen moduan. Amarenetik, martxan zihoala bota nuen neure burua bide bazterrera Zaragozako udaleku batzuetara eraman nahi izan ninduenean eta saldu bako madari bat baino mailatuago itzuli nintzen etxera. Largorenean, asientoaren behealdean zuloa egiten ari zen muelle punta batekin ebaki nuen esku ahurra eta zoldu egin zitzaidan cocacola epel bat isurita desinfektatzea otu zitzaigulako. Eta Olaberen Saxotik belaunburuak erre-erreta jaitsi nintzen zipaioak etorri zitzaizkidanean; hori ere ez duzu jakingo, noski.
Zure gurasoena izango da efemeriderik zikatrizatu ez didan ibilgailu bakarrenetakoa, xalala, rriki-rriki, xalala, 1997a da eta Mendexako kanpinera naramate egun batzuk pasatzera, nik zu entretenitzen zaitudan bitartean, eurek bi mila piezako puzzleak eta hiru egunkari diferentetako gurutzegramak bakez-bakez osa ditzaten. Amak tuuuunela iragarri du Trabaku igotzen hasi garenean, aitak atzamar puntekin sudurzuloak estutzeko keinua eginez askatu du bolantea, eta nik globo-arrain bat banintz lez puztu ditut matrailak. Zuk, orduan, bekokian daramatzazun eguzkitako betaurrekoen kristal altxagarriak jaitsi dituzu begietara, a ze umekeria esanez bezala; neu ere kotxean ez banindoa, aitatxok eta amatxok txil egin arte arnasari eutsita joango ez bazina bezala. Gurago duzu ez jolastu, nire kontra galdu eta zure gurasoen txalo-txaloak bion artean banatzera arriskatzea baino. Zure aitak igeri egiten irakats diezadan baino. Zure amak sikatu edo orraztu nazan baino. Izozki saltzaileak ahizpatzat hartu gaitzan baino, gurago duzu platano ximel bat janaz petrilean jesarrita geratu. Alaba bakarraren luma, Polly: zuk betidanik eduki duzu eta, beharbada, neuk ere edukiko nuen amamaren laugarren umea barik, amaren alababakarra izan izan banintz. Baina, horregatik behintzat, ez dizut ezelako arrenkurarik; badakit inork jeloskor jartzekotan neuk jartzea lehenesten zenuena. Tunelaren irteeran eskua ematen nizunean, zeuk ere Klarak Heidiri kapituluen amaieretan lez heltzen zenidala, alegia, Mendexara, edo Eibarko zinera, edo Durangoko Azokara iristen ginen arte askatu barik joateko.
Bideoklip baten barruan lez ikusten dut izan ginen mozola parea, zure gurasoen monobolumenera ezkerreko atetik neskatotan sartu eta eskumakotik nerabetan irteten: ni praka-kanpai gorrien gainetik minigona beltz bat jantzita eta zu bakero piraten azpitik marradun galtzerdi luzeak daramatzazula; zure ama etxeko arropak kalerako txamarra batekin erdi estalita eta, aita, belarritakoari igurtzika. Kontuz ibili, diotsu bentanilatik burua aterata. Zuk baietz, egoteko trankil, lehenengo azokara joango garela eta gero manifara, baina atzetxotik eta Landako inguruan bakarrik. Bila etortzea nahi baduzue, deitu, despeditu gaituzte. Bai, bai. Eta, han goaz, Portaventurara gu, eta zuk telefonotik deitu arte pernilezko kroketak eta azenariozko bizkotxoak egitera eurak.