24.
Atzamar puntarekin mahai gainean lau letra zirrimarratzen ari zintzaizkidan martitzen iluntzean, eta frontoian urtarrileko jaietarako ipinitako txosnaren barruko partetik guito bat estreinakoz ateratzen zapatu gauean: ezetz, tia, ezin dizudala debalde jarri. Hurrengo bueltan pagatuko dizut orduan!
Irten, nire adineko neskekin irten nintzela uste dut, baina berehala batu nintzaien Adriren kuadrillako mutilei: Aitzol fitxak sartzen ari zitzaidan, Adri falta zen bakoitzean sartzen zizkidan. Orain ez dator harira, baina gero bai. Gogoratu.
Total, Axpek txiza egin zigula korroaren erdira eta Garciak katxi bi eskatu zituela: lehenengoa burutik behera hustu zion Axperi eta, bigarrena, tragoan edan zuen. Cabarceno, tio, Cabarceno puta bat.
Zu, bien bitartean, koreografia ikasteko astirik eduki ez duen Spice Girl suplentearen antzean zenbiltzan, bat bi hiru kalimotxera lau bost sei kañera; zu Etxeba ta Irati Barrainkuaren pausoari ezin jarraituta, eta ni, txosnari lepoa emanda, guito hondarrak mihi puntara tantaka-tantaka isurtzen. Ni neure bolara. Ni pleibakean parte hartu nahi izan ez banu lez. Proposatu izan bazenidate ere, ezetz esango nuen seguruenik. Seguru. Baina ez zenidaten proposatu. Niri ez. Zergatik. Ni zergatik ez. Zu zergatik bai. Ez?
Amorru txakur hura. Amorru txakur hau. Besterik ez banu, ojala; errazago bereiziko nintzateke zu ta zure bertsio distortsionatu guztiengandik.
Kontua da faunari barraz bestaldetik superioritatez begiratzen gogoratzen zaitudan bezain ondo gogoratzen zaitudala, gure amaren etxeko balkoian, nik itsumustuan erantzitako gaupasa arropak lurretik jaso eta esekitokian txukun-txukun zintzilikatzen. Gogoratzen dudala biharamuna eta biharamunean zu ta biok gaudela Churrería Edalis y Carmenen mostradorean dantzariz jantzita, kokotsean behera txokolatea ta mukia darigula gofre bana jaten. Kontua hori da: amorruak diluitu egiten zaizkidala. Eta zu-nerabeaz pentsatzea, ni-nerabeaz pentsatzea dela, ezinbestean.
Ni-nerabeaz pentsatzea, Scary Movie heldutan berrikustea da, Polly: asaldura biszeral retroaktibo bat.
Domeka goiz hura bera urteetan eduki dut ahaztuta eta, orain, interrupziorik barik datorkit gogora, nekizkienik ez nekien eliz-kanten letrak hiletetan etortzen zaizkidan moduan.
Gonbitolarriarekin itzartu nintzen domeka goiz hartan eta neure burua leihotik botatzear egon nintzen, komunzulora makurtuta nagoela, ama ate-joka etorri zitzaidanean: ni dantzan ikustea Bedaren urteko poza izango zela eta estutzeko ondo abarkak; lehen jaunartzea errepikatzera banindoa lez sentiarazten ninduen horrelako gauzak esaten zizkidanean txantajista halakoak; eta komunetik irten nintzenean, aurpegira begiratu ere ez nion egin. Berriketan topatu zintuztedan sarrerako pasillotxoan; ama bere probalari-zapatila zatar haietako batzuk lotzen eta zeure lauburudun gona gorri inpekableari azken ukituak ematen zu: goazen, tia, berandu gabiltza. Eta, han goaz, dantzako lokalera, koadro kostunbrista batetik eroritako neska-koskor bi. Eta, han daude, Garcia, Aitzol eta beste dozenerdi ezpatari, amatxok Noritarekin zuritutako alkandora-praka-kaltzontzilloekin, ispiluaren aurrean luzaketak egiten: hanka baino gorago bota beharko duk buztana, Aitzolo! Mutilak deskojonatzen, eta ni Josemari zaharraren ehiza-txakurrekin akordatzen; pito puntan goma bat estu-estu lotuta egiten zien basektomia deskontrolatzen ziren ar guztiei.
Eliz-kanten letrak hiletetan lez, Polly, esan dizut: elkarri buruan zapiak ipintzeko mutilen ondoan zelan jarri ginen datorkit gogora, zu banketa batean eserita eta ni alboan, zutunik. Zelan urkilaz eta orratzez beteriko erregaliz kaxatxo bat pasatu zenidan eta eskuetatik erori zitzaidan. Ni, makurtuta, urkilak eta orratzak behegainetik batzen eta Aitzol, nire atzean, gonaren azpitik ezpata sartzen, ateratzen, sartzen. Mutilak barrezka, zu urkilak eta orratzak eskutadaka batzen, eta ni, neukan gonbitolarriarekin, ezin erreakzionatuta.
Nik gauzak esplikatzen ez dakit, Polly, esan dizut. Baina ikusi, denak ikusten ditut eta zuri ta zure lagun feministei bezala lehertzen zaizkit begietako zainak horrelako egoeretan.
Sei urterekin, zain bat lehertu zitzaidan begian, Largo txerri emea kortatik ateratzen eta gauetan ere zelaian uzten hasi zenean; basurdeak atzetik eman ziezaion nahi zuen, berak eta bere ez-dakit-zein lagunek kruzeko kumeak edukitzeko kapritxoa zeukatelako. Ba hamaseirekin, berdin: zain bat lehertu zitzaidan arkuekin eta ezpatekin neska-mutil-neska-mutil lerrokatuta txistularien atzetik Olakuetara sartu ginenean. Zu lehenengo ilaran zindoazen, Aitzol bigarrenean eta ni hirugarrenean. Ikusten ari naiz.
Iritsi ginenerako eferbeszentzia betean zegoen plaza eta plazaren kantoietako batean gure pamilia, domeketako arropak ondo jantzita: osaba Aitor kalimotxo batekin, Largo Donien Atxa seinalatuz Alesanderri esplikazioak ematen, Tia Mila amari alkandoraren lepoa atontzen eta Beda niri agurka. Umeak txulalai egiten eta Beda niri agurka. Umeak zapatain-dantza egiten eta Beda niri agurka. Umeak plazatik irteten eta Beda niri agurka, geu erdigunerantz gindoazela, Aitzolek burua irribarrez jiratu eta bozik altxatu barik g u a r r a markatu-markatu bat ahoskatu zidanean. Etorri datorkit, Polly, atzerapenarekin eta interrupziorik barik, arku ta guzti ihesari eman nionekoa, jende artetik irten orduko errepidea gurutzatu nuenekoa, autopistapeko barraka batetik bestera kabrondemierdaka ibili nintzenekoa. Dragón Elliot. Maxiolla. Autos de choque Los Fotógrafos. Eraman nazazue. Eraman nazazue hemendik.
Zakarrontzi batean egin nuen oka.
Eta, handik ordu laurdenera agertu zintzaizkidanean, blankazoarekin nengoen kotxe-bitarte batean jesarrita: kakatzan nago, tia. Ezin izan naiz lehenago etorri. Trankil. Negar egin duzu? Ez, botaka. Gezurra. Utzi bakean. Nahi duzu zerbait jan? Bai. Eta, hortik aurrerakoak, badakizkizu; Churrería Edalis y Carmen, gofreak, txokolatea eta mukia kokotsean behera.
Zu ez dakit zergatik ariko zinen negarrez. Ni gehiago eutsi ezin izan niolako. Nik, umetan, ateekin eta kaxoiekin harrapatzen nituen atzamarrak min ez-fisikoak delimitatzeko eta negarraldi espontaneoak justifikatzeko; Agarren kandelek ere ez dute egiten negarrik, Polly. Domeka eguerdi hartan, ordea, ez zitzaidan ezer gehiago maniobratzeko buruargitasunik geratzen eta kasu egin nizun, besterik barik: txurrerian txikle batzuk erosi, parkeko iturrian aurpegia garbitu eta amak esandako ordurako agertu nintzen bazkaritara. Ordu bietan, Juliantxorenean.
Espaloia gurutzatzerako ikusi nituen seiak mahai-buelta biribil batean jarrita eta zazpigarren aulki bat, nirea, hutsik. Zoaz eta errepikatu han, frito razio bi ala hiru eskatu erabakitzen ari diren bitartean, farmazeutikoaren semeak guarra esan dizulako kortozirkuitatu zarela.