9.
Ametrailadora baten moduan hitz egiten du: bizkor, monosilaboekin eta bokalizatu barik; etxabereak imitatzeko baino ez ditu matrailezurrak zabaltzen, eta miaurik ere ez zidan egin Morotik itzuli nintzenetik hilabete t’erdi, bi hilabete pasatu zirenera arte. Irradiatu egiten zidan, hori bai, bere amorrurik primitibo eta transkribaezinena. Sukaldean egoten zen jaikitzen nintzenerako eta katilukada ogi-zoparekin mekauendiosak irensten-irensten sumatzen nuen galleta pare baten bila hurreratzen nintzenean.
Bedak, bien bitartean, bezpera gaueko txerri solomoekin edo oilasko paparrekin eginiko bokadilloak sartzen zizkidan motxilan hamaiketakorako; eruen hau, ume, gaur be armosau barik juengo zara-ta zu. Baina nik, goiz erdian jan beharrean, eguerdirako uzten nituen eta gero, ahal zela, ez nuen bazkaltzen. Ez genuen. Ez Britneyk, ez Parisek, ez zuk, ez nik. Baina Bedak ez zekien ez ni, ez zu, ez Paris, ez Britney urritik apirilera abdomenean ilerako lazo bana lotuta ibiltzen ginenik; ez zekien oharkabean muskuluak erlaxatzen bagenituen, esturatxo bat igartzen genuena eta atzera sabela gogortzen genuena lau-lau gera zekigun.
Alconadie etxaurrien dekozu, ume. autobuses alconada autobusak. Eta azken aurreko ilaran, zu, kokozko txanputan bainatutako zisne baten errenkarnazio humanoa, esku bakoitzarekin koaderno banari helduta ikasgaiak binan-binan errepasatzen. Harik eta alboan jartzen nintzaizun arte: tia, utzi fotokopiak; tia, ezin izan nintzen El rincón del vagon sartu; tia, ez dut ezer ikasi… Eta zuk utzi egiten zenizkidan, baita joditzen zintuenean ere. Ze, onartuko didazu, batzuetan, joditu egiten zintuena; zure oharrei eta nire buruargitasunari esker zena zelako azterketa ahalegin handirik egin barik gaindi nezakeela aurreikusten zenuenean batez ere.
Gero nik ez nizula eskerrik ematen? Ba ez. Igual ez. Baina zure kuadrillako letra-garbidun kabrona haiek ez bezala, bellezoi bat zinela sentiarazten nizun eta Gatiburen kantak eskaintzen nizkizun Euskadi Gazteatik klasera bajoiarekin etortzen zinen bakoitzean. Horrexegatik iraun nuen autobusean. Txoferrak jartzen zigun musikotagatik. Eta zugatik ere bai apur bat. Ze instiko atera gaur bai eta bihar ere bai eskola garraioan iristeak, ni puta gracia esaten dena. Nik nahi nuena zen amamaren kotxearekin neure kontura jaistea. Zertarako irakatsi zidaten, ba, gidatzen. Ez?
Zazpi urte dauzkat eta Mitxubisi bat daramat Oizko mendi-pistetan gora Largoren altzoan jarrita. Beda kopilotu doa eta behorrak seinalatu dizkit han urrunean. Ikusten ditut! Eta bozina joka hasi naiz, Jim Carrey maskara berdearekin baino irtenago. Australian, diost Largok, Australian lantzien kaballo mordo bat agertzen da erreka sikuen ganien hildde. Ikusten ditut. Pertsegitu egin nahi ditut. Asaldarazi egin nahi ditut.
Eta, hala ere, zenbatetan joango nintzen klasera kotxean? Hiru-lau bider? Oraindik esaten dit lantzean batek irakasleen ondoan egunero-egunero aparkatzen nuenekoaz akordatzen dela. Ez naiz ni izango nire ni-nerabea desmitifikatuko duena; nahikoa zara zeu horretarako.