Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

33.

 

 

 

Topagunetik itzuli zinenean, gezurra esan nizun. Ez nintzen hirurogeita hamabi orduz parkineoan ibili; arratsalde batean Max Centerrera eraman ninduen amak eta gainerakoak Agarren pasatu nituen: Largo etxaurrean, Mitxubisiaren bolantearen gainean erdi etzanda siesta egiten, eta amama ta biok sukaldean, Ben Hur eta Rey de Reyes ikusiaz arrozkonletxea jaten. Mortala. Baina ja ez dit inporta kontatzeak. Batere ez. Kontatu egin nahi dizut egi-egiatan nabilela ikus dezazun.

      Eta egi-egiatan diotsut: belarrondoko bat irabazten ari zinen. Batzuk.

      Ze zure lagun borrokillek ze bizimodu zeukaten ez dakit, baina zuk zer egiten zenuen bai. Ni ez nauzu engainatzen, guapa: zu inguruetako Gazte Egun guztietan ibiltzen zinen paella serbitzen eta etxean platera ta basoa mahaian utzita altxatzen zinen albistegia ikustera zindoazela ta, gurasoei, esnea epeltzen zizuten bitartean, burgesten ari zirela esanez. Zuk manifetara ez joatea aurpegiratzen zenidan lehenengo eta, gero, konpromiso familiarrak asmatzen zenituen zipaioen aurrean arineketan egitetik libratzeko. Egunez Xena la princesa guerrera ematen zenuen eta, gauetan, hamabi urterekin oparitu zizuten ositodun pijamarekin lokartzen zinen sofan, koņo. Eta hala ere. Kokatu ezinik zebilena neu nintzen, hala ere. Edo hori esan zion Maribe Irigorasek amari eskola utzi nuenean.

      Laostia da. Niri buruz galdetuz gero, irakasle den-denek erantzungo zuketen eskuetatik joan zitzaidala eta, zuri buruz galdetuta, bakar batek ere ez. Nahiz eta ekainean hamar bikain ateratzearren apiriletik aurrera lagunekin irteteari utzi zenion. Nahiz eta astetik astera argalago ta horiago zeunden. Nahiz eta zortzi bikain, osoondo bat eta ondo bat jarri zizkizutenean mikroinfarto batek eman zizun ia.

      Gehiago esango dizut: niri buruz galdetuz gero, irakasle guztiek erantzungo zuketen nire familiari eskuetatik joan zitzaiola eta, zuei buruz galdetuta, bakar batek ere ez. Hortxe utziko dut. Ze, orain, atzera kotxeak raiatzen hasteko gogoa sartzen zait gure irakasleetako batzuekin akordatzen naizenean, baina, momentu hartan, minus inporta zidan haien iritziak, egia esanda.

      Zuk kasu apur bat egiteak inporta zidan momentu hartan. Baina berbak falta nituen. Eta ja ez nekien zelan eskatu. Eta pentsatzen dut horrexegatik amaituko nuela ikasbidaiako asanbladetan ematen zenituen azalpenak boikoteatzen, eta klaseko mutilak mahaian Segitxu de mierda idatz ziezazuten tentatzen, eta azkenean egin nuena egiten. Baina, horretan, sartuko naiz aurrerago. Institutukoaz ari nintzen.

      Esaten, ez nuke zergatik utzi nuen esaten jakingo. Ez zen zehazki ezergatik izan eta, era berean, denagatik izan zen. Klasean tentsio permanentean egoten nintzelako. Trankiltzeko kanutoak erretzen nituelako eta, erreta nengoenean, buruak rulatzen ez zidalako. Apirilaren azkenetan geundelako eta hilabete t’erdian kurtsoari buelta ematea inposiblea iruditzen zitzaidalako. Neure burua bigarrenez errepikatzen ikusten nuelako. Edo Adri tonto geratuko zela esaten zidan hurrengoari ostia bat ematen. Edo beste edozein aberia egiten. Eta berriz tentsioa. Berriz kanutoak. Berriz buklea. Gehiago ez joatea erabaki nuen arte: bihar ez noa. Eta utzi egin nuen. Sinmas.

      Amorru-negarra, Polly. Barbi noviari ilea moztu izanaz damutu zinenean egin zenuen, ba, zuk? Halakoxea etorri zitzaidan.