Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

16.

 

 

 

Zurezko urrats hots desordenatu batzuek esnarazi naute handik laster: doi-doi ikusten dut teilatuko argi-zulotik datorren luminositate apurrarekin, baina neskatxu bat da, enkajedun kortina zuri bat ipurdi gainean txandalaren barrutik sartuta duela, bere oinak halako hiru diren zueko holandar loratu batzuekin ganbaran hara-hona dabilena. Bigarren bat ere ikusten dut, sabaia ta zoruaren arteko distantzia zabalena den puntuan, entziklopediaz, familia argazkiz eta souvenirrez jantziriko aldare baten azpian oilartuta. Koadrodun alkandora xxl bat darama, mahuketako bat belaunaren parean zintzilik eta bestea erremangatuta, erretzen ari den margoaren purpurinazko kolillek zula ez diezaioten. Ez dakite hemen nagoenik.

      Zuekodunak plastidecorra amatatzeko eta martxa nupziala txistukatzeko agindu dio alkandoradunari, berak gabonetako gauzak ipintzen duen kartoizko kaxa batetik girlanda doratu bat atera eta lore sorta bat inprobisatzen duen bitartean. Solemnitatez abiatu da aldarerantz, iritsi da, heldu dio lagunari besotik, jarrai ezazu txistua jotzen, eta bueltan-bueltan ganbara inguratzen hasi dira. Niganantz datoz, nire parean daude, arnasari eutsi diot, badoaz, badoaz eta, atzera liburutegiaren azpira iritsi direnean, aurrez aurre jarri dira: ahoak nola-hala estali eta eskugaina eskugainaren kontra igurtziaz musukatzen aritu dira emakumezko ahots batek behetik deitu dien arte. Zure ama. Eztei arropak presaka erantzi eta han doaz, eskaileran behera. Ni, geldi, itzultzen badira ere.

      Loa joana zitzaidan ordurako, euli bat eskupetik lez, eta apalategiko Torreifelaren eta telefono kabina gorriaren tamaina bertsuko miniaturei begira egon izana daukat akorduan. Humanitatea extingitu ondoren beste planetaren bateko sasi-arkeologoek zuen ganbaran lur hartzen badute, ni orain nabilen bezain galduta ibiliko direla, alegia: hondakinen azpian topatutako gauzen dimentsio errealak ezin kalkulatuta. Zenbat neurtzen duzu zuk. Zenbat neurtzen dut nik. Zelan eduki genezake tamaina bera zuk zortzi urterekin eta nik hogeita pikurekin. Zelan hazi zara hainbeste. Zelan txikitu naiz ni. Ze ostia egin diguzu, Wayne Szalinski.

      Eta, era berean, behin baino gehiagotan harrapatu izan dut neure burua karneteko argazkiak trukatzen genituen aldikada hartatik daukadan fotomatoiko mini-zu bat eskuetan hartu eta minuskuloa da, minuskuloa da, minuskuloa da errepikatzen. Baina horra arte. Ni, zu ez bezala, ez nintzen gurasoen argazkiak lagunen argazkiei eta kondoi kadukatuei pegatuta karteran erabiltzera iritsi: aire frantsestu bat ematen zioten gafapasta biribiltxoekin ama, eta berrogeietan ondo sartuta ipini zuen belarritakoarekin aita. No koment.

      Imajinatzen nauzu neure Quiksilverreko billeteratik bizikleta bizkarrean daraman Marinoren argazki mitikoa ateratzen? Ziklistie zan zure aitte, esaten zidan Bedak erretratuari paparraren kontra eutsiaz, kamioi batek jota hil zan. Fantasia 2000, Polly, the imax experience. Baina eskertzen diot ahalegina.

       Kontua da, lo-ez-lo, erabat galdu nuela denboraren nozioa; zementua egin zitzaidan hesteetan, biharamun goizean, amamak zure gurasoei deitu ziela-ta itzartu ninduzunean: zelan ez zenion esan hemen zeundena? Ez dakit. Eta mobila? Ahaztu egin zitzaidan, joder, atodaostia irten nintzen…

      Hortzak oietatik askatu eta eztarrian behera noiz trabatuko egin nuen bueltako bidea, Polly, eta Agarrera iritsi nintzenerako, sukaldeko mahaiaren alde banatan jarrita zeuden hirurak: Largo bere altzairu inoxidablezko erlojutzarraren hebilla eskumuturrera ajustatzen ari zelako plantak egiten, Beda atzamar puntekin sudur-trenkada eta bekainen arteko triangelua estutzen, eta ama kutxilo ipurdi batekin azukre koskor bat mahaian txikitzen zuen bitartean kafe hutsa edaten.

      Akordu konbultsoa daukat handik aurrerakoez. Mobila sagarrondotik zintzilik ikusi zuenean, autosuizidatu egingo nintzela pentsatu zuela murmuratzen amama, errua harena zela gaineratzen Largo eta asmakizuneko urkatua imajinatzen ni: persona bat sabaitik eskegita agertu da gela huts batean eta lurra bustita dago, zer gertatu da? Largo osaba Keparen moduan amaituko nuela iragartzen eta Largori ahotsa altxatzen ama: bere alaba nintzela, ez eurena, eta berriro horrela ez hitz egiteko niri.

      Beda daukat akorduan, mahukatik paperezko serbileta toles bat aterata zintz egiten, eta neure burua, eskaileretan gora nindoala, logelako atea bekokiarekin jota eraisteko gogoarekin. Sunormala naiz, joder. Bezperan nahaspilatuta utzi nuen koltxa lisatuta eta mobila mesanotxeko kargadoreari entxufatuta topatzea. Largo ta ama engorilatzen entzutea. Beda balerianak hartzen eta zu gurasoen bronka jaten imajinatzea. Hori guzti hori.

      Eta ni, bien bitartean, bitxobola baten moduan kiribilduta, ito baino segundo erdi lehenagora arte arnasari eusten. Askatzen. Eusten. Eusten. Eusten. Askatzen. Sunormala eta esker txarrekoa naiz. Indeseable bat, zure amak eta zuk kontrakoa esango zenidaketen arren; abandonuaren zauria lantzeko terapiara joan behar nukeela eta bla, bla, bla. Ze zauri ta ze mierda, Polly. Ze zauri ta ze mierda.

      Ezin dut, eske ezin dut “landu” esaten duen jendearekin. Ezin dut zure amarekin. Ezin dut neure pentsamentu autodestruktiboekin; nahiago diet korritzen utzi odolak guztiak bota eta piku punta bat baino sikuago geratu arte. Agur Marijje ta Santa Maria ta Santa Maria ta Agur Marijje, zuk errezau ein, ume, begittanziño baltzak etorten jjatsuzenien, errezau ein.