Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

17.

 

 

 

Etxeko beste inorekin ez bezala enpatizatzen nuen Enbrarekin. Zen animalia domestikatu tristea baino piztia selbatikoagoa izan zitekeelako bulka igotzen zitzaion bakoitzean prezipitatzen zen oilategira eta osaba Aitorrek eta aittittek ostia-hotsean ateratzen zuten. Akabatu berri zuen oiloarekin burutik behera eman eta etxeosteko lizarrondoan lotzen zituzten biak, txakurra enborrean eta adarretik dingiliz oilokia; aittitteren belaungainetan erdi eserita kontraluzean ikusten nituen La 2eko dokumental siestero haietatik ateratako estanpa bat izan zitezkeen. Gintezkeen. Leopardo bat gazela baten gorpua akazia baten adaburuan ezkutatu ondoren lurrera jauzi egiten eta Largo horrek bai horrek bitxuek esaten, nik eskuetan nerabilen Furby loguratua telebistarantz zuzenduta astintzen nuen bitartean: ikasi, Furbito, ikasi.

      Ez genuen ikasten, ordea. Ez Furby zaharrak, ez nik. Edo hori esaten zidaten ortura bizikletan sartzen banintzen, edo konjeladoreko tapa ondo ixten ez banuen, edo sukaldeko artaziekin frekilloa triskilatzen banuen: ez dozu ikesten! Eta hormara begira jarrarazten ninduten eginikoez hausnar nezan. Baina niri bat, bi, hiru ta lau etortzen zitzaidan. Kanta. Bat, bi, hiru ta lau, Txominek andrie falta dau. Eta Largo ta Bedarenak izan zitezkeen siluetekin bisualizatzen nuen sekuentzia osoa: horma zuluen topau dau, txirrike-txirrike etara dau.

      Baserrietako horma-arrailetatik entzuten diren lamentu guztiak ez dira harrienak izaten, Polly. Horrexegatik saiatu nintzen ganbarako eskapadaren ondoren ipini zidaten zigorra betetzen. Eta horrexegatik esaten nizun etxetik instira eta institik etxera eman nituen hiru-lau aste haietatik zoratuta irtengo nintzela. Zoratuago lehen zeundena baino? Serio ari naiz, joder, ez dakit aguantatuko dudan. Noiz arte? Neure urteak arte, gutxienez. Eske itzelak liatzen dituzu… Eta? Eta ezer ere ez. Merezita daukadala? Nik ez dut horrelakorik esan. Ez, baina pentsatu egin duzu. Ba, lehen ez, baina orain igual bai. Jan kaka, tia! Nora zoaz? Atzamar puntak entxuferen batean sartzera! Zu ordu bietako klasera eta Adriren lokalerantz ni. Liatzen hasi ginenean ez bezala, komunetik pasatu barik; begiak pintatu barik, kamisetaren ordez topa jantzi barik, bururatzen zitzaidan edozein guarrada Pilot potoloarekin tripapean idatzi barik. Fliparazi egiten nion. Eta banekien.

      Arratsaldeko turnora sartu aurretiko azkenengo kanutoarekin butakoi batean hondoratuta aurki nezakeen moduan aurki nezakeen lokalaren gaineko plazatxoa gurutzatuta eskolarantz zihoazen umeei bazkalondoko demostrazioa egiten: zelan ehizatu uso bat tirorik jo barik. Hiru-lau metroko pita bat amu bati lotu eta amua gusanitos batean sartu ondoren, behegainean barreiatzen zuen soberan zeukan paketekada; zain-zain egoten zen uso inuzenteren bat gantxoa irentsita aireratzen zen arte, hegada punturik altuenean zegoenean tas! lurrera tiratzeko. Usoa odoletan, Adri usoari harritxikiz beteriko Amstel lata bat hankara lotzen eta hizketan ari zaizun hau, berotzen-berotzen. Ikasten ez zuen ume bat katu bati biboteak erretzen ari zen une hartan nire urdail-zuloan.

      Astapotro hutsa zara. Eta zuri gustatu. Ba ez. Ba bai. Ba ez. Ba bai. Ez. Bai. Ba bai. Muerdo bat eta, konturatzerako, lokaleko zarama-sofa haietako batean etzanarazita neukan: El Niñoren kamiseta mitikoa erantzi ezinik bera, eta neure buruari toro katxondoaren gainean eseri-antzean eusten saiatu guran ni. Alfonbra, futbolina ta pin-poneko mahaia, dar-dar. Telebista. Pleiesteixona. Kajafuertea esaten zioten mikroondas bat. Hormak eta posterrak. Etsaiak. Eskorbuto. Fernando Alonso. Ikurrina batekin estalita zeukaten leihatilako kristala. Eta, bat-batean, neure burua kanpotik bezala ikustea eta pentsatzea: ze ostia egiten dut hemen. Eta jarraitu nahi dudan ala ez ez jakitea. Eta, ez dakizunean, nahi ez duzulako izaten da. Baina orduan ez nintzen guztiz kontziente. Ez ni, ez gure adineko neska gehienak. Eta gelditzeko eskatzea aukeren artean sartzen ez zenez, ba, Fast and Furius: ni gerritik gora baino ez nintzen biluzten eta berari ez nion kaltzontzilloak eranzteko astirik ematen; ahal nuenik bizkorren igurzten nintzen bere polla-lapiz enbasatuaren gainean, ahal nuenik gogorren, begi-kanikak gorantz biratuta jogur poto ajitatu bat bezala korritzen zen arte.

      Kontua da, eguerdi hartan ere, erdi biluzik harrapatu gintuztela Olabek eta bere kamelloetako batek. “Ere” diot, ze ez zen lehenengo aldia eta, gerora, askotan pentsatu izan dut Adrik berak abisatzen ez ote zien. Kontua da berdin amaitzen genuela beti: Adrik brageta bustia kamisetarekin estaltzen eta Olaberi hautsontzi bat jaurtitzen nik. Sunormal! Eta kabroiak barre: badakit, esaten zuen, dokumentatuta dago. Hamabost urterekin diagnostikatu zioten tdha, eta horregatik.

      Koadro bat, Polly: Olabe deskojonatzen, Adri kamiseta atzekoz aurrera jantzita eta ni lefa orban sikudun Interviú bat  zapata-zolan itsatsita nuela. Corre, Forrest, corre.