Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

15.

 

 

 

Damu naiz ondorengo orduetan gertaturikoez, Polly. Gasta-gasta egin arte igurtziko nituzke sorbaldak baserriko horma-harrietan, nire absentziaren arrastoak ezabatzeko. Desegiteko. Desibiltzeko. Despentsatzeko. Ze esplikatzeko ez naiz kapaz, baina desegin, desibili eta despentsatuko nituzkeen gauzen ehuneko laurogeita hamarrarekin gertatzen zait hori.

      Gure etxetik zuenerantz nindoala konta diezazuket eta gutxi gehiago; gauez eta baso-bideetan seigarren zentzumen deskribaezin batek gidatuta mugitzen naizela txakurrak lo zaharrean eta katuak ehizarako sentitu orduko. Baina hori badakizu, ez? Ur beltzetatik jaioa naizelako da hori. Edo hala esaten zidan Bedak: etorriko jjatsu egunen baten Sakamantekerue ta eingo zaittu eruen, odolak guztijjek atara ta txolet batetik edateko. Entzun dozu, ume? Eta eskutik tiratzen zidan elizpean pinoa egiten, leiho azpiren batean bizilagunak zelatatzen edo deposituan txitxarrak erretzen desorduetan harrapatzen ninduenean. Odolak guztijjek atarata piku-puntie baino sikuau izten zaittunien, akordauko zara, bai, amamaaz.

      Ba, gau hartan ez nintzen akordatu.

      Eta pultsazioak triplikatuta iritsi nintzen zuen etxera. Knt. Knt. Knt. Eta errepideaz beste aldeko iratzedian gorde nintzen itxaroteko. Nahiz eta zuk ordura arteko smsei erantzun ez. Nahiz eta nik neure burua korrotik kanpo ikusi, dantzetara joaten ginenean zu gehi beste hiru-lau “aukeratu” oinetakoak gordetzeko gelatxoan atea barrutik itxita monitoreekin mi-mi-mi ta ma-ma-ma aritzen zinetenean lez. Akordatzen zara? Mutilen taldeko gizongaien gorputz atalak batetik hamarrera puntuatzen zuek eta esloquehay batekin ahal genuentxoa egiten Goizane Lasheras eta biok; kaseteko zintak errebobinatzen zituen bitartean amak albalean batutako pandelecheak binan-binan jaten bera eta ispiluaren aurrean ezpata bati helduta Mulanenak egiten ni, une batetik bestera ilea, edo mihia, edo zintzurra moztera banindoa bezala. Aldagelako atea nori itxi ez zenuela zeuk erabakitzen? Sinesten dut. Kanpoan geratzen zena ni nintzenean txintik esaten ez zenuena, ere bai. Fusibleak zartarazten zizkidan pasibitate eskluiente hark; ez zinen poni puta bat, joder. Ponia, iratze artean makurtuta nengoela, zuen etxondotik begira-begira neukan desproportzio hura zen; kardulatzen bat zapaldu eta heliozko adarbakarrak desinflatzen diren moduan desinflatuko zela iruditzen zitzaidan batzuetan eta, besteetan, hizketan hasi eta gerra deklaratuko zigula, markinarrez eta Clint Eastwooden bikoiztailearen ahotsarekin.

      Eskerrak handik laster iritsi zineten, aita txofer eta burua kopilotuaren aldeko kristalaren kontra jausita zu. Eta ni isilik. Eta zuen aita etxean sartzen. Eta ni zugana hurreratzen: psss, pssst! Ostia, hau sustoa! Barkatu. Zer egiten duzu hemen? Idatzi dizut lehen. Egin berba baxuago. Idatzi dizut etorriko nintzela. Ordu hauetan? Tia, utzi zuen ganbaran lo egiten, Agarren geratzen banaiz ito egingo naiz; guraso despistatuei kotxe barruetan ahaztutako umeak supermerkatuetako parkinetan lez itoko naiz eta ez diozu zeure buruari barkatuko.

      Eta ohartu zinenerako, han gindoazen eskaileran gora, ni aurretik eta zu atzean, usategian erbinudea sartu zaion andrato ernegatuaren goizalde pausoarekin. Ez zaitut gehiago molestatuko, tia, ai promis. Ez nauzu molestatzen, baina ezin zara ordu hauetan itzaletatik agertu. Azkena, benetan, abisatu barik agertzen natzaizun azkena. Egiteko berba baxuago! etakoa banintz, gordeko nindukezu, ba! Falta zitzaidana! Falta, zeu falta izan zara gaur. Ni? Bai, non ibili zara? Eta hitza ahoan-da utzi ninduzun, manta baten bila zindoazela ta.

      Ez dakit zergatik: tautik kontatu barik jeloskor jarri nahi ninduzulako edo, zerbait kontatuta ere, ezer ulertuko ez nuelakoan zeundelako. Politikaz paso egiten nuelakoan. Eta, hein batean, bai. Mierda bat inporta zidan Independentziatasozialismoak. Zuk ez. Zuk inporta zenidan. Eta hau ere ez dakizu, noski, baina, handik hilabete batzuetara, goizeko seietan jaiki eta irratia ohean pizten hasi nintzen neu ere, zure izena edo zure lagunen batena notizietan noiz entzungo.

      Tori, kojina ta manta, sofacamakoak gogorregiak dira. Eskerrik asko. Igoko naiz bihar goizean. Tia, lehen ez dizut esan baina de puta madre zaude praka horiekin. Shhh, egin berba baxuago, nire gurasoek entzungo gaituzte azkenean. Baxu nabil. Baina altu entzuten da. Balebale.

      Ganbarako ateari sakatu eta eskailerak jaisten zu. Sofan etzanda besoarekin begiak estaltzen ni.