Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

11.

 

 

 

Noiz geratuko gara Etikako lana egiteko? Ba ahaztu egin zitzaidan esatea, baina Iraiarekin egingo dut. Ah. Barkatu, eske berak zuk baino lehenago proposatu zidan… Eta, neurri batean, onartzen nuen, Polly; zinen enpollonatxoarekin, talde-lan guztiak nirekin egin nahi ez izatea, irentsita neukan. Bestea beti neu izatea ez. Bestea, la otra esan nahi dut. Eta zure lagunek apestatu bat banintz bezala tratatzea ere ez. Zure lagunak edo.

      Ez dituzu ezagutzen, errepikatuko zenidake; hiru urte dauzkazuenetik zabiltzatela elkarrekin eta denek aintzatesten zaituztela.  Seigarren Spice Girla beti zeu izan arren, edo bosgarren pasaiaria, baten baten aitak han-hemengo jaietara kotxez eramaten zituenean. Gutxigatik geratzen zinen kanpo, e? Oso gutxigatik.

      Baina derrepente, lan bat entregatu behar da astelehenerako eta, klaro, Iraiak bere etxera gonbidatzen zaitu lotara. Eta Million Dollar Baby alkilatzen duzue. Eta sabelean zeneukatenik ere ez zenekiten hondura batetik egiten duzue negar. Elkarrekin. Eta horrek, momentuan baino ez bada ere, oso fuertea izan behar du. Ni zero hunkibera naiz, badakizu, eta ez nituen zuen korrida emozionalak aguantatzen. Eta, aldi berean, nahi nuen Iraiarekin zeneukan konexio katartiko hura nirekin ere eduki zenezan. Eta orain, denboragarrenera, ulertzen dut eskaintzen zizkizuten konplizitate dosi intermitente haiei eskapatzen utzi nahi ez izatea. Orduan ez, Polly. Hainbat gutxiago zure kuadrillakoen aurrean nitaz lotsatzen zinela ikustea, nik komeni zitzaizun guztietan neure jendearekin hara ta hona erabiltzen zintudanean.

      Gero, batzuetan, edaten nuenean, zurekin ahazten nintzela eta kolgatuta uzten zintudala? Egia da. Eta ez da. Terrenalak ziren gauza guztietatik deskonektatzen bainuen, ez justu zugandik. Eta zuk ez zenidan ezer esango; zuk itxaron egingo zenuen ordu batzuk, edo egun batzuk, edo aste batzuk aurrerago, azterketa sorpresaren bat mahai gainean jartzen ziguten arte, nire txistadei berrogeita hamabost minutuz ezentzunarena egin ondoren eta paperak entregatzeko lau minuturen faltan, burua altxatu eta zein ariketarekin lagun zeniezadakeen irribarrez galdetzeko. Eta gauza bat esango dizut: azterketa batean irribarre egiten duenak, ez dauka izenik.

      Ordubetean egin ez duzunik ez duzu minutu bian egingo, Unzueta. Entregatu paperok, Unzueta. Berandu iritsiko zara hurrengo klasera, Unzueta, Unzueta, Unzueta.

      Zu Teknoko gelara sartzen eta ni institututik irteten. Adriri perdidak egiten. Maribe Irigorasen Renaulta giltzekin raiatu eta belodromorantz igotzen. Hijasdeputa. Bokalizatzen ahaztu zait. Naturalago nabil lau-hankan, biren gainean baino. Farlopa pakete bat jan duen hartz bat ematen dut, baina farloparik jan barik. Eta hartza izan barik. Joder.

      Putiju ta Olabe ikusi ditut belodromoko gradetan eta begiak irten beharrean arrimatu natzaie. Deskojonatzen ari dira, kanuto banari tiraka: quiereh un masahe, guapo? Un masahe, 100 iuro, dio Putijuk. Nahi dut, Olabek barrezka, gogortuta nago. Sunormalak dira, baina marihuana daukate eta berdin zait: eurekin deskonposatuko naiz eta, gasolineratik itzultzen denean, nire errautsak baino ez ditu topatuko Adrik.

      Baina Adri ez zen itzultzen, ni blankazoarekin behea jotzear nengoen eta euria hasi zuen: gose naiz, peņa, etxera noa. Arineketan jaitsiko nintzen instira. Autobusera igo. Zure ondoan jesarri. Isilik ni. Isilik zu. Hemen ez da ezer pasatu.

      Mugikorra atera eta deskargatu berri neraman politonoren bat entzunaraziko nizun, papi, papi, papichulo. Edo bromaren bat egin, zuen etxegaineko belazeko poni zaharra zakila eta erdi zabalik geratzen zitzaion begi bakarra irten-irtenda ikustean. Grazia egiten dit oraindik: zuk “Ortzadar” esaten zenion, Bedak “ponis”, Largok “bitxo” eta nik “Polli”. Tia, noiz arte segituko duzu txiste igualarekin? Pollik enpalmatuta jarraitzen duen arte, osea, betira arte. Gero deituko dizut. Bale. Eta txoferrari arratsalde onak laurogei urteko atso baten moduan emanda jaitsiko zinen autobusetik. Dena ondo.

      Ez dakit zelan esplikatu, Polly, baina, niretzat, zazpi ordu espiralen barruan daude oraindik eskola egun haiek guztiak: egun apurtu baten barruan bigarren bat zabaltzen zait, bigarrenaren barruan hirugarren bat, hirugarrenaren barruan laugarrena… Infinituraino. Eta autobusetik jaisten naizen bakoitzean, euri-lur eta konpota garratz usaindun arratsalde udazkendu bat aurkitzen dut, artzain txakur nekatu baten zaintzapean: adarretatik jausitako sagar piloekin estalita dago Agarreko etxeostea eta Beda Eroskiko poltsa bat buruan ipinita dabil ustel edo mailatuta ez dauden ale bakanak amantalera batzen. Begiak ixten ditut. Zelan jarraitzen dut oraindik hemen, tio. Eta zabaltzean, instiko korridoreetan nago berriro.