36.
Segizioan goaz: osaba Aitor, aurrerengo, txorimamua bizkarrean hartuta, zu ta biok osaba Aitorren atzetik biribilketa bat jotzen, eta gure atzetik umeak, txorimamuari deika. Gainerako auzotarrak Intxaurtzeko ortuan daude, bedar sikuz, kartoiz eta ohol zaharrez eginiko Sanjuan-metaren inguruan zirkulu bat osatzear eta, aldatsean gora ikusi gaituztenean, kantuan hasi dira. Osaba Aitor txistu-joka. Osaba Aitor bide bazterrera japo bat botatzen. Osaba Aitor txorimamua kartoi piloaren gainean ipintzen. Suabe, Aitor, diotso Bedak, suabe.
Bedak egin du txorimamua. Bedak josi zizkion osabaren kanterako prakak Largoren etxeko alkondara zahar bati. Bedak bete zuen bedar sikuarekin. Txorimamuak lepotik behera sartuta zeraman gurutze-makila ere, Bedak lotu zuen. Bedak egin zion burua lasto-bola batekin eta kamiseta zuri batekin. Bedak pintatu zion aurpegia. Bedak jantzi zion Caja Ruraleko txapela. Eta inork ez zion eskerrik eman. Bedari eskerrik eman barik geratuko naiz, Polly, eta begiak barrurantz zarratuta han urrunean ikusten ahalegintzea baino ez daukat orain: iratze-sorta siku bat eskuan daukala Sanjuan-metara hurreratzen, metxero batekin iratzeari su ematen eta iratzearekin txorimamuari.
Txorimamua sutan dago nire errekreazioan, eta suaren ondoan zu; negar-musua daukazu eta ez dakit urterokoagatik den, panpina erretzeak penatzen zaituelako, edo beste zerbait gertatzen zaizun; zer gertatzen zaizu, Polly. Zure aita etxeko patxarana eta sagar zumoa banatzen ari da. Zumoa eskaini dit. Patxarana hartu diot. Eta Sanjuen Sanjuen kantatzen jarraitu dut. Korroan gaudenon ahotsak baino gehiago ta afinatuagoak entzuten dira nire errekreazioan. Josemari zaharra, kantatzen. Betzuengo Karmen, kantatzen. Tia Mila, kantatzen. Nire ama. Zure ama. Zu ta biok, kantatzen. Josemari gaztearen semea hamar urte barik hogeita hamar balitu lez potroak kolokatzen, eta Larrinburuko umea txupetea sutara jaurtitzen. Largo sardearekin ari da, gainetik pasatzeko moduko su txiki bat apartatzen, eta Beda Grabieli ezentzunarena egiten: pinadietara helikoteroekin bota dituzten beneno-hautsak, kokoari kontra egiteko barik, atso-agureak fumigatzeko direla diotso, hil arteko jubilaziorik pagatu behar ez izateko. Entzun duzu hori? esan dizut. Eta barre egin duzu. Eta, atzera kantuan hastear gaudela, Urritxeko mutila agertu da lepotik behera ardi-narru bat eta bekokian adar kiribil bat dakartzala. Larrinburuko umea negarrez. Osaba Aitor animalia hotsak simulatzen. Urritxeko mutila garrak saltoan zeharkatzen eta gainerakook bere atzetik. Nire errekreazioan, oinetakoek su hartuta amaitzen dugu denok. Eta, zuk eta biok, elkarri ilea usaintzen. Hori hala izan zen. Ilearena. Erre usaina daukazu, esan nizun. Zuk ere bai, esan zenidan.
Bat-batean biok bakarrik ari ginen. Bat-batean elkarri etxera laguntzen eta, konbertsazioa luzatzeko, etxetik bide erdiraino atzera egiten. Bat-batean, berriketan. Bat-batean, ezer gertatu izan ez balitz bezala. Eta sentsazio hori, Polly. De puto culo zaudetelako bikotekidea uztea pentsatzen ari zarenean eta derrepente berriro konektatzen duzuenean edukitzen dena. Ez jakitea, alegia: ea benetan ondo zaudeten eta zeuk asmatu duzun de puto culo zeundetela, edo de puto culo zaudeten eta konexio momentu hori izan den asmatu duzuna. Fuertea da.
Matematikan osoondo bat espero zenuela eta ondo bat jarri zizutela entzutea, hurrengo ikasturterako Latina ta Grekera aukeratu zenituela, udaleku ibiltarietara zindoazela, eta jaietan ez-dakit-zenbat turno zeneuzkala: zapatuan gauza bat egin behar dugu. Ze gauza. Ezin dizut esan. Ba, orduan, zertarako esan didazu? Eske nik esango nizuke… Ba esan. Baina ezin dut. Ez diot inori esango. Badakit. Ba hori. Mobila aldean daukazu? Ba klaro. Ba eraman etxera eta etorri gure garajera. Hasi gara! Ez al didazu esan jakin egin nahi zenuela?
Hemendik aurrerakoetan ez gara ados egongo eta, behin honezkero, batere ez dio inporta. Nik argi daukadana da neure partea asumitzen dudala. Baina nire partea ez da hau. Hau zeurea da eta, joder, zuk ez zenidan kontatu behar. Ez zenidan ezer kontatu behar.
Niretzat elkarrizketa hark gau atenporal baten barruan kristalizatuta jarraitzen du, Polly, eta gau atenporal hark astoaren tripan.