Pleibak
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
Azala: Itziar Bastarrika Madinabeitia eta June Baonza Pagaldai
Miren Amuriza
1990, Berriz
 
Pleibak
2024, nobela
160 orrialde
978-84-19570-32-1
aurkibidea
 

 

37.

 

 

 

Hau pelikula bat balitz, balazoak, esplosioak eta pertsekuzioak hasten diren zatia izango litzateke, baina fbiaren dronerik barik eta amaiera patetiko batekin; gurago izango nuen neuk ere zipaioek kotxetik atera nindutenean aldean neramatzan armak eta joiak plastikillozkoak barik benetakoak izan izan balira. Duintasunagatik. Baina ni mozorroak azkenengo momentuan prestatzen dituenetakoa naiz, zu ez bezala, eta barrakeroekin etortzen zen agure besamotz hari ezpata, kollarra ta eraztunak erosi nizkionean, burutik pasatu ere ez zitzaidan egin komisaria batean pirata tristez jantzita amaituko nuenik.

      Baina egin dezagun berba, joder. Egin dezagun, behingoz, egun hartan gertatu zenaz. Ala zortzi urte bazenitu lez atzamarrak belarrietan sartu eta ezdutentzuten, ezdutentzuten, ezdutentzuten errepikatzen hasiko zatzaizkit ba?

      Kobarde hutsa zara, beti izan zara. Eta ukabilkada batek tripan baino min handiagoa egin zenidan egun hartan. Baina zuk hori ez dakizu, noski, eta nik gauza gehiago dauzkat esplikatzeko; zu hasi, esaten zidaten zipaioek, hasi hasieratik. Eta paella eguna zela esan nien, txosnetara seiak inguruan iritsi nintzela, lanetik bueltan, amak eramanda. Amak eraman ninduela esan nien, joder.

      Akordatuko zara zeu ere: bero egiten zuen oraindik, baina zuek bazkariko mahaiak batzen hasita zeundeten ja; zu ta zure kuadrillakoak Pipi Kaltzaluzez jantzita, Etxebaren kintakoak atso-agurez, eta Irati Barrainkua ta hauek, zapatistaz, trentza luzeekin, eta metrailetekin, eta bizkarrean panpinazko umetxiki bana fular batekin batuta. Irati Barrainkua ta hauek notas batzuk izan izan dira beti. Gero, dantzako mutilak zeuden, rugbilariz. Lokalekoak, erromatarrez, Afedeko tunika kutre batzuekin. Eta, nire kuadrillakoak, pirataz. Pirata guapaz.

      Nik la niña del exorcistaz jantzi nahi nuen, edo Chucky el muñeco diabólicoz. Urtero nahi izaten nuen. Baina sekula ez nituen konbentzitzen, ze mozorro haiekin ezin izango ziren guapa gehi bat jarri, eta nire kuadrillakoen mozorroa horixe izaten da beti: guapa gehi bat joatea. Esan nahi dudana da guapaz joaten direnak beti joaten direla guapaz, eta matxoz joaten direnak beti joaten direla matxoz; kutre joaten direnak beti joaten dira kutre eta neskaformalez joaten direnak neskaformalez joaten dira beti. Eta, horrela, kuadrilla guztiekin.

      Eta niri hau guzti hau zer, esango duzu. Ba zuri hau guzti hau entzutea tokatzen zaizu. Entzutea, koño. Ze badakit nigatik zer pentsatzen zenuen: erdiekin ere ez nintzela enteratzen. Ala ez?

      Horrexegatik ari natzaizu detaile guztiak ematen, gauzekin konturatzen nintzela ikus dezazun; kontrakoa pentsa zenezaten uzten nizuen, baina konturatzen nintzen, Polly. Ni ospitalean amamaren ondoan hilzorian egon zen andrearen moduan: alabak aurrean ez balego lez aritzen ziren amagatik txarto esaka, baina seguru nago inframundutik den-dena entzuten zuena eta, hil orduko, eskuan, edo aurpegian, edo harrapatzen zuen lekuan haginka eginda bietakoren bat pozoitzen ahalegindu zena.

      Ni txosnetara iritsi ta batera konturatu nintzen nire lagunen imitaziozko kopia merke bat ematen nuena, buruan Bedaren painelu loradun bat eta gerrian Bershkako zinturoi extralarge hura ipinita. Lokaleko mutilak urrunetik baino ez nituen agurtu eta, hala ere, konturatu egin nintzen nitaz ari zirena. Niri ez zenidan beste bosten aurrean konbertsaziorik eman nahi izan zuengana hurreratu nintzenean; Pipitxula, Pipitonta, Pipipija, Pipidiota eta Pipiborde, Pipiborroki zelatatzen. Eta ea asmatzen duzun: konturatu egin nintzen.

      Autobusaren mobidaz galdetu nahi nizun, besterik ez. Ze, ikusten zintudan, galtzerdi infantil haiekin, eta peluka laranja harekin, eta sorbaldan tximu-pelutxe bat ipinita, eta arrisku publiko bat iruditzen zintzaizkidan, garbi esanda. Baina puto kasorik egin ez zenidanez, pentsatu nuen: paso, kalimotxo bat eskatzera noa. Eta nire kuadrillakoekin batu nintzen karrozen jaitsierarako.

      Eta, esango didazu: balebale, osondo, baina zipaioei zer kontatu zenien. Zer kontatu zenien zipaioei. Ba, gauza batzuk, bai, kontatu nizkien. Baina zuei buruzkorik ez. Zero. Egin niena izan zen Euskadi Directoko erreportari bati kalean harrapatutako lehenengo gaupaseroak egingo ziokeen kronikaren antzeko zerbait: udaletxeko jardinetan ehunka familia paellerekin, eta kuadrillen jaitsieran gazteak espektakulua ematen, eta ni taberna bakoitzean katxi bat ateratzen, eta ez naiz gogoratzen, eta ez naiz gogoratzen. Sinistu zidaten arte.

      Eta, orain, ba nik ez dizut sinisten esaten didazun zatia etorriko litzateke. Benga, Polly, esan: ez dizut sinisten. Ez noa insistitzen, ze neuk ere bateria gutxigutxi daukat ja. Eta hau amaitzeko gogoa ere bai. Baina, amaitu baino lehen, gauza bi.

      Lehenengo gauza: barkatu. Konturatu nintzen konturatu zinena.

      Karrozen atzetik gindoazen, zu zure kuadrillakoekin eta ni, zuen aurrean, Etxebarekin berbetan. Erre ta erre ari zen, baina edan ez zuen egiten. Eta nik, hala ere, pentsatzen nuen: ostia, zelan dator hau hain trankil Bizkaibus bat gerarazi behar badu. Total, momentu batean, sua eskatu zidala. Eta nik begira edukiko gintuzulako sentsazioa neukala. Eta, metxeroa eman beharrean, ahoan zeukala piztu niola zigarroa. Eta burua bueltatu nuela. Eta bai, guri begira zeunden.

      Eta, bigarren gauza: izorra zaitez. Letra guztiekin.

      Handik apur batera, Etxeba desagertu egin zen eta ni Fondara sartu nintzen, komunera, ze kakalarria etorri zitzaidan. Harrapatu duzu, ezta? Fondako komunean nengoela, taza ez ukitzearren beso biak hormetara luzatuta eta mokordoari sakatzen, Irati Barrainkua ta biok ondoko komunera mozorroak kentzera sartu zinetenean: Jone hori zer, esan zizun, ikusi duzu Etxebarekin? Eta zuk: bai. Lianta bat da, ez? Bastante. Baina lagunak zarete? Keba, umetan egoten ginen, batzuetan, auzoan ibiltzen zelako ta hori, baina laguna ez da. Ba Adrianek istripua eduki ta berehala Olaberekin liatzen hasi zela esan didate. Seguru baietz. Ke fuerte. Ja.

      Ukabilkada batek tripan baino min handiagoa, Polly. Esan dizut.

      Besoek klak egin zidaten eta kastillo intxable baten moduan desinflatu nintzen komunontziaren gainean zu-umea eta ni-umea azpian harrapatuta.