7.
Patioko futbol zelaiaren kantoi batean ikusten zaitut zure aldrako lehoi-emeekin argitarantz etzanda, belarriak makur, begiak itxita eta kokotsak elkarren bizkar gainetan enkajatuta dituzuela. Ni Adriren eskuterraren atzealdean noa, burua zuenganantz jiratuta urruntzen-urruntzen. Geroago ta txikiago ikusten zaituztet. Zaitut. Nora nahi duzu? diost Adrik. Eta nik: belodromora. Belodromora nahi dut, pistaren barrualdeko alderdirik inklinatuenean belaun-toles eseri eta geure adoleszentzia desbordanteei behatz potoloen puntekin doi-doi eusten diegun bitartean porroak erretzera.
Berrizko belodromoarekin pasatzen da, eduki dezakeena baino kotxe handiagoa edo karuagoa daukan jendearekin pasatzen dena: ikusten duzula eta esaten duzula, baina nora zoaz horrekin. Baina, derrepente, Torre Gemeletako atentatua gertatzen da irail batean eta handik astebetera ejerzituko soldaduak agertzen dira aproba militarrak egitera: ikusi dituzu? galdetzen nizun. Nik bai. Nik bai. Nik bai. Nik ehundik gora. Nik metrailetekin. Nik rotbailerrekin. Pesadillas, capítulo uno: ni zuri Hirugarren Gerra Mundiala zetorrela sinetsarazten eta zu, hamaika urte mandorekin, amarekin lotaratzen. Pesadillas, capítulo ciento uno: zu hamabost-hamasei urterekin berriz ere amarekin lo egiten hasita, eta ni zure Sejiko lagunak eskuburdinekin zelan zeramatzaten Teleberrian ikusten. Seji ez, tia, Segi da. Badakit. Orduan zergatik esaten duzu horrela. Brometan nabilelako. Ba ni ez.
Horiek geroagoko kontuak dira, baina. Orain belodromokoak; orain Adrik hurrengo zapaturako planik ba ote neukan galdetu zidanekoa. Motorra hartu eta ihes egingo dugu, esan ziezadakeen, Gandiara, Saloura, Peńiscolara, nora nahi duzu? Trapi batzuk egingo ditugu lana topatu bitartean, eta gero, bizi. Baina keba. Elorrioko jaietara joatea proposatu zidan eta nik ez dakit zer esango nion; ez nekiela irtengo nintzen ala ez, etxean borde jarri zitzaizkidala eta raiatuta nenbilela. Zer ba? galde ziezadakeen, zer duzu? Baina ez zidan galdetu: Bab Tazatik Chauenera rally bat egitea guapisimoa zatekeela otu zitzaion, justu orduantxe, eta onomatopeiak egiten hasi zitzaidan besoak luzatuta eta kokota plegatuta; ume-potolo-ohi bat Eskalestri imajinarioaren gainean.
Hiru anaiatan gazteena zen. Ostiatuena ere bai, eskola utzi eta bizikletari ta speedari emanda Mikel Gońiren antzak hartzen hasi zen arte; frontoiko gradetan begiak oker-oker eginda eta eskuarekin gomazko pilotatxo bat estutzen amaituko zuela esaten zidan Largok, baina nik horrelakorik ez nuen entzuten. Nik Vamos a la non con un bocata de jamón. Eta fosforeszentziak, fosforeszentziak, fosforeszentziak.
Aboroko gasolineran egiten zuen lan liatzen hasi ginenean eta, badakit zer uste duzun, baina gustatzen zitzaidan. Eta bere habitata ere bai. Batez ere, hori: mutilekin ibiltzea, eta mutilen laguna izatea, eta mutilek elkarri kontatzen ez zizkioten gauzak neuri kontatzen zizkidatela pentsatzea. Ilusio optiko hori. Gero, egia da, neure onetik ere askotan ateratzen ninduela. Esan nahi dut, dena delakoagatik kableren bat kruzatzen bazitzaidan, botata ere edonoiz uzten nuela. Belodromoko egun hartan, adibidez: nora zoaz? Etxera. Agarrera? Zer inporta dizu zuri. Igoko zaitut. Ez. Baina 50° daude. Berdin zait.
Benetan zitzaidan berdin, tia. Zirku bat. Konjelatuen kamioia. Jehovaren testiguak. Pasatzen zen lehenengoarekin joango nintzen. Egun hartan joan izan banintz, zuk orain ez nindukezu ignoratuko beharbada. Eta Adrik onik jarraituko luke. Eta ni ez nintzaizuke hau guzti hau kontatzen arituko.