35.
Ez nion bisitarik egin. Behin ere ez. Hasieran goizegi zela esaten nion neure buruari eta atzeratu ta atzeratu, beranduegi egin zitzaidan azkenerako.
Badakit niri buruz herrian zertzuk zabaldu ziren eta ez naiz detaileetan sartuko, ja ez. Baina gauza bat, bai, esango dizut: harrezkero ez da izan berarekin akordatu ez naizen egunik. Basanimaliak sasi-adarra lez daramatzat motor haren hondakinak orkatilan kateatuta, Polly, eta Berrizera itzultzen naizen bakoitzean egoten naiz baten batek noiz seinalatuko.
Adrik, berak, sekula ez dit ezer aurpegiratu; istripua eduki zuenetik urtebetera-edo aurkitu nuen lehenengoz sillaruedasarekin kalean, eta orain egiten dituen komentario horietako batekin erantzun zidan orduan ere: hemen nabil, Arrateko subidarako entrenatzen… Eta are mierdago sentiarazi ninduen. Baina ez naiz honekin luzatuko, ze niri ez zait Adriri buruz berbarik egiterik gustatzen, eta zuri ez zaizu interesatzen, eta kontatu nahi dizudana beste gauza bat da.
Kontatu nahi dizudana Sanjuan bezperakoa da. Zuk urteroko moduan etxerik etxe irteteko deitu zenidan eta ni ipurdia galdu beharrean joan nintzen, akordatzen zara? Zure logelan gaude, entseatzen: zu tente, trikiarekin, eta ni panderoarekin ohe gainean erdi botata. Begira-begira naukazu Ikusi mendizaleak jotzen ari zaren bitartean, baina zu ez zara konturatzen eta neu ere ez, egia esanda. Ez naiz konturatzen zuregelan azkenengoz egon nintzenean zeneukan dekorazio pankarteroa falta denik. Presoen zapia. ahtrik ez-en kalendarioa. Kordel bat plastikozko hiru banderinekin: arrano – izar gorri – arrano. Edo bai; falta denaz konturatu naiz, baina ez horrek esan nahi duenaz. Hori gerora ikusi dut. Opel Astrak eta Renault Meganak zuen etxaurreetan. Zuen aita Largori Telefonicako teknikoak izango zirela esaten eta zu lorik egin ezinik zenbiltzala aitortzen. Niri. Eta sentitzen dut, benetan. Ze gauza bat da uneren batean edo bestean zuri ileetatik tiratzeko gogo erre-erre bat edukitzea. Eta beste bat, oso diferentea, goizaldean etxeko atea bota ziezazukeen edozein maromok eskua gainean jar ziezazun nahi izatea. Eta hori ez, Polly. Hori inoiz ere ez.
Bien bitartean, mila bider errekreatu dut afalaurre hura eta egia da ordurako urruntzen hasita geundena. Uste dut. Baina ezergatik ere ez nuen pentsatuko zuregelara gehiago itzuliko ez nintzenik. Zuregela pottoki-etxe bat zen ohearen ondoan aterki handi bat eta aterkiaren gainean oherainoko izara bat zabalduta, eta gu erbikume bi izararen azpian belaunikatuta pilak txupatzen. Hormetan koloreak proiektatzen zituen argi-bola baten orbitako mini-eguzki-sistema bat zen zuregela. Euskaraokea. Alaitz eta Maider. Asereje ja deje. Zuregela umetako lagunen umetako gelek ebokatzen duten guztia zen, gehi pottoki-etxearena eta mini-eguzki-sistemarena esan ondoren aipatzen ere ausartzen ez naizen beste pastelada pila bat. Horrexegatik jarraituko dut afalaurre hura isilean errekreatzen. Aurrea ta ostea. Ostea ta zu. Ostea ta ni. Ostea ta Beda.