Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 
Iņigo Aranbarri - Apirila

 

Bat

 

Esteban Alberdi hondoratzen ari zen.

        Ez zen aurrena, ezta azkena izango ere zuloan egotea zer zen probatzen, hori esanda lasaitu nahi izaten zuen bere burua argialdietan, batez ere hasieran. Kontua zen denborak aurrera egin arau etsiak gero eta estuago lotua zuela, gero eta argiago jabetzen zela ez zuela hondoa zeharo jo, erorikoak jarraitu egingo zuela, tartea zeukala artean jausten segitzeko. Irudira ekarrita, halaxe ikusten zuen inoiz, itzal bat, fisikoa ez zen minak tropoiloan bildua, gero eta beherago istilean, eta ugaramararen bestaldean, sakonean, basatza zain, gainera zetorkion fardel indarge hura irensteko gertu.

        Dudarik gabe, are egun okerragoak zituen zain.

        Larritu egin zen pentsatze hutsarekin. Kolpetik jaiki eta kamapean galdutako galtzerdiak jantzi zituen. Izarak desegin gabe atondu zuen ohea, tapakiak zabalduta gainetik. Pertsianak igo zituen. Kanpoan ez zuen aldaketa zantzu txikienik sumatu. Bezperako goiz bera zirudien. Behelaino sare batek estaltzen zuen dena. Umetan sasoiko ezagutu zituen bi emakume edadetu zeuden hizketan bebarru aurrean. Banaketan zebilen kamioi bat igaro zen haien ondotik, astiro. Apirila zen baina hotz egiten zuen goizetan. Bezperan ohe ondoko mahaitxoan utzitako edontzia eraman zuen harraskara. Ura berotu eta bi egunerako kafea egin zuen.

        Hondoratze kolektiboarena ez zen berak asmatua, kalean zegoen. Ezin esan benetako egoera ekonomikoari zegokiona baino puztuago, baina lehen ez bezala, giroan zegoen, lagun arteko elkarrizketetan, familia otorduetan, pasieran zindoazela nahi gabe entzundako hitzetan. Bailarako egoera inoizko larriena zen gerra ondoren metalaren industria pixkanaka sortzen hasi zenetik. Egurrarena ere zeharo jota zegoen. Nork behar zituen altzariak etxerik egiten ez bazen. Egun seinalatuetan izan ezik, apaldua zen ez aspaldira arte kanpoko jendea harritzen zuen Azkoiti-Azpeitietako erakustaldi-patsa. Apalduak ziren arropak, apalduak kale ibilerak, dendetako eta ostatuetako kontsumoa, jatetxeetakoa, ibilgailuak eta etxebizitzen eroaldia.

        Kafea edan lau gailetarekin, dutxa geroko utzi, jantzi, kirol oinetakoak lotu eta Loiolarako bidea hartu ohi zuen. Azpeitiraino iristen zen gehienetan. Edo bestaldera, ibaian gora, eguraldiak epeltzen zuenean Urolako trenbide zaharrean gaitutako bidegorritik jotzen zuen, zuhaitz handien eta tunel umelen freskuran, Aizpurutxoraino. Diziplina. Eutsi nahi zion horri behintzat. Bestela akabo. Garai batean, amaren etxe hutsean sartu berri, telebistari begira ematen zuen goiza, barruan aztarka zebilkion mamorroa lerdokeriaz estalita nekezago agertuko zitzaiolakoan. Hedabideek ere, ez zuten gutxi laguntzen. Datu makroekonomikoak. Kanpo zorra. Deslokalizazioak. Langabeen protestak. Bankuek engainatutakoenak. Kartelak. Oihuak. Salaketak. Gazteak atzerrirako nasetan. Etxe-husteak. Dolaretik igarotako jendea geletatik, bebarruetatik, atari aurretatik arrastaka ateratzen polizia. Aspaldi ikasi zuen kanalez aldatzen ekonomiaren gaineko berriak ematen hasten zirenean.

        — Ezkutatuta ez duk ezer konpontzen, Esteban.

        — Ezkutatzea duk kaka hau guztia ez ikusi nahi izatea?

        Hilabeteak ziren lanik gabe zegoela, lehenbizikoz bere bizitzan. Lehen, Teresarekin eta umeekin bizi zenean, eta albiste kezkagarriak inguru gero eta gertuagoa zikintzen hasi zirelarik, gauza ikusten zuen bere burua, bietako edozeini edozer gertatuta ere, egoerari aurre egiteko. Kanpora joateaz ere aritzen ziren. Ikasteko aprobetxa zitekeela denbora. Batak eutsiko zion besteari eta biek etxeari garai hobeak etorri arte. Hala ibiltzen ziren beste etxean, bikiak oheratu eta geroko elkarrizketa luzeetan. Etorkizuna ez zen buru egin beharreko galdera zehaztugabea soilik.

        Bestaldetik begiratzea ere, badaukak. Ez hago hain gaizki. Hitz horiekintxe lasaitu nahi izan zuten artean tarteka ikusten zituen lagun bakanek. Ez da erraza. Ez da erraza lehengoari eustea adin batetik atzera. Denborarekin beste batzuk dira egin beharrak, zer esanik ez haurrak badaude tartean. Eta horretan ere, iraganeko unerik ederrenek ere ez dute nahikoa indar datorkionari eusteko. Zorionez, ez zituen harreman guztiak galdu, nahiz eta zaila gertatzen zen inorekin geratzeko modua egitea. Bera zen bakarrik zegoena, ez besteak.

        Baina bai, bestaldetik begiratzea ere bazeukan. Amaren etxe hutsa zuen behintzat. Teresak ezin zuela ilusiorik gabeko gizon batekin bizi eta banatzea nahi zuela esan zionean izan zuen non sartu. Etxe hark gauzak are okerrago ez jartzen lagundu zuen. Epaileen beharrik gabe konpondu zuten bien artekoa eta haurren zaintza. Momentuz, behintzat. Teresa eta bikiak bizi ziren etxearen hipoteka ordaindu beharra zegoen, baina Teresa lanean ari zen, eta hil eta gero amak utzitako diru pixka bat ere bazuen berak, izuak aginduta ondo begiratuta gastatzen zuena.

        — Gehienak hi baino okerrago zaudek.

        Begiratzen zuen tokira begiratzen zuela, ordea, bera baino zoriontsuagoa zirudien jendea ikusten zuen nonahi. Oinez ateratzen zenean bidean gurutzatzean agurtzen zuten bikote haiek guztiak, esaterako. Aspaldiko ezagunak gehienak, berdin jantzita biak sarritan, merkea ez zen kirol-arropa kolore bizikoz, umeak bizikleta txikietan zituztela atzetik.

        — Garbi zagok bizitzea pixkana-pixkana hondoratzea dela.

        — Hori ez duk hirea. Nondik atera duk hori, Esteban?

        — Liburutegian hartutako liburu batetik.