Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Bi

 

Saihetsez ageri zen gizona argazkian harrotzen hasitako galipot gainean eseria.

        Lasaiegi, itxuraz. Espaloi ertzaren kontra agondua, zoruan bermatuta zituen esku ahurrak. Maratoia amaitu berri duen korrikalari leher egina dirudi. Ez sinistekoa da buruak nola lan egiten duen, pentsatu zuen Estebanek. Maratoilari bat, otutzea ere. Hori eta begiratu batera ez zuela nahiko sufrimendu erakusten horren trantze larrian egoteko.

        Begirada zen. Haren begiek ez zuten izu arrastorik. Ez zioten ezeri begiratzen hutsari ez bazen. Seguru ez zirela ordurako argia ilunetik bereizteko gauza, betazalek ezin babesik eman, bero kiskalgarriak egosia humore beirakara. Ahoak ere ez zuen laborririk erakutsi nahi. Itxita zeukan kamerak ehizatu zuenean. Ez min orrorik, ez aldarri deiadarrik. Ezer ez, argazki mutu bat besterik.

        Irudi garbiaren indarrak harritu zuen Esteban, ia osoro beltzez bereizten zen silueta perfektua garraren erdian. Lotsatu egin zen bere buruarekin eder iritzi ziolako. Ezin uka estetikoki argazki ederra ez zenik. Soinean zeramatzan guztiak erreak zizkion suak ordurako, ikusi egiten zen, beso batetik zintzilik zeuzkan tarratak gorabehera, osoro biluztuta gar-isatsek denen begietara. Zakarrontzi bat zuen bi metrora. Azala gardostua zuen zuhaitz ihartu bat haren ondoan. Leun nabarmentzen zitzaion buru aldea, kaskezurraren dirdira iluna kostaldeko muino bat bezain gozo arratsaldean, ile arrastorik gabe. Barruak nahasteko moduko usaina aditu uste izan zuen. Jendea gonbitoari eutsi ezinik. Ez baitzegoen bakarrik, hiruzpalau lagun ageri ziren argazkiaren ezker aldean, geldi baina presatu, praka motxetan denak, sandalia galduta zuen oin bat. Ur botilak zituzten eskuetan, eta han zeuden, parrasta gar zirristen gainera isurtzen. Turista zen haietako bat, zintzilik zeraman kameran eta itxuran zuen ezagun.

        — Karmen, ikusi dun hau?

        Toalla zikin baten antzera zabaldu zuen Estebanek egunkaria barra gainean.

        — Ikusi hau?

        Makurtuta jarraitu zuen emakumeak, zirkinik egin gabe baina marmarrean. Bezero guztiek entzuteko moduko biraoa biribildu zuen.

        — Zer dun bekozko hori? Orain ere muturtuta?

        Karmenek lipar batez harrotu zuen burua. Orduan erreparatu zuen kikaren gainean utzitako egunkariak kafe arrastoz zikinduta zituela ertzak.

        — Esteban, zazpietatik nagok zulo honetan.

        Argazkiaren azpiko letretara bildu zen ostera, Karmeni galdera errepikatu gabe. Albistea aletzen hasi eta berehala ematen ziren gizonaren izen-abizenak. Berriro irakurri eta ahalik zuzenen gordetzen ahalegindu zen: Nikos Kokkinias.

        Kronikak esatera, astebete eman zuen Kokkiniasek Atenasko ospitale batean erredura larriekin, Sintagma plazan Legebiltzarraren atarian bere buruari su eman eta gero. Bezperan hil zen, berrogeita hamabi urte zituela. Taxista zen eta hiru seme-alabaren aita.

        Berdin da zein auzotan egiten zuen lan, zer jenderen tristurak eta pozak garraiatzen zituen egunero batetik bestera seguru asko ordaindu ezin izan zuen taxi batean. Berarekin eraman ditu bolantea zeramala entzundakoak, kazetariak ez du halakorik jaso. Taxista zen eta zor handiak zituen, itxura. Hor amaitzen zen ikusgarritasunarengatik hautatu zen kasuaren ikerketa. Horra mende erdi pasako bizitza baten laburpena mundu osora morbo hutsez zabaldua.

        Heriotza ez da, ordea, pentsatu zuen Estebanek, gauzarik okerrena kontu honetan. Okerrena erreak izan behar du, haragi kiskaliaren mina suak laztantzen zaituen artean. Minutu amaiezin bat, bi agian, hirurik ez, auskalo zenbat irauten duen erokeria horrek oinazeak ondoeza eragin eta erabat lokartzen zaren arte.

        Leitzen jarraitu zuen. Kontakizunak aurrera egin arau Nikos Kokkinias huts bihurtua zen, errauts zikin letra arte hartan. Euroaren noraeza, batez ere Europa hegoaldea astintzen zuen krisi ekonomikoa eta beren burua botatzea erabakitzen ari ziren greziarren albistea apaintzeko izen bat baino ez zen Kokkinias. Zurgarria iruditu zitzaion kazeta arduradunen logika. Arrastaka bizitzea baino erreta hiltzea ikusgarriagoa delako erabaki zuen norbaitek erredakzioren batean hura izatea greziar sufrituen irudia.

        Maskurian presioa sentitu eta komuneko atea zabaldu zuenerako, erabakia zuen. Egin zezala nahi zuena Karmenek. Eskua paparrera kakotu eta boligrafoa atera zuen alkandorako poltsikotik. Beti aldean, ikaragarri laguntzen zion denbora erretzen. Erretzen. Otu orduko konturatu zen. Hitz horixe etorri zitzaion, erretzen, ez beste bat. Lortu ere lortua zuen sudokuak eta gurutzegramak egiten laga ziezaioten kafe orduan.

        Zakila astintzen ari zela askatu zion ahoaz boligrafoari kaputxoia. Txanpon makinaren hotsa heldu zitzaion sari handiren bat libratzen. Bozkario oihurik ez. Ohikoren bat, pentsatu zuen bere bostean.

        Kisketaz itxi zuen atea.

        Nikos Kokkinias. Letra larriz idatzi zuen egunkariko gizonaren izena ate zuriz lakatuaren atze aldean. Nabarmen irakurtzeko moduan, margotu berria baitzegoen ez hainbestera arte faxistaz, putaz, gora hau eta akabatu bestea eta asmaizu benetakoak ziren telefono zenbakiz zikin egoten zena. Atzamarra gainetik pasatu, eta nahi izatera errazegi ezaba zitekeela ohartu zen. Maratilari gora eta behera eragiten ari zen baten bat kanpotik. Itxarotea erabaki zuen. Urratsak urruntzen sentitu zituenean idatzi zuen atzera idatziaren gainean, indarra eginez zurean barrura: Nikos Kokkinias.

        Zer infernutan bizi behar du pertsonak erabaki hori hartzeko. Zergatik ez hion Legebiltzarrari eman su, Nikos, gobernu eta oposizioko, denak barruan zirela. Diputatuak, kazetariak, atezainak, prentsa, gonbidatuak. Denak hire aurretik, Nikos. Laster genitian lerroburuak: "Greziar tragedia". Edo banku bati bestela. Foto ikusgarria zukean bulego bat sutan, paperak hegaztiak bezain eder, ehun, berrehun, bostehun eurokoak suzko txori bihurtuta "demokraziaren sorrera den lurralde" izorratu horren zeru gainean hegan libre.

        Atzamarra pasa zuen atzera ere izenaren gainetik. Ez zen ezabatzen. Ondo.

        Boligrafoari txanoa jarri, alkandora poltsikoan ez erortzeko katigatu eta beste ezer erantsi gabe atera zen komunetik Esteban.