Aurkibidea
Hogeita bost
Mendaroko asto zamatuak atzerarazi eta bederatzi egunera heldu zen abiatzeko agindua Donostiako kontzeju-etxera.
Probintziako diputatu nagusi Enparanek sinatuta zetorren manua, Azpeititik. Dena urrunegi iritsia zen. Aginduko zitzaionaren jakitun, Arriola alkatea atsedenik gabe aritua zen aurreko egunetan behar zen guztia prestatzen. Sei konpainia zituen osatuak herritarren artean, mila eta bost lagun armatu denera. Lo handirik egin gabe zebilen aspaldian. Bi egun lehenago sinatu zuen bandoa: askatasuna zegoen arriskuan, merkatarien bizibidea eta hiriaren etorkizuna.
Belar urria da borondate ona. Arrenka arituagatik, berrehun soldadu besterik ez zion eskaini armadak espediziorako.
— A zer ahardi-semea Fleignies hori!
Peñafloridako kondea eta mahaian lagun dituen markes biak, Narros eta Sanmillan, zurtuta dira Arriola alkateak duen ahoarekin, handik bi egunera Iturriotzen elkartu direnean. Bentako eskailerapeko txokorrean itxaron diote, ilusio agerikoaz. Ez daude ohituta, ez da besterik. Goiz almortzatu dute, hegaztirik baduten galdetuta nagusiari.
Inondik ere, zakarra da Arriola. Alkate batek behar du hori baino gehiago.
Elkarren arteko hitzak dira horiek, gizona tropari aginduak ematera urrundu delarik isil-gordean aitortzen direnak.
— Orain ezin dut dena kontatu.
Baina kontatuko du, kontatuko duenez Arriolak dena. Ardo gehiago eskatu dute, nafarretik. Lagundu egingo die mihiak askatzen. Etumetatik barrena, bidea dute artean Azpeitira, eta Loiolatik ibaian gora gero, Azkoitiraino. Negoziazioak ez dira errazak izan, antza, Donostian akantonatuta dagoen Irlandako Armadako buruekin. Fleignies kapitainak estu hartu zuen hasieratik Arriola alkatea.
— Matxinatuen errepresioa ez da armadaren kontua, jauna.
Hitz horiekintxe erantzun omen zitzaion udal eskaerari.
— Beste interes batzuk daude hemen, zuenak. Soldaduenak bestelakoak dira. Nork ez du nahi gari-irina merkeago?
Hori izan da Peñafloridako kondeak behar duen ziria hizketan hasteko:
— Hori esan zizun?
Arriola alkatea ez dago moral eskolak hartzeko. Are gutxiago probintziaren interesak zaintzeko beharraz ezer gutxi sentitzen duen militar arrotz haren aldetik. Horregatik eskertu zuen Fleigniesek bidaian ez lagundu izana.
— Zeu al zatoz gurekin?
— Ez, Kindelan izango duzu lagun.
Askoz hobe. Ez da zaila. Durundi egiten diote Fleigniesen hitzek atea ixten ari dela:
— Gainera, ez duzu nahiko tropa zeure kontra jartzerik, ezta?
Arratsaldeko hiruretan atera ziren Donostiatik, hodei zikinez beteriko zerua zutela lagun. Hiriko azken etxeak atzean utzi bezain laster belar lanak aurreratuak zituzten zelaiak zeharkatu zituzten. Seietarako omen zeuden Hernanin. Berrogeita hamar lagun gehiago bildu zitzaizkien herriko sarreran. Iluntzerako, Errenteriatik eta Oiartzundik heldutakoak hartu zituzten ibai hegian atonduriko kanpamenduan.
Gau hartan inoiz gutxitan bezalako lanak izan ziren denentzako janarien garraioa antolatzen eta sekzio bakoitzeko buruei aginduak ematen.
— Ez dakizue onena.
Menosten duen adina miresten du Peñafloridako kondeak odolez tarteko egiten zaion Arriola. Espero aldean azkar iritsi da espedizioa Iturriotzera. Milizia aurrena, Donostiako alkatea duela buru, berarekin datorren jendeak dioen bezala, "hiru aldiz hildako behorraren gainean". Kindelanen soldaduak atzetik, musika eta guzti. Hernanitik Urnieta, Andoain, Sorabilla eta Adunan barrena, bidean eman dute bezperakoa. Bi taldetan zatituta, Asteasun eta Zizurkilen igaro dute gaua. Goizeko ordu bietarako zuen emana irteera-agindua Arriola alkateak.
— Sinistuko didazue Fleignies horrek ez didala komandante izena eman nahi izan forua aitzakia hartuta?
Peñafloridako kondeak lurrinik erantzun gabe jarraitu du. Ondo daki Fleigniesi ematen diola eskumena foruak, nahi izatera bederen, horretarako eta gehiagorako. Kontua ez da Arriola suminagotzea, ordurako mendi-zuloan, laino artean zehazten hasia den ibarrera lehenbailehen jaistea baizik. Azpeitian dituzte zain denak, Enparan diputatua, Barreda korrejidorea, Basazabal alkatea, sindikoak, merioak eta borondate oneko hamaika lagun.
Mandoen irrintziak, pausoen hots erritmikoa, burdinena elkarren kontra jotzean. Goizak hozkirri dira apirilean eta airea garbia. Hezetasunak lurretik gorakoa egiten duenean aurreneko izpiekin freskatzen dira larru-azalak. Ezagutu ez duen tximeleta zuri-horail bat altxatu da ote busti batzuen artetik. Eguzkia goratua da hodei artean, itsaso aldetik. Sentipenen mozkorraldiak soilik gozatzen dio gorputz nekatua kondeari.
Etumetan, orpotik ateratako zumar handi baten ondoan hartu dute atseden.
Peñafloridako kondea amorratzen dago iristeko, ezagun du egonezina.
— Ez da mendekua. Gizalegea da. Ezin gaitezke animaliak bezala bizi.
Arratsalde hartan eta hurrengo egunetan kondeak atxilotuen senitartekoei behin eta berriz errepikatu zizkien hitzak dira, Arriola Donostiako alkatearen eta Barreda korrejidorearen aurrean bitartekari lana egin dezan eskatzera hurreratzen zaizkionean.
— Alferrik dira errukiak orain. Justiziaren aldi da. Gauzak ezin dira indarrez egin. Ez gara basapiztiak.
Eguerdia jotzeko dago dorreko erlojuan Arriolaren tropak harresian barrena Azpeitian sartu direnean. Badira hamar egun enarak abistuka hasiak direla. Parrokiako kanpaiek eman diete ongietorria heldu berriei, San Agustinekoek, dominikoetakoek, frantziskanetakoek, eta jendea atera bada ere bidera aldra deigarri bihurtutako zurrumurrua ikustera, ez du nekeak eta gorpuzkera astunak bentzututako Peñafloridak esperotako bibarik entzun.
Tropak plazara iritsi eta batera ekin zaio jendea preso hartzeari. Matxinada gauean bertan korrejidorearen etxean osatzen hasi zenetik, txindurriak eztitan bezala hazi da mukuruan Enparanen zerrenda. Ondo gozatu dira, orain gertu da gorrotorik gabe zapuztuko dituen eskua. Kopiak eginarazi dituzte. Loiolako ofizialenekin, hirurogeita hamar izenetik gora ageri dira orrietan. Berehala hartu du destakamentu batek Azkoitirako bidea.
Ez da lantegi zaila izan ehizakiak biltzea. Inor gutxi ahalegindu da ihesean. Azpeitian, alkateak berak gidatu ditu Donostiatik heldutako gizon armatuak gatibu hartu beharrekoen etxeetara. Auzoetara, sindikoak bidali ditu. Aldaba jo eta atarian geratu ohi da Basazabal. Eraman ezinezkoak zaizkio orroak, leihora atera eta bere bila abiatzen diren aho zikinak, uzteko bakean gizona, nola biziko diren aurrerantzean, nork ekarriko duen dirua etxera, umeak goseak direla, putakumea Basazabal, itoko ahal haiz heure kakatan, ahardi-seme hori.
Julian Segurola Akotegin bertan hartu dute gatibu, atariko aska ondoan sega pikaketan dabilela. Bekorotzez betetako kapela jantzi diote berehala, eta eskumuturrak estuegi lotu. Txertakea Azkoitiko Hurtadorentzat larrua ontzen ari dela atxilotu dute. Brigida Arteagari sabelean daraman umea zein matxangorena duen galdetu diote, burlaizez eskaileretan behera botatzeko imintzioa eginda. Ez dago atzera egiterik. Iluntzerako, ez dago inorentzat tokirik kontzejupeko kartzelan. Eskerrak toki gehiago dituzten atonduak. Garmendia idazkariak aginduta, lana izan dute arotzek Bikuñaneko ateak sendotzen. Morroilo gehiago aterako dituzte arratsalde hartan bertan milizianoen mando-bastetatik. Eta kateak, Bordeletik beren-beregi ekarriak.
Miliziak Loiolara iritsi direnean Esterripa aita aurkitu dute mailadian zain, hesola baino tenteago.
— Zertara zatozte?
— Ofizialen bila.
Kentzeko paretik eman diote agindua, ez dutela ezer bere kontra. Ezetz, toki sakratua dela plaza bera ere, ez litekeela armekin ibili han, joateko etorri diren bidetik.
Azkoitian denboratxoa daramate Arriolaren gizonek ehizan. Hogeita bost lagun harrapatu dituzte, aurrez egindako zerrenda batean daudenak guztiak.
Teresaren bila joan direnean, pasmo-belarra garbitzen aurkitu dute.
— Agur, Esteban.
Iluntze hartan bertan jo du Intsausti jauregira Estebanek, kondeagatik galdez. Ondo hartu du bertaratu den bakoitzean, etxekotzat hartu zuten entsegu garaian, Bergarara gonbidatu zuen, eta Saint Colomberen hitzaldira. Lorategi beltzean sartu orduko, saguzarrak sentitu ditu hegan arbola artean. Bildumako tximeletak etorri zaizkio akordura. Izena ahaztu zaion Montevideoko beltz hura, malko moduko bi tanta zituena zintzilik. Kondeak eta biek badute gainera asmo eder bat nafarreriari aurre egiteko, idatzi behar dizkio orri batzuk izainez. Idatzi behar dio. Lagundu behar dio.
Ate zarratuan jo du aldaba. Ihes-hotsa horman beherako huntz artetik. Satitsu bat. Giltza duena bestearen ibiliaren jabe da, Esteban. Luzaroan itxaronarazi diote.
Atearen bestaldetik entzun du galdera, ea zein den.
Tximiniaren bateko ke usaina datorkio.
Zabaldu da azkenik. Jauna ez dagoela etxean esan diote.
Ea noiz itzuliko den galdetu du. Ez dakitela, Bergarara joana da menturaz. Edo Markinara, Munibera.
Leiho zabaldutik, klabizenbaloaren trosta arina aditzea iruditu zaio, berehala mututu dena.
Eta orduan igarri du asteetako nekea, isilean hazten joan zaion ausiabarrak eragin dion ezinegona pixkanaka zabaltzen, gorputzeko zer ataletan kokatzen ez dakien mintza hautsi eta erraietatik gora bularrera, eztarrira, burura, begietara, malkoetara lehertzen. Aurreneko bider, ezin du gehiago, beste bat da hitzik gabeko bakarrizketan ari dena. Zer behar zenuen, Teresa, horretan nahasteko, horrela hondatzeko izan duguna eta izan garena. Estutasunak estutasun, ez gara nahiko ondo bizi, ez nauzu nahikoa, asmatuko genuen aurre egiten biok elkarrekin bagina, baina orain zer. Eta nahastuan datozkio, jardineko harri-txintxor zapalduen hotsa baino ez datorkiola, esan ez dizkionak eta esan nahi lizkiokeenak, gordetako destainak eta, seguru dago, berandu baino lehen itoko duten beldurrak. Ez dizut inoiz behar moduan aitortu, baina jelosiak janda bizi izan ditut azken egunak, Teresa.
Jauregiko itxituratik irtetera doala, notak entzun ditu berriro. Lotsor hasieran, kadentzia harmoniko bati eusten gero, akatsik gabetanik.
Eta lehen aldiz Peñafloridarekiko harremanetan, salduta sentitu da. Non daukaten jakin nahi duen Teresaren hitzak. Horiek dira gure izainak, Esteban. Zer behar dago larderia hau erakusteko, jauna.
Birao bat lehertu zaio ahopean.