Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Zazpi

 

— Ez zara inoiz beretakoa izango.

        Ez dio txarrean bota Teresak, sinistuta dago, ezin izan du isildu. Inozoegi ikusten du senarra. Baina betartea ilundu zaio Estebani, zakar erantzutekotan egon da.

        Badaki, zer behar dago baina gogorarazteko.

        — Nor gonbidatu zuten, hala ere, Bergarara?

        — Zer esan nahi duzu horrekin?

        — Niri esan zidatela ea joan nahi nuen, ez beste inori.

        Irailean beteko dira bi urte. Festa izan zen aitzakia, San Martin Agirreren omenezkoa, Aita Santuaren bulda eta guzti, eta beren-beregi bertan jokatzeko idatzia zuen Peñafloridako kondeak antzezlana.

        — Bergarara zuekin?

        Hilabeteak zeramatzaten entsaioetan Intsausti jauregian. Latz estutu zuten ekaineko azken hamabostaldian. Dena zegoen hankaz gora areto nagusian zein gonbidatuen geletan. Biolinen akordeak nahi aldean sarritan eteten ziren. Eztia nahasten zitzaien arrautza gorringoei. Ez zegoen inor Peñafloridako kondearen alabak urduri zebiltzala ez zekienik. Zer lantegi hartu ziren, jakitun zen Esteban bera. Parte-hartzaile guztiak ezin elkartu eta kondea bera izan zen batzuetan Bergarara eta besteetan Markinara jotzen zuena, aktoreen lana ez ezik musikariena ere zuzentzeko. Kasik egunero deitu izan zuten sasoi hartan Esteban, bizarra-eta egiteko, ez baitziren gutxi kanpotik etorrita, kondearen jauregian bertan hartzen zutenak ostatu. Mugartegiz akordatzen da ondo, Marcos Rekalde organistaz, Bilbotik kondearen adiskidetasunak ekarriak biak, eskupeko emaile onak. Uztailaren hasiera arte geratu ziren herrian. Esteban Alberdi egun haietaz gogoratzen den aldiro, antzezpenerako prestatzen ikusten ditu orain askok sokatik zintzilik nahi lituzketen haiek. Jolasean ibiltzen ziren, emakume arropaz jantzita ikusi zituen gizonezkoak, edozein estakuru zela medio zirika elkarri. Narrosko markesak itzuli zuen Pietro Metastasioren La clemencia de Tito zen tragedia, osterantzean gogokoago zutela libertimendua esango luke. Akordatzen da. Bi komedia estreinatu baitzituzten ekain hartan Intsaustin, batez ere kondeak berak musikatutako opera komiko bi, El mariscal en su fragua eta El borracho burlado.

        Gonbidatuak joanak ziren Estebani Intsausti jauregira itzultzeko agindu zitzaionean.

        Kilkerrak uda betean jauregiko soroetan.

        — Zer iruditu obrak, Esteban?

        Eskaileretan aurkitu zuen Peñaflorida. Gizon mardoa izanagatik, ahalegintzen zen batetik besterakoan arinagoa ematen. Azken boladan argalduta zebilela iruditu zitzaion Estebani, ez zituen hain guriak masailak teilatutik sartzen zen hexagono formako argi laruaren azpian.

        — Ezin izan nuen bakar bat ikusi, jauna.

        — Hainbeste jakin banu gonbidatuko zintuzkedan ba, gizona.

        Bere aldetik ez zen konplimendua, nahi zuen jakin. Kondea ere zintzo aritu zitzaiolakoan etxeratu zen egun hartan Esteban. Bergarara gonbidatu zuen. Idatziko zion esku-ohar bat, formala. Leiho-tapak zabaldu zituen barberia aireberritzeko. Begiratu bat eman zien izainei, oihala aldatu zien beirazko flaskoei. Urez bere zuen terreina txikia. Haginak ateratzeko eta odolusteak egiteko tresneria guztia garbitu zuen gero. Inuntzia pasatzen zebilen Teresa jaitsi zenean.

        — Ez zara inoiz beretakoa izango.

        Azkoitikoa galduta, Bergarako ekitaldia geratzen zen, udaletxeko areto nagusian emango zena. Bost egunez luzatu ziren San Martin Agirreren omenezko jaiak. Zezenketak izan ziren, Gaztelako abereekin bi eta Nafarroakoekin bat. Suzko erroberak bota zituzten, masta puntan ibili ziren, argi ikusgarriak piztu ziren, dantza izan zuten, orga apainduak, bikoteen pasierak. Eta nola ez, Peñafloridako kondeak idatzi eta musikatutako zarzuela eskaini zen, Txanton mozkorrarena, aldaketa bakarrarekin aktoreen artean. Jauregira egindako aurrera-atzeretatik ezagutzen ez zuen Gertrudis Ozaetak hartu zuen Mari Peparen tokia.

        Kondeak eta lagunek egunak zeramatzaten Bergaran Esteban heldu zenerako. Bakarrik iritsi zen, Elosun barrena oinez. Udako osti-zaparrada batek harrapatu zuen Gorlatik beherakoan. Gorritzen hasiak ziren pagopean babestu zen erabat atertu zuen arte. Burdinazko iltzeak zeramatzaten arabar mandazain batzuekin jarraitu zuen herriraino.

        Ikusleak aztoratuta irten ziren funtziotik, algara batean bildu ziren udaletxe aurrean Txanton Garroteri gertatutakoak imitatzen. Ez zizkion Peñafloridako kondeari barruan zerabiltzan guztiak esango, ezta ezagutzen dituela benetan, badakiela nondik atera dituen gizajo mozkorraren kontura obra osoa barre eragin nahian eman duten Don Diego, Don Pedro eta Don Antonio ere, ez zaldun baina bai zaldunahi lotsagabeak.

        Egia hori baitzen: herri xeheari burla egiteko ez da jauntxorik behar antzeztokian, nahikoa da arlote irrigarri bat.

        Baina ez zion horrelakorik aipatuko. Peñafloridak arrazoi sendoak zituen pozik egoteko. Gustatu zen El borracho burlado Bergaran ere, eta txalo-hots luzez, bibaka hartu zuten kondea antzezlana amaituta aktoreen berora oholtza gainera igo zenean.

        — Nik azaldu nahi dudana zera da, nolako kaltea egiten duen edanak gure artean, nola hondatzen dituen familiak ezer egin gabe egote horrek.

        Eten egin zuen jarduna Peñafloridak Esteban haren ondotik pasatzean. Obra goratzen zuen jendez inguratuta egonagatik, argi egin zion diosala ordukoan, eskuak sorbalda gainean jarrita.

        — Hauxe da nire bizargile-zirujaua.

        Giro zegoen. Zaparradak arindua zuen iraileko arratsalde astuna.

        — Eta zuri, zer iruditu zaizu, Esteban?

        Hamaika begi zituen zain.

        — Pozik egoteko motibo franko duzula.

        Kondearen jakako oihal berriaren usaina ere berdea zen. Barre-antzean erantzun zioten inguruan zituenek. Gerora jakingo zuen gau hartan bertan hil zela haietako jaun bat, Oñatira bidean bihotzekoak jota.

        Iluntzean bertan ekin zioten etxerako bideari, hiru zalgurditan. Peñafloridako kondeak aurrez hitz emanda bezala, atzekoan egin zioten tokia Estebani, Narrosko markesaren mirabe baten eta antzezlaneko arropak gordetzen zituen baul baten artean. Jauzi zakarra egiten zuen orgak bideko zulo bakoitzean.

        Kantu ezagun bat heldu zitzaion ilunpetan. Aurreko orgetatik, jaun-andreen aireak zekartzan gauak:

 

                Ai, niri zer egin ote zat!

                Oinez ibilten ahaztu zat.

                Burua jaso ezin det,

                lurra ediro ezin det.

 

        Burua beste baul txikiago baten gainean etzanda zihoan otseina.

 

                Triste det bihotza guztiz.

                Edan dezadan ea berriz.

 

        Goratu eta opil zati bat eskaini zion Estebani.

        — Hutsa berek ez balute edango...

        Zuhaitzen gerizek hartu zizkioten begiak, erregebidea bi aldeetatik zedarritzen. Teresa oheratuta egongo zen, sabaiko gapirioetan galdua soa:

        — Ez zara inoiz beretakoa izango.

        Orain, akorduaren poderioz iluntze hura oilaritea bezala argitzen datorkiola, ez daki esaten non izan zen, zer paretan sentitu zituen aho-uhalen hotsak, zaldi-behorren irrintziak eta gurdien krakatekoak, loeroa erabat hautsi ziotenak. Atea zabaldu zuenerako kanpoan ziren beste orga bietakoak. Narrosko markesaren ahotsa ezagutu zuen fardel gainera igoak ziren itzalei aginduak ematen. Itsumustuan hurreratu zen, begiak ilunpera egin zitzaizkion arte. Oskarbi zegoen, hiruzpalau egun falta ziren artean ilargi beterako.

        Arin erori ziren fardelak behegainera.

        Kriseiluak ziren, hegan egiteko pentsatutako argiak.

        Harritu egin zuen egiturak, lau beso zotzezko uztai batek inguratuak. Makilatxo batzuk lotu zitzaizkien gero, goraka, oinarrian bezalako beste uztai batez zarratzeko goitik. Inoiz ikusi gabea zen paper mehe batez bildu zuten dena, behetik libre uzteko. Orduan entzun zuen.

        — Txinatik ekarria da gero!

        — Baina hauek veneziarrak dira. Ez da han festarik hauerik gabe.

        Beheko uztaiaren erdian goata lotzen zutela ikusi zuen, alkohola izan zitekeen likido batean bustitako mataza bat. Begi bistakoa zen, ez zuten aurreneko aldia. Bigarrena eta hirugarrena, azkarrago muntatu zituzten. Laugarrena egiteko zotzak, ez ziren inon ageri, eta hala gelditu zen, asmo huts.

        Peñafloridako kondea izan zen isiltasuna eskatu zuena.

        — Orain denok eskatu desio bana.

        Larrearen erdian, biribilean zeuden denak, izarpean. Basa-belarren usaina alkoholarekin nahasi zen. Uda bazihoan eta Estebanek Teresa ez zebilela zeharo oker pentsatu zuen lipar batez.

        Narrosko markesa makurtu zen, su txikia eskuan.

        — Gugatik!

        Portzelanazkoak balira bezala hartu zituzten eta besoak luzatuta igo. Astiro, hiru faroltxoek goraka ekin zioten, haizeak doi bat ezpondarantz bultzatuta. Hasperen egin zuen kondearen alaba nagusiak hirugarrenak zuhaitz gandorrak gainditu zituenean.

        Azalean ia nabaritzen ez zen pirrinta.

        Desio bat. Pentsatzeko gai izan ez zena.

        Hiru argi dardarati gero eta gorago, begiek, jakizu non, betiko galdu zituzten arte.