Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hamaika

 

— Jai ederra zaukatek beldurtuko gaituztelakoan badaude.

        Anonimoak errezelo zaharrak aireratu zituen. Umetatik ezagutu izan duten geriza da, gurasoei halaxe ikasia, gertatuko zela egunen batean matxinoak zarata batean hastea. Lerroetan kontatzen denak ezer gutxi du egiatik, ordea; eta batzuek nahi aldean asko berotik. Hazita dabiltza, izutu egin nahi dituzte. Zer da labanen kontu hori belarri ertzak eta zakil azalak ebakitzen. Halako itsuskeriarik. Probintzia osoan ez da ordu arte gutunean kontatzen den beldurgarrikeriarik gertatu, hori badakite. Eta eskatzen diren salneurri berriek gehiago dute txakur-ametsetik beste ezeretik baino.

        Bila hasi eta ez zaie nekeza egin egilea topatzea. Nahikoa izan da norbait Bikuñarenean idazkari ikasten zebilen gazteaz akordatzea. Mutila bera ez da gauza, hori garbi dute, bere kasa halakorik idazteko. Bitartekoa besterik ez da izan: ezinikusiaren esku hutsa paper gainean. Nork diktatu dion da oraindik atera ez diotena.

        — Erakutsiek, gero horrela ordaintzeko.

        Ez da hori, baina, apirilaren 14ko bazkaloste apalean Enparan diputatuaren gogoa nahastu duena. Azkoitikoa zabaltzera, amenazu-gutunean aipatzen diren hamar-hamabi egunak atarian dituzte. Ez dira hiru egun besterik igaro jaso dutenetik. Denak dabiltza pentsatu aldean azkar. Azkarrago ibili beharra dago gaitza etengo bada.

        Korrejidorearen etxetik pasatu eta Narrosko markesaren morroiari erantzuna eman orduko abiatu dira kontzejurantz. Basazabal alkatearen giltzak zabaldu du morroiloa emandako atea. Eskopetak eskuz esku doaz. Balak, perdigoiak eta bolbora bilkura-aretoko mahai gainean. Gaztaina-egurraren urrina.

        Enparan diputatuaren ahotsak beso presatuen gainetik eman du agindua.

        — Abisua eman beharra dago jendeari!

        Deitu izan da baten baten lehen ere. Kaletarrek ez dutela gehiegi lagunduko, jakinekoa zen. Errezelo hori dute lehendik ere. Maiorazkoetako baserrietara jotzea erabaki da. Hor daukate jendea, maiztertzak dakarren kate motxa. Berehala antolatu da Urrestillara joango den saila.

        — Loiolara!

        Kolegioa eraikitzen ari diren harginak, arotzak, teilagileak, errementariak, morterogileak, horra inon bada jende prestua herriaren defentsarako, lanak zaildua, beldurrik gabea. Aho batez erabaki da: joan beharra dago Loiolako obretara ere. Kanpotarraren mamua erabiliko da izua zabaltzeko. Berehala bildu beharra dagoela esango zaie, azkoitiarrak datozela herriari erasotzera. Lupua ohean dutela. Su emango omen diete etxeei, zer ez ote dute egingo emakumeekin, gorrotoz hordi, xakel zaharrok.

        Fusila uhaletik zintzilik, Nicolas Altuna izan da Bikuñaneko idazkarigaiaren letrei probetxu atera diena:

        — Labanak? Etortzea daukate zorroztera!

        Areto nagusian, algara lehertu da urduritasunaren erdian.

        Begira egon gabe antolatu dira partida biak. Txikiena, Altunarena eta Basazabal alkatearena, kontzeju azpiko arkupeetan gelditu da, zer gertatuko. Urrestillako maizterren zain, ardoa atera da herriko etxeko sototik, animoak pizteko eta defendatzaileak erosteko. Atoan bete da Goikokalea ume jakin-gosez Azkoitirantz abantatu direnak ikusteko. Txirringak isildu egin dira. Ama bat alabari deika, igotzeko etxera. Diputatu nagusia, honen ondoko Iturriaga bi semerekin, Garmendia idazkaria, Enparango peoiak, denak doaz tropelean. Zerura begira daramatzaten eskopetek are ikusgarriagoa egiten dute aldra. Morroietako batek arma sorbaldan bermatu eta erreteilatik hegaldatu den usapaletako bati tiro egiteko planta egin du.

        Enparanek begirasuna: gorde ezak hori.

        Ferra-hotsa etxe atarietako lauza jarri berrietan.

        Artzubian agurtu dituzte Loiolarakoak.

        — Ea mordotxo bat ekartzen duzuen.

        Egibar etxera heldu aurretixe gelditu dira, intxaurrondoen itzalean.

        Arratsaldeak jana dio egunari zatia. Zaparrada oparoak neurrian eta argialdiak, udaberri ederra ari zuen. Atsegina egiten da bidea behorren trosta sosegatuan. Azkazal ukaldien artean, ttirritten erasoa ezpondetako ezkutalekuetatik. Soroetan, nekazariak baba-landareak mozten ari dira, lehenbiziko lorea gal ez dezaten. Basazabal alkatearen agindua garbia da. Loiolako erretoreari eskatu behar zaizkio gizonak, ez beraiei zuzenean. Horrela lortuko da lortzekotan nahi dena, ez bestela.

        Bi gizon bidali dira aurretik, Agote zinegotzia eta Basazabal alkatearen morroietako bat. Heldu direnean, egunen batean jesuiten kolegioko sabaia edertuko duten habeetako batean lotuko ditu morroiak bien zamariak.

        Esan bezalaxe bete da agindua.

        Itxaroteko kanpoan.

        Izarraitz gorritua eguzki etzanaren argitan.

        — Zer uste duzu esango dutela?

        — Asmaizu.

        Basilikak lortutako ospearen argitan, abiada bizian ari dira jasotzen ibai aldeko hegala. Eraikin handia da, jesuitagai franko hartzeko modukoa. Baina kare haitzak lana du, ekarri beharra dago menditik, astuna da, denbora behar da pikatzeko, ez da buztina, ez da kostaldeko hareharri biguna erabili dutena Erroma txiki bat sortzeko mendi arte honetan.

        Jakako botoi urrekarak lotu ditu Agote zinegotziak.

        Luze gabe atera da aita Mendizabal mailadira obrako ofizialekin. Plazan pikaketan ari diren harginak isilarazi ditu. Morroia izan da, eta ez zinegotzia, aurrez hitz eginda zuten bezala, Basazabal alkatearen izenean eskaera egin diona.

        Ahapeka hitz egin du ofizial beltzaranak:

        — Azkoitiarrek bakarrik ez, denok nahi dugu alea merkeago.

        Agotek, kukulumuxu, urduri astindu du bidean jasotako belar izpia hortz artean.

        — Besteok?

        Isiltasunak hego haizearen zama du. Jardun betean baino gehiago kostatzen da hitza hartzea.

        — Zer irabazten dugu Azpeitira joanda?

        — Bakea.

        Zinegotziaren zizpa zaharra da oso. Ez du oilagorretarako balio, pentsatu du beltzaranak.

        — Baketik osatuta gaude lehen ere. Alea behar dugu, erosteko moduan.

        Irrintzi egin du morroiaren zaldiak.

        — Orduan zer?

        Zutitu egin da, den bezain luze. Taketa da gizona.

        — Ezin dela garbiago hitz egin iruditzen zait. Ez espero hemengo inork zuek defenditzerik.

        Eta tu egin du Agotek ondoan duen harri landuaren gainera. Txistu berdexka bat, harri-hautsarekin berehala nahastu dena. Ernegatzen hasita dago aita Mendizabalen isiltasunarekin.

        — Ez zatozte orduan?

        Ez entzunarena egin du beltzaranak. Hauek ofizialak badira nolakoak ote dira peoiak, pasatu zaio burutik Agoteri. Ni behintzat ahalegindu naiz esaten moduan harrotu ditu sorbaldak aita Mendizabalek.

        — Negarrik ez gero burutik egindako horiek etxeak erretzen badizkizuete.

        Zinegotziaren behor zuria askatu du morroiak habetik. Eskura eman dizkio uhalak.

        Beltzaranak ez, elkarrekin egon diren tartean aldamenetik begirik kendu gabe izan duen ezkelak bota du agurrekoa:

        — Eta esaiozu Basazabali, gauzak honela badaude, Azpeitiaren alde ez, Azpeitiaren kontra joango garela.