Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hamazazpi

 

Usaimen zorrotzarena, kondena bat.

        Ezkai landarez mukuru betetako zelai batean ireki zituen begiak Estebanek, besoak eta zangoak zabal, belarretan etzana. Izpi luzeek laztantzen zioten masaila. Zuhaitz oparoagoak zituen maldak erreka jotzen zuen barren hezean. Haize ukaldiak heltzen zitzaion hego partetik, apirileko usoak iragartzen zituena. Zerua oskarbi, gutxitan bezalakoa. Oso udaberriko kolonia zuen, freskoa, baina halako ñabardura idorra zuena, tartekako eguzki erre eta guzti, uda atarikoa.

        — Les champs de l'amour.

        — Ezagutzen duzu?

        — Nola ez.

        Ez zen gauza izan ezer gehiago eransteko, nekatu egiten zuen oraindik hitz egin beharrak, baina esateko gogoz gelditu zen: lehen, emaztearekin eta umeekin bizi nintzenean urtero ekartzen zidaten opari flasko bat gabonetan. Ederra izaten zen antzezpen hura, jakingo bazenu. Ikusi behar zenituen bikiak, aurrena beren pakete handiak zabaldu eta gero besteentzat zer zegoen araka, araka, paper ertzak urratu artean, aita! hau da zurea, eta nola etortzen ziren biak korrika batean pasilloan barrena, nola egiten ziguten salto Teresari eta bioi ohe gainera, elkarri bultzaka, hau zuretzat da, zabaldu, zabaldu ea zer den, aita.

        — Les champs de l'amour da, bai.

        Irribarre egin zuen Estebanek, ezin zuen oker egon. Begiak itxi zituen une batez, egindako ahaleginak atsedena eskatu balio bezala. Berriz ireki zituenean gertuago sentitu zuen ezkaien usaina.

        — Ametsetan ibili zara. Izainak, ez dakit nor direla izainak... Non zabiltza, gizona?

        Estebanek buru gainean zeuzkan kakoetako poteei begiratu zien medikuak. Zerbait apuntatu zuen letra bizkorrez.

        Esan orduko ohartu zen. Begiak zarratu eta kolpetik egin zuen murgil ur epeletan. Ez zitzaion lar kostatu itzarri aurreko unean beheraka indar eginda ametsaren azken istilera heltzea. Jolasean ikusi zuen bere burua. Getariako portuan aspaldi ez dela ikusia zuen bezala, turistak uretara botatako txanponak ateratzen dituzten ume haietako bat zen. Txanpona beharrean amets txatal bat izatea atera beharrekoa.

        — Ez didazu sinistuko non nabilen. Orain dela bi mende eta erdi edo...

        Medikuak harrituta zeuden. Ez sinistekoa zen azken aldian preso zuen eldarnio hartatik Estebanek hitzetara ateratzeko erakutsi zuen gaitasuna: Peñafloridako kondearekin Intsaustin izandako solas aspertuak, honen alaba ohean, Carasa medikuaren begirasuna agurtu zuenean, sagu mekanikoa jira-biraka ganbaran, izain odolez puztuak pikondopeko zuloan...

        Batak bestea zekarkion, eta hurrengoa hark.

        — Puzzle bat balitz bezala, Esteban?

        Burua ozta astinduz erantzun zion. Hala zen, puzzle batean zihoakion osatzen zentzugabeko amets hura. Bikiek ohe gaineko apaletan, liburu eta panpina artean, elkarren gainean pilatuta zituzten haietako edozeinetan bezala.

        Hainbeste ez dela arte elkarrekin bizi ziren etxeko sukaldea etorri zitzaion. Larunbat goizetan zuten ohitura puzzleak egiteko. Gosari ondoren mahaia libratu, hulea marraza lehorraz pasatu eta kutxa iraulita atera ohi zituzten piezak beti. Behera begira geratu zirenak goraka jartzea izaten zen lehenbiziko lana. Ertzen bat zuzena zutenak bereiztea gero. Zena zela egin beharreko irudia, kanpotik barrura egiten erakutsi zien Estebanek haur biei, urte asko lehenago berari auskalo nork erakutsi zion moduan.

        Horretaz ondo akordatzen da. Nola egiten zituzten telebistako marrazki bizidunetatik ateratako haiek aurrena, xaloagoak hasieran, izenik gogoan ez duen superheroi koloretsuen kuadrilla ondoren, eskuetatik turrustan ateratzen zitzaizkien sugarrak eta guzti. Piezak ugaritu eta txikiago egin ahala etorri zen jauzia. Paisajeekin. Eta zaputza. Ez zuen asmatu ondo aukeratzen.

        Alpeetako paisaia hura eraman zuenean hasi zen hondamena. Laku zoragarri bat zen, izeiz inguraturiko zabalgune izoztu inor gabeko batean. Izeiak maldetan gora hazten ziren. Enbor nabar eta hostaje zarratuko, ezinago antzekoak ziren denak elkarren artean. Eskuin aldera lehenbiziko haitzak, eta harantzago, perspektiba pixka batekin, tontor zorrotz elurtuak. Handik gora zerua baino ez, urdin argitik azul ilunago batera aldatzen zen ortzi luze eta amaigabe bat. Egunsentian ateratakoa da, bere burua ikusten du horixe esaten Teresari.

        — Nolatan ekarri diezu hau?

        Berehala ohartu zen hanka-sartzeaz, piezak mahai gainean barreiatu, eta ertzetakoak nola hala jarrita, haurrak gogotxartuta ikusi zituenean. Alpeetako laku hotz eta apartatu batean zegoen ordurako, inori laguntza eskatzeko aukera txikienik gabe. Bera ere ez zen gauza izan bost pieza lotzeko elkarrekin, ez tontor elurtuetan, ez haitz ilunetan, ez denak berdinak ziruditen izeietan. Are gutxiago zeruan edo lakuaren ur azalean.

        Purrustadaka alde egin zioten mahaitik bi umeek. Ahalegindu zen, baina hozten ari zuen, eta etsitzea erabaki zuen.

        — Badakizu gauza bat, nik lehen puzzleak egiten nituen gure bikiekin...

        Berrehun pieza gutxiago zituen beste bat erosi zuen hurrengo astelehenean, lanetik bueltan. Paisajea zen hura ere, epelagoa hagitzez ordea, eta askoz ere erreferentzia gehiago zuen. Dendari gazteak hala konbentzituta erosi zuen. Ez zen zailegia ere. Frantzia hegoaldeko larre eguzkitsu bat zen, Proventza aldea, orain gogoan ez duen margolari inpresionista baten koadroaren erreprodukzioa. Pintzelen ibiliari esker zelaian nabarmenak ziren berde orbanen arteko aldeak. Ez galtzeko erreferentziak, ez ziren gutxi: nekazariak zituen segarekin, orgak, ume batzuk olgetan, kanpandorre motza zuen eliza bat bide ertzean, eta zerua, zerua ez zen zeru, margolariaren buruan baino ez zegoen urdinen mozkorraldi eder bat baino.

        — Aste hartantxe despeditu ninduten lantokitik.

        Esan eta batera sentitu zuen urruntzen zelaien usaina ekarri zion kolonia. Erizainarekin hizketan entzun zuen, ematen ari zitzaizkion tratamenduan ulertu ez zituen botika batzuetatik jaistekoa dosia, eldarnio handiak eragiten zizkiola.

        Hitz horiekintxe errepikatu zion berari ohe ertzera gerturatu zitzaionean.

        — Aste hartantxe kalera.

        — Nondik, Esteban?

        — Hemendik. Nik hemen lan egiten nuen lehen. Ez nizun esan? Zabor medikoak batzen.

        Ez, medikua ez zen akordatzen. Agian beste bat zen. Edo bere buruan bestetan ez zen gertatu elkarrizketa hura, litekeena zen. Eta hala kontatu zion ahal izan zuen zabalen nola lan egiten zuen ospitaleko zaborrak sailkatu eta kanpora ateratzen, eta nola justu Proventzako puzzlearen astean bertan esan zioten kanpoan zegoela, ez itzultzeko gehiago. Ez lana gaizki egiteagatik, beste enpresa bat hartu zutelako baizik lantegi horretarako, subkontrata merkeago bat.

        — Akabo.

        Handik atzera, hondamendia. Etengabeko erortze bat. Zulo bat eta harri bat, astiro eta goibel doana hasieran, tristura biltzen doana bidean, eta etsia, eta lana aurkitzeko zailtasunak nabarmenago agertu ahala, abiadura hartzen doana istilean behera, inguruan dituenak ez ikusi arte, keinu, laguntza, txera guztiak baztertzen doana hondora heldu eta urteetan pilatutako basatzatan galtzen den arte.

        Plaust.

        Harri bat lokatzetan.

        — Hori da langabezia.

        — Ez da hori bakarrik, Esteban.

        — Ez, ez da hori bakarrik. Arrazoi duzu. Lana galtzen duzu, eta duintasuna, eta maite izan zaituztenak, eta etxea, eta dena.