Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hogeita hiru

 

Idatzita geratzen bada, zikinik gabe gogoratzen da.

        Garbi du Enparan diputatuak hala izango dela hurrengo belaunaldientzat. Ez dezagun lotsakizuna ahaztu, legeak ordainaraz ditzan egindako okerrak. Eta bera izango da, nor bestela, dagoeneko probintzia osoa asaldatu duen matxinadaren astakerien berri emango duena. Zorte hori fortunatu zaio. Edo ardura hori. Esan bestela nork idatziko duen honetaz. Idatzita, kezkek ere errazago ikusten dute argia. Kezkek, galderek, deitu nahi den bezala. Konparazio batera, ea nahita hautatu duten nahastaileek Gipuzkoako diputatu nagusia eta korrejidorea bertan egotea baraila hau guztia ateratzeko, ala kasualitate hutsa izan den eta hala gertatu den Azkoiti-Azpeitietan beste edozein herritan gerta zitekeen bezala.

        Enparan diputatua sinistuta dago gertakariak ez datozela berez. Bizitzak erakutsi dion ikasgaia da jendeak laineza hartzen duenean beti dagoela bultzatzaile bat, txakurrak, txerriak, arratoiak xaxatzen dituen ahots bat barrenen baten gordea, eta piztiak gero datozela haren esanetara katetik askatuta. Eta hahortxe arazoak.

        Izenak osatzen hasi denean, berehala ohartu baita ezin izango duela zerrenda nahi bezain zehatz prestatu, eta beraz, historia behar bezala berregin jende onaren gogoan betiko gera dadin. Arazoa ez da nolanahikoa, zelan osatu behar du gertatua izenak ez badatozkio osorik? Zelan jaun bati ordotsa bezala zintzilikatuko duela zemai egin diona ezin badu ezizenez baino markatu? Gaitzizen bat besterik ez badu, edo baserri izen bat, edo zeharka emandako deskripzio lauso bat nahi baino gehiagotan?: "handia", "hargin Loiolan", "anaietan zaharrena", "neskame ile argia", "errotariaren seme argala".

        Zelan berregingo da tribunalaren aurrean, espero ez oso berandu, begien aurrean gertatzen ari dena.

        Joan dira hiru egun suak lastoa hartu zuenetik, eta bi gariaren eta artoaren prezio berriak paperean behartuta idatzita eman zirenetik. Osteguna da, eta apirila badoa bere ohiko usainen bila. Arbolak loretan dira. Kolorez lehertzen ikusi ditu Enparanek Komunsoroko, Olatz bailarako, Arauntza azpiko belardietan zuhaitzak: zuriak, horiak, arrosaxkak. Eta legea laster beteko da ostera ere. Edertasunak mamia emango du, loreak erori orduko etorriko dira fruituak. Luze gabe otarra bete gerezi utziko diote atarian etxeko morroiari, urtero sasoi bertsuan, eguraldiaren gorabeheran beti, eman hau diputatuari, nire partez. Esker oneko jendea, oraindik hor nonbait dabilena. Itxuraz behintzat, nahiz eta badakien gero gaizki esaka ibil daitezkeela beste aldetik.

        Hori du jende honek. Maite du bi aldeetara jokatzea.

        Urdai zatitxo bat zartaginean pasatzeko agindu du Enparanek bazkal ordurako, baba apurrei laguntzeko. Ezer gehiago ez. Jangartsu dabil. Basazabal alkatea etorri zaio bila bukatzen ari dela.

        — Goazen osteratxo bat egitera, mesede egingo dizu, hainbeste egun etxetik irten gabe.

        Entzun beharra izan du kontuak ateratzeko. Denbora luzez egon da lau horma artean sartua.

        — Izututa?

        — Ez da izua.

        Zuhurtzia da, bizirik iraun nahia, deitu nahi duzun moduan. Gaur goizean azkena. Ez baitzaie dantzarako gogorik ahitu oraindik, horrela umiliatu beharra jende ona. Gaiztoa behar du kristauak. Gustua hartu diote plaza erdian soka antolatzeari, ikusi ditu amenazua tarteko ez balitz bestela inoiz eskutik helduko ez zituzten neska gazteak oin-jolasera ateratzen.

        — Udaberriko loreak txerrien ahotan.

        — Tira gizona, pasatu da. Pasatu da.

        Ez da hala, ordea. Barruan darama Enparanek, gertatu denak ez dio bakerik emango puska batean, hori badaki. Horregatik laga nahi du idatzia diputazioko artxiboan gertakarien kontakizuna. Bukatzeke utzi du platera mahai ertzean. Kalte egiten dio urdai hotzak. Dagoeneko orpoan babarik ateratzen ez dizkioten oinetakoak janzten ari dela ekarri du akordura zerrenda. Basazabal alkateak lagunduko dio osatzen, berak baino hobeto ezagutzen ditu herritarrak.

        — Jakin liteke nora naramazun?

        — Inor gainera etorriko ez zaigun txoko bakarrera.

        Enparan ez dago hain seguru, baina. Bi morroi dituzte zain atetik irten orduko. Eskopetaz lagunduko dieten bi gizon gazte, zer gerta ere. Jende mordoxka bat dago oraindik plazan. Inork ez die oihurik egin, baina.

        Begiradak bai, nork ez ditu begiak tiroak legez erabili azken egunetan.

        — Zoaz polikiago.

        Enparan diputatuak luze botatzen du zangoa, atzean utzi nahi ditu begirasunak, bekozkoak, distantziak leunduta iristen zaizkion deiadarrak, oinez doa, hegan nahi luke. Freskatu egin du. Aldatua du eta euri usaina dakar haizeak. Orduan hartu dio aurrea Basazabalek, ailegatzen ari direla:

        — Badakizu azkena, badakizu zer egin duten azkena baldan horiek?        Ezpainak loratu orduko hortzak agirian dituela hasi zaio hizketan Basazabal. Ez daki esaten zergatik: gorroto du alkatearen imintzio hori Enparanek.

        Quintanarena kontatu dio orduan, nola astearte gauean, goizeko laurak aldean bi gizonek jo zuten haren atea mistela eskean. Lo zegoen botikaria denda atzeko kamainan. Ez zuela, erantzun omen zien. Debekua indarrean zegoenetik ez zuela barrikatxo bakarra jaso, baina nahi bazuten emango ziela Nafarroako pattar pixka bat.

        Quintana ere ez libre barruak agintzen zion erantzuna emateko, eta bazuela zerbait agindu zien itxura denez. Hala atera omen zien antoxin bete bientzat.

        Baratzeetatik iritsi dira bi gizonak Amubeko zubira. Oihu egin diete emakume gazte batzuek iturri ondoko etxaldetik.

        — Segi, segi, kasurik ez.

        Gorago gelditu dira, zubiaz bestalde. Eztarria garbitu du Enparan diputatuak.

        — Euria dakar.

        Ez da egin zahar ere. Maite du Enparan diputatuak mendiek hartzen duten kolorea euria egin ostean. Ezagutzen ditu lur lehorragoak.

        — Handik lasterrera, beste biak zurrutean ari zirela hirugarren bat agertu zen. Pattarretik nahi zuela berak ere. Quintanak ez zion tantarik ere eman probatzeko. Nahiko eginda omen zetorren beste nonbaitetik.

        Erabat harritu du Basazabal alkatea Enparanen algarak. Ezaguna zaio diputatuaren burlaizea.

        — Gosea edaterik balego! Mozkor alaenak! Su emango diola botikari, hori esanda alde egin zuen.

        — Zein zen, ezagunen bat?

        — Otarra esaten dioten bat.

        Ezponda gainean eseri dira atsedenondoa egiteko, ibaiak duen sakonerari begira. Enparanek egunak daramatza lo ganoraz egin gabe. Nahiko zukeen fuerteagoa izan, edo Basazabalen umorez hartu dena, baina ez zaio erraza egiten.

        Harri bat bota du putzura.

        Paper tolestua atera du gero jakako poltsikotik. Zirriborroz zikindutako hurrenkera da, orria barreneraino betetzen duena.

        — Lagundu behar didazu.

        Plegu gainera makurtu da Basazabal alkatea:

        Julian Segurola, Akotegikoa; Arizumarriaga baserrian hazitako morroi bat; Oñazko Gerizetako maizterra; Txertakea deitzen duten zapatari-mutil bat; Karamantxel deitzen dioten errementari bat, Tomas duena izena; Azkoitira ezkondutako hargin bat, Loiolan dabilena; Aretxabaletako maizterraren seme bat; Antonio Txokolatero, zestoarra; errementari bat, Vizcaino, bi anaietan gizenena; Enparango labeko beste errementari mutil zahar bat; Txakerre, olan lan egiten du; Domingo, Barrenarenean neskame egon zen Mikaelaren senarra; Potorra nagusia, Pepa Katiluren gizona; Patxikatxuriren semea; Inazio Etxeberria Muntxarraren semeak...

        — Orain Otarra hori erantsi beharko diogu.

        — Eta Loiolan dabiltzan ofizial guztiak.

        Beste harri bat bota du esan orduko, amuarrain guri bat jo nahian.

        Bere onera datorren errekak bi gizon itzuli dizkie elkarri begira, harrizko zubi sendoa dutela ondoan.

        — Seguru zaude?

        — Ez naiz inoiz hain seguru egon.