Apirila
Apirila
2014, nobela
216 orrialde
978-84-92468-54-4
azala: Juanba Berasategi
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1997, kronika
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

Hogeita zazpi

 

Arriolak abiatu duen giza ehiza ametsa ez balitz, ez zinateke orain hemen agertuko.

        Eztul txikia behartuta egin eta nire ohe ondoan eseria, bakarrik naukaten gela honetan zu baino ez nire lo nekatua zaintzen. Nire esnaera noraezekoa, leihoak itxita ere paisaia gelditu egiten den une honetan naizen guztia zure eskuetan, Teresa.

        — Itzuliko gara lehen bezala egotera, ezta?

        — Zu senda zaitez eta hitz egingo dugu.

        Teresak gauza asko esan nahi zion errukiaren ertzetik. Ez zen hura unerik egokiena, baina.

        Esan nahi zion, esaterako, ez zirela berriz biziko teilatupe berean, pasatua zela aukera hori, saiatu zirela baina ez zela ondo atera, beste hainbati bezalaxe usteldu ziela etorkizunerako zutena eguneroko martxak. Gertatzen da. Ez da drama bat egiteko kontua ere. Eta gertatu zenez, eta seguru bazegoen horretaz, hobe halaxe hartzea. Gainera, hilabeteetan infernu bihurtu zen emariak ez zuen dena eraman. Bikiak zituzten, laguntzaz eta ondo kostata buruenik heldu zirenak, eta bi horiek bai izango zutela bien premia oraindik urte luzez.

        Hori guztia esan nahi zion. Baina bestela esan zion:

        — Zu senda zaitez lehenengo.

        Teresak eskua eskuaren gainean jarrita eskertu zion ez jarraitu izana. Azken beltzean maite zuen gizon hura oraindik. Bere erara, beste era batera, esan ohi zion Estebani berari ere. Ez lehen bezala, baina nola ez zuen maiteko. Lortua zuen zailena. Ezin uka bere lanak eman zizkiola. Garai batean egunen poderioz gorroto bihurtu zen mataza gaitz hura iruntzitara jartzea eta zerbait salbatzea urteetako harreman hartatik.

        Lana galdu eta gizona bere buruari kalte eginez hondoratzen hasi zenean, ahalegindu zen laguntzen hasiera batean. Estebanek ez zion utzi. Saiatu zen beste lan batzuetan, ikusi zuen nola dantzatu zuen agenda batean ez bazen bestean zerbait lor ziezaiokeen azken kontaktuaren bila. Alferrik. Denborak ez zuen amorerik ematen eta Titanici itzulerarik gabeko bidaiari ekiteko tenorea heldu zitzaion. Gaztigatuagatik, egunsentiak arrosakara erakutsiko zuen iceberga nola jotzen zuen ikusi zuen. Kroskoaren krakatekoa gauaren erdian eta ur beltz eta ikara argizko oihu mutuak barrunbeetan. Orkestrak dantzariei barik hormetako dekorazio orientalistari begira jotzen segitzen zuen. Zenbat iraun zuen, ez da gauza zehazteko.

        Ez dakizu zenbat sufritu nuen zu horrela ikusita, esan nahi izan zion, esku hari egundo ez bezala heltzen ziola. Ez dakizu zenbat, zeuk adina. Beste era batera, baina zeuk adina, Esteban. Eta zaila egiten zitzaion enbatarik gaitzenean beti azalean zirudien gizona ume bat bezain ahul ezagutzea eskutik eusten zion gorputz hartan. Etsi zuenean, eguna etxean ematen hasi zen, telebista aurrean sofan hondoratuta. Edo kalean bestela gauerdira arte, jakizu zertan. Berekin ez egotea zen kontua. Aitak hazi gabeko umeak biak. Zeharo abandonatu zituen etxeko eginbeharrak. Ez kozinarik, ez garbiketarik, ez oherik. Goizean utzita bezalaxe aurkitzen zuen ozeano izoztu hura lanetik bueltan. Ez zuela indarrik zioen. Eta hasiera batean ezin esan ulertu ez zionik. Bikiei heldu zitzaien txanda gero. Aurrenekoa bai, nobedadeagatik, baina begira zer txorakeria, esango nuke ez zeniela bigarrengo batez egundo lagundu Proventzako puzzle hura amaitzen. Badakizu zein, nekazariak zituena segan eta belarra batzen, dorre polit bat zuena belazea hesitzen zuen harrizko itxituraren atzean. Etxean dago oraindik. Ez dira gehiagotan saiatu joan zinenetik.

        — Eta umeak, noiz ekarriko dituzu?

        Titanica. Efemerideak zer diren, Esteban. Apirila zen orduan ere, 15a, ez dabil besterik irrati, telebista eta egunkarietan, oraintxe da urteurrena berriz. Erakusketa bat mustu dute ez dakit oso ondo non, Belfasten den edo New Yorken, ozeanoaren hondotik ateratako objektuekin. Ikusgarria izango da. Seguru. Inoiz libururik irakurri zuten betaurreko biribil batzuk, sextantea, saxofoi bat, golf makilak, brontzezko bi argimutil, idazmakinak, makuluak, platerak, edontziak, furtxetak, labanak, koilarak, eta pattar botilak, erdoka eta guzti.

        — Ez da komeni, gaixotzeko arriskua izaten dute umeek ospitaleetan.

        — Ekar itzazu. Sartu-irten bat badarik ere.

        Ikusgarria, baina zertarako urpetik ateratako hainbeste traste zahar bizitzeko ez badute balio.

        — Hitz egingo dut medikuarekin.

        Begien aurrean zituen artazitxoak hartu zituen Teresak gau-mahaitik. Zainduak ibili ohi zituen eskuak Estebanek. Indarrik gabe, herbaldua sentitu zuen ezkerrekoa berearen gainean luzatzen. Hatz txikerretik hasi zen.

        — Akordatzen, Teresa? Azpeitira joan zinetenean lastasuak hartuta, kapitulazioak sinatu zituzten gauean, horrelakoxe azkazal zati bat zirudien ilargiak oskarbian zintzilik. Zeure hitzak dira.

        — Zer esaten ari zara?

        — Gau hura, Teresa. Lortu egin zenuten prezioak jaistea...

        — Ez dakit zer dabilkizun buru horretan, Esteban. Kontatuko diguzu lasaiago hemendik ateratzen zarenean.

        Errukia zen Teresari nagusitzen ari zitzaion sentimendua. Hitza ez erabiltzearren maitasuna deitzen zuena, beste era batera maitatze hura.

        Eskuina hartu eta lehen beste eskuarekin egin bezalaxe ekin zion. Etxetik alde egin zuen eguna etorri zitzaion. Teresarena, umeena eta laurena izan zen etxea betiko utzi zuen eguna. Oinetakoen hotsa eskaileretan behera. Txalupa istriborretik erriatzen, Titanicaren karrankak ilunpetan. Egongelako besaulki banatan zeuden bikiak, telebistari begira. Ez zioten ia kasurik egin. Doraemon ari ziren ematen. Nobitak, algara betean, bonben pare lehertzen ziren opil arrosak jaurtitzen zizkion Erraldoiri helikoptero moduko batetik.

        Mahaian utzi zituen ostera ere Teresak artazitxoak. Eskerrak eman zizkion Estebanek.

        — Eta zuek, zer moduz lanean, Tere?