Aurkibidea
Hogeita bat
— Dantzarik egon al da?
Dantzak askatu egiten ditu oinak, arindu arima, zehaztu norberaren irudia talde lausoan, Esteban.
Poztu egin da emaztea etxean sartzen sentitu duenean. Ohean eserita erantzi ditu Teresak oinetakoak. Segituan konturatu da Esteban apal artean zerbaiten bila aritu dela. Leihoa zabaldu du.
Kiratsa da, egunak pasatu ahala minagoa deritzon kerua.
— Jaikita ibili zara? Ez zaizu komeni...
Estebanen aldamenean etzan da, gizonak utzitako itzalaren gainean. Eskuak atorra azpitik sartu eta soina ohi baino beroagoa duela iruditu zaio. Papar gainean pausatu dio burua, nabarmen entzun dizkio taupadak. Espero bezala, berehala sentitu ditu atzamarrak ile kizkurrean jolasean. Gizonak ikusi ez dion barre-antza ubel bat loratu zaio.
— Jenderik izan al da?
Senarraren oinen bila aritu da, sarritan egin ohi duen bezala. Estuago lotu zaio. Zango korapilatuek babesa ematen diote, ez dagoela bakarrik sentiarazten. Orain ez da hori, baina, Teresaren nahigabearen arrazoia. Nahiena oker egotea, baina lepoa egingo luke nafarreria datorkiola Estebani, abixua ari da jotzen sukarra.
— Kontadazu ba.
— Ikusi behar zenuen, Esteban, ikustekoa izan da. Gregorio Beltza txistuarekin, etxerik etxe, jendea dantzarako ateratzen.
Teresaren mintzoa arindu egin da, begiak piztuta ikusi dizkio Estebanek burua bere aldera jiratu duenean, paparreko balakuei utzi gabe.
— Beren bila joan gara. Hurtadonekotik emaztea eta alabak atera ditugu, Hurtadok berak baimena emanda.
Bozkario batean ikusi dituztenean atarian, lotsor agertu direla neska gazteak, harroago emaztea. Ez ukitzeko, joango dela dantza-sokara, baina ez ukitzeko bera esku zikin haiekin.
Eguzkitatik itzaletara doan sugandila da Teresaren mihia. Hazpegi barez entzun dizkio Estebanek plazakoak, nola antolatu den dantza, alkatea bera antxiti, Areitzaga soka ixten, eta mundua tartean, zahar eta gazte, ezkondu eta ezkongabe, pobre eta aberats, eskuz esku denak Azpeititik goizaldean ekarritako kapitulazioena ospatu beharra esanda.
— Ez gaude usatuak, baina hau ere ikusi dugu. Beti dago aurreneko aldi bat, Esteban.
— Baina ez berez.
— Ez, berez ez, nola ba.
Isildu egin da Teresa, baina pasatu zaio burutik: zer dator ba mundu honetan berez, Esteban, euria, agorra eta hondamendia ez bada.
— Atertu gabe ibili dira San Martingo kanpaiak.
Eguna zabaldu gabe zegoen artean Beretarbide, Katarro eta botikariaren morroia igotzen ikusi dituztenean San Martinerantz, txarako zidorrean gora, sorbaldatik helduta tarteka, kantuan irudiz. Kanpai-sokari, izututa iratzarri duten seroraren baimenik gabe ekin diote. Zertan dabiltzan galdetu dienean, haserre izpirik gabe, deika, erantzun diote. Txarrean ez, errepikatu dio gerora serorak Narrosko markesak galdetuta. Deika, andrea, deika. Berak kalean entzun dituen bezalaxe datozkio hitzak Teresari, eta halaxe entzun ditu senarrak emaztearen ahotik, kezka arrasto batez.
Estebanen atzamarrek ilean korapilatzeari laga diote.
Zerua zulatzeko besteko kanpai-hotsa.
— Neurriak biltzeko, Esteban. Horretarako izan da deia, bart gaua ezkeroztik bakarra baitago. Akabo anega handietan saldu eta txikietan erosi behar hori. Akabo lapurreta eta akabo lukurreria. Hobetoxeago biziko gara orain.
— Zuk uste?
Soka-dantza zabalgunera heldu denerako, ikusgarria da plaza erdian egina duten txondorra. Zenbatetan erabili izan dituzten anega haiek. Burdinazko uztaiak libratuta, ola gehienak solte daude, hautsita asko.
— Izain onik badaukazu, Esteban?
— Zer ba?
— Zeuk beharko dituzulako laster.
Txistua hasi denean, Olano alkatea jarri omen da aurresku. Hala hitz egina dute aurretik maiorazkoek, kontzeju-etxean elkartu direnean bezperako kapitulazioak atzera idatzi eta pare bat arau gehiago eransteko. Ahal diren puska guztiak bilduko dira: ogia, opilak eta ardo beltza aterako dira kontzejuaren kontura. Dantzan parte hartuko dutela erabaki dute. Dena Piztiaren jostagarri, bakea nagusitu dadin.
Narrosko markesak arratsalde hartan bertan esango du inork entzuteko moduan:
— Hemen laster beste soka bat ibiliko da.
Narros jakitun da zer ibili diren goiz hartan Azpeitian, zaldi gaineko batek ekarrita berriak. Dantza izan da han ere, lotsagarri erabili omen dituzte Barreda korrejidorea eta Enparan diputatua. Eta ezin etsi batzuk Azkue primizieroarekin. Etxe batean zegoela gordea aritu dira batzuk, eta hara joan behar zela, bizirik harrapatu eta lepoa egiteko; beste batean zegoela, berriz, besteak, ez zela libratuko. Akabatu egingo diagu, akabatu. Izan omen da mojek dutela ezkutuan esan duenik ere. Sua eman nahi izan diote komentuari orduan.
Frantziara pasea dela esan zaienean soilik lasaitu omen dira.
— Izainak behar ditugu, Esteban. Zuk nafarreria duzu.
Marruskatutako begiak ditu zain. Dena baino zaharragoa dirudi. Eztul egin du, aurpegia bestaldera biratuta.
— Eta markesa plazan izan al da?
Bolo-bolo dabiltza Narrosen kontuak jendearen ahotan.
— Ez sinistu erdirik ere, Esteban.
Abiatu da, antza, kontzeju-etxerantz, baina kanpoaldean pilatutako jendearen berbaro mutuak izutu du. Nahigabea darabil egunetan, zain guztietatik txindurriak balebilzkio bezala, halako landare-izerdi bizi eta era berean motelgarri hura soin, beso eta zango barrenean. Parrokia aldera itzuli da, eta hantxe egon da, beste maiorazko batzuekin, kontzejuko batzarra noiz amaituko.
Imintzioka hartu dute adiskideek markesa. Hurreratzeko.
Izua dakar berarekin.
— Ez duzue sinistuko.
Eta hala kontatu die atarian babesean zeudenei, sustoa aldetik ezin kendurik datorrela, nola ausartu den ezagutu ez duen gizon bargasta bat miserikordiarako zerga ken diezaiola eskatzen. Txakur baten modura eskatu ere, negarretik duena amenazutik atzetik, ameto eman duen arte.
— Aurtengoagatik lagatzeko esan diot.
Ez ahazteko moduko estutasuna. Amorrua ezpainetan. Justizia izan da Narrosko markesak sarrien erabili duen hitza. Justizia, ez mendekua.
Amaitu zain izan ditu adiskideak kontatzeko Sudupe primizieroarena, nola harrapatu duten kalean dantzara behartuta doala, nola bildu duten bost edo sei lagunen artean arkupeetan eta belaunikatzera behartu.
— Emaguk muin.
Esku-gain ezin beltzagoa jarri diotela ezpainen aurrean, botakagura sentiarazteraino lohi. Eta musu ematera behartu.
— Narros-eta ez dira geldirik egongo, Teresa.
— Ixo, gizona. Ixo...
Teresaren ezpainen beroa masailean. Estebanen gorputza artegatu egin da, besarkatu egiten du, eta emaztearen eskuaren bila hasi da. Zakil gainera eraman du.
— Gaixo eta jolaserako gogoa hala ere?
Baietz buruarekin Estebanek.
— Ezin dugu, gaixorik zaude.
— Eskuarekin badarik ere...