Aurkibidea
Hamar
Narrosko markesaren eskutitza irakurtzen ari dela, hiru egun lehenago jasotako anonimoa etorri zaio gogora Joseph Joaquin Enparan Gipuzkoako diputatu nagusiari.
Altunaneko karreran agertu zen, eta hasieratik hartu zion usaina. Bertan esaten direnengatik ez ezik, esateko eragatik eta sinadura ere falta duelako. Liburutegiko mahaian du, Testament politique du Cardinal Jules Alberoni-ren ale baten orri artean sartua.
Narrosena utzi eta silaba bakoitza astiro murtxukatuz leitu du Enparanek berriro ere izenpetu gabeko izkribua, hartutako lanari gerora emendioa aterako diola sinistuta.
Hobeto aditzera emateko eskribitzen dut euskaraz.
Azpeitiko jaun guztiek adi ezazue hau ondo, baina egin bezate honek dioena, bestela galduak gara-eta. Bilatzen dituzten kaballero edo jaunak ere, bi falta dira, zergatik txit kontrarioa zen jendea ere hil omen dute gizon edo matxino horiek, eta neu ere larri egon naiz. Dozena bat gizonek hartu naute erdian, erabili naute joka estokadaka. Azkenean nabajarekin belarria ere ia kendu zidaten. Ditudanak ere agertu eta nabaja batez puska bat kendu zidaten, eta oraindik ere ezin txiza egin dudala nago. Medikuek kuratzen didatela eta esan zidaten. Hemendik dozena bat eta erdi egun baino lehenago pasako zela beste pesta hori Azpeitian eta Ziudade honetan jende hau mudatzen ez bazen, edo gauzak honela behar badu, honela esan zidaten. Eta hemen dabiltza asko txit berriak jakiten zein diren kontrarioak. Orain da bulizioa hemen. Txit agiz, hiru mila gizon omen daude plantaturik, eta Azpeitirako ere, mila ete berrehun omen daude. Eta dabiltza eskean balebiltza bezala berriak jakiten, baita hor ere. Bidaldu nuen mutil bat hor ote zen buliziorik, eta zioen mutilak edo pajeak haiek jo zituzten bi, hantxe zebiltzala, berriak jakiten. Jaunak, arren, garia eta artoa merketu behar dituzte, 24 ogia fanega, eta artoa 16 erreal fanega. Agur jauna, ez ditut esan nahi guztiak. Para todos los Señores de Azpeitia, a 9 de abril de 1766.
Gutuna tolestu, eta Alberoniren liburuan gorde du atzera ere.