Aurkibidea
Hogeita lau
Enparan diputatua bera izan da goiz eder Azkoitirako bidea hartu duena.
Behor ilun baten gainean egin du arropa gehiegirik gabe, trosta bizian errepide nagusitik, lau morroi armatu hartuta berekin. Xeherik entzun nahi ditu Narrosko markesak kontatzeko dituenak. Laster dator laguntza, igorria du agindua Donostiako Kontsulatuak, Arriola alkatea bidaliko dutela behar adina gizonekin. Denbora azkar doa, eta heltzen direnerako pronto izan nahi du Enparanek gertatu denaren kontakizuna.
— Oraindik sinistuta zaude maliziarik gabekoak direla?
Narrosko markesaren ahots grabea eramango du barruan geroztik.
Amorrua loratzen du begietan, imintzio nabarmenez eman dio ongietorria Enparani, otseinaren atzetik ezustean presaka bezala irtenda.
Astebete daramate laineza hartuta kapitulazioen kontuarekin, eta dagoeneko ez da garauaren prezioa soilik jaitsi nahi dutena, ezta anega, lakari eta imilaunetarako neurri bakarra ezartzea ere. Hori da Enparan diputatuak Narrosen ahotik entzungo duen espa sutondoan eseri direnean.
— Mentatxuriko maizterra lehengoan. Badakizu zer bota zidan lotsa gaiztoan? Ea alkate nintzenean kontzejuak jarritako hogei errealeko isunaz gogoratzen nintzen.
Oso era txarrean gogorarazi ere, eta zemai egin ziola, itzultzeko orduko hartan emandako sosak, ikusiko zuela bestela.
— Hainbesteko izua sartu zidan, hogei errealak eman egin nizkion.
Eskura. Aldean zeramatzalako.
Entzunda bezalaxe jaso du Enparan diputatuak larruzko tapa artean ekarri dituen orri haietako batean Narrosko markesaren kontakizuna. Bestela inork jasoko ez duen amesgaizto bat izango da guztia laster.
Okerrenak biltzeko ditu, ordea. Igande arratsaldean bertan inoiz baino lotsagalduago ibili zela jendea esan dio markesak. Ozarturiko hirurogei edo hirurogeita hamar bat lagunek inguratu zutela, tematuta plazara ekarrarazi behar zuela Joseph Sudupe. Bertan nahi zutela hil, larrutu eta sugarretan erre.
— Hitz horiekintxe.
— Badakizu ez dutela barrurik horretarako...
Galdetuta jakin nahi du Enparanek zergatia. Sudupe ahobero ibilia zela itxuraz, esanez gehiegi jaitsi zela aleari ezarri zitzaion prezioa. Errazegi eman zitzaiela amore arlote narras haiei. Egundo ez duela gosez hildako arratoirik ikusi.
— Hala ibili omen zen Sudupe. Eta sasiak begiak ditu...
Haurrak inguruan biltzeko ipuin haietako batekin nola, halaxe dauka harrapatua Enparan diputatua Narrosko markesaren istorioak.
— Agindu egin behar izan nien neu pasatuko nintzela Suduperen etxetik, gogor hartu eta berriz halakorik esaten bazuen inoiz inork hartu gabekoak hartuko zituela. Horrela lasaitu nituen.
— Umeak. Batzuetan ahaztu egiten zait umeak direla, aise otzantzeko moduko jendea.
— Zaude. Oraindik ez duzu-eta erdirik entzun.
Egia da, azken batean, umeak bezalakoak direla, pentsatu du bere kolkorako Enparanek. Kosta egin zaio honaino heltzea, denbora behar izan du, lekukotza asko entzun, gertaerak orduz ordu berregin. Ez dauka ahazteko nolako gaua pasatu zuen berak Barreda korrejidorearen etxean matxinadako aurreneko egunean. Baina aitortu beharra du harrotu direnek ez dutela inor zauritu, are gutxiago hil. Zarata bai, direnak eta ez direnak, izutzekoak nahi bada, etxeetako leiarrak hautsi eta ateak eraitsi. Amenazuak nonahi eta jendea era txarrean erabili. Sua honi, sua hari, erre behar zuten Erroma bera, hil behar zituzten lurren eta aleen administradore guztiak. Eta? Astinduak, labana batzuk airean, errejetan lotu zituzten errotari gizajo haiek baino ez. Besterik? Aise egin izan dute atzera hutsa aginduta. Harritzeko eran egin ere atzera. Zer dira ba sinatu diren kapitulazioak kea besterik.
Umea izan behar da hori beteko dela sinisteko.
— Zer esan nahi duzu, barkatzeko zaudela?
— Hori esan al dut?
— Banengoen ba.
Narrosko markesak artean kontatzeko daukana ez baita umekeria. Ea uste duzun barkatzekoa dela. Domeka arratsaldean bertan hurreratu zitzaion beste kuadrillatxo bat. Arrimatu aurretik hasi zitzaizkion gora-goraka. Astakeriak astakerien atzetik. Ez sinistekoak guztiak.
— Esan dizut. Ezer neurtzen ez dakiten umeak dira.
— Ba hitz egin, ez dute umeek bezala egiten.
Eta hizketan hasi denetik, Mentatxuriko maizterrarena kenduta, egin ez duena egiten hasi da markesa, izenak ematen, Enparanek ahalik zehatzen jaso ditzan.
— Mateo Garateren emaztea, hori aurrena. Idatzi horren izena oraindik ez badaukazu. Antonio Irigoien ere bai.
Ez ordea honen andrea, prezioa jaisten ez bazen ez zuela umeei zer eman besterik ez baitzion esan, ez era txarrean.
— Errukia, Narros?
Begitartea piztu zaio une batez.
— Hain gaizki ere ez goitik beherako sentimendua den artean.
Pentsakor gelditu da su apalari begira.
— Baina segi, hurreratu zitzaizkizun eta...
Astiro askatu du kokotsari eusten zuen eskua hitz egiteko.
— Entzun ondo, Enparan. Entzun hau. Igande arratsaldeko kontua da dena. Bai, neurria galduta ibili ziren. Mendiena bota zidaten aurrena.
— Mendiena?
— Mendiena, ez zela errematerik egin behar, denen artean banatu beharra zegoela, denentzat berdin.
Enparan diputatua ezer esateke zutitu da aulkitik. Adaxka bat hartu pilatik eta gogorik gabe legez bota du surtara.
— Ez zara benetan ari.
— Entzun ba.
Hala hitz egin omen zioten azaldu dio Narrosek, jaitsi beharra zegoela baserri guztien errenta.
— Honek uste dut ez duela gariaren edo artoaren prezioarekin zerikusirik.
— Nik ere ez.
— Eta orain dator onena.
— Zer dator orain, Narros?
Su ondotik leihora hurbildu eta erabat itxi dizkio orriak. Kanpoan elkarrekin hizketan ari dira Azpeititik laguntzaile ekarri dituen mutilak.
Eta itzuli orduko entzun du Enparanek markesaren ahotik honek entzuna, mendiekin bezala hala egin behar dela maiorazko handiekin ere, zatitu eta denen artean partitu.
— Ez da egia izango.
— Ez duzu ba pentsatuko gezurretan hasteko gogorik dudanik?
Zer esan jakin gabe geratu da Enparan, larru azaletik ia erorian dituen orriak eskuan.
— Noiz diren etortzekoak ba al dakizu?
— Laster behar dute hemen.
— Datozela azkar. Agur moduan badakizu zer bota zidaten lainezero horiek? Kontzejuak lur zabalean egin behar direla, eta mundu guztiak izan behar duela bere botoa.