Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Dxusturiak Izaro irlaren gainean
Eneritz Artetxe Aranaz
Bitxiak dira antzerkiaren bidezidorrak, bereziak haren bidez zeharkatu beharreko paisaiak, bizi beharreko egoerak, jantzi beharreko mozorro zein maskarak. Eta kendu beharrekoak.
Bizitzak edo antzerkiak edo bien arteko jokoak, ez dakit zeinek ezarri ninduen espazio hutsaren pista honetan. Halabeharrak? Zoriak? Berezko gaitasunek? Ez-gaitasunek? Beste arima batzuekiko goseak? Obsesioak? Egitura estandarretara egokitzeko zailtasunak? Auskalo… Niretzat antzerkia beti izan da beharrizan bat. Ez dut beste inongo espaziotan antzerkiaren bidez zabaltzen diren goseak jasotzen dituen diziplinarik aurkitu.
Zoriontsu egiten nau espazio huts bat ikusteak, edozein esparrutan, edozein hiritan, edozein etxetan… Hutsa askatasunerako atea dela iruditzen zait, norberaren eta besteen aurkikuntzarako, ezagutzarako. Espazio horretan gorputzaren, ahotsaren eta hitzaren bidez jolasteko gogoa pizten zait berehala. Guztiz iradokitzailea da niretzat, irudimena martxan jartzen dit traktore bat bere motorrak bezala.
Duela zazpi bat urte sortu nuen Dxusturi Teatroa konpainia, eta haren bidez nire antzerkiaren gaineko galderei erantzun nahi nien, antzerki forma, hizkuntza eta edukien gaineko kezketan sakonduz. Garai hartan Bermeon bizi nintzen itsasotik oso hurbil. Nire etxeko leihotik Izaro irla, Bermeoko psikiatrikoa, hilerria eta futbol zelaia ikusten nituen. Itsaso ondoan bizitzeak fenomeno atmosferiko bitxiak oso gertutik begiratu ahal izatea errazten du. Horrela ba, sarritan izan nuen kolore guztietako tximistak Izaro irlaren gainean dantzan ikusteko aukera. Batez ere galarrena boladetan, haize bortitzaren aurretik erabateko gelditasunak herria hartzen duen egunetan.
Arratsalde horietan liluratuta begiratzen nien itsasoa zeharkatuz zerutik zetozen koloredun flash haiei, keinu erraldoi haiei. Bermeon “dxusturi” deitzen diote tximistari eta hitz polita iruditu zitzaidan sormenaren ideia irudikatzeko: kaosaren erdian agertzen den argi parrasta azkarra. Aurreikuspenik gabeko norabidea hartzera bultzatzen zaituen indarra. “Dxusturi teatroa” izena jarri nion beraz nire antzerki proiektuari.
Zubi ekimenari esker izan nuen lehenik eta behin La compote de… Philippe Gaulierrek frantsesez idatzitako testua euskarara ekartzeko eta taularatzeko aukera. Guk Konpota izenburua jarri genion Antton Lukuk euskarara itzulitako bertsio ederrari. Luxu bat izan zen testu zoragarri hori nire ahoan dantzaraztea, plazer handi bat testuaren hitzak oholtza gaineko ekintza bilakatzea.
Konpotaren bitartez hamahiru urte lehenago Gaulierren eskolan ikasitako kontzeptuak eta antzerkiaren gaineko ikuspuntuak lantzeko eta haien gainean sakontzeko aukera izan nuen: gorputza eta ahotsaren arteko harremana, testua eta ekintza, bufoiaren mundua... Zer eta Gaulierrek berak idatzitako testu baten bidez, gainera! Plazer handi bat sentitu nuen taula gainean Konpota bakarrizketa antzeztu nuen bakoitzean. Eszenatokira dardaraz eta zirraraz hurbiltzen nintzen beti. Antzezlana hasi baino lehen zentzumen guztiak adi-adi izaten nituen, ikuslegoa salan sartzen ari zela sumatzen nuenean. Oraindik ere harritu egiten naiz lan haren bidez ikasi nuen guztiaz ohartzerakoan: antzerki teknikaz, oholtzako lengoaiaz, hizkuntzaz, literaturaz... Horretarako Pablo Ibarluzea antzerki pedagogo, zuzendari eta aktorearen laguntza izan nuen, eta esan behar dut inolaz ere ezin izan nuela lan hartarako zuzendaritza hobeagorik aukeratu. Pablo antzerki fisikoaren maisu handi bat da eta uste dut bere lana ez dela Euskal Herrian nahikoa aitortu. Bere begiradapean aritzea beti da ikaskuntza bat niretzat. Beti eskertuko diot nirekin egindako lan sakon eta eskuzabala.
Konpotaren ondotik Dxusturi Teatroak Karramarroa antzezlana taularatu zuen duela lau bat urte. Konpotarekin hasitako bideari jarraituz, Karramarroarekin hizkuntzaren lanketa, literatura, antzerki fisikoa eta bufoi zein clownaren munduekin lanean jarraitu nahi nuen.
Konpotako lantalde bera konbokatu nuen: Amaia Yurrebaso, Azegiņe Urigoitia, Zigor Gorostiola, Pablo Ibarluzea, Roberto Quintana eta Iņaki Ziarrusta. Oraingo honetan, ordea, ez genuen estreinako lanean bezala oinarrizko testurik, eta hain zuzen ere horixe izan zen lan honen erronkarik handiena. Karramarroaren testuaren sorkuntza izan zen prozesu horretako gauzarik zailena, eta aldi berean, horretan egin nuen ikaskuntzarik esanguratsuena. Izan ere, uste dut Karramarroaren testu egituraketan ikasitakoak eman didala neure kabuz idazteko bultzada eta indarra, zein gutxieneko metodologia bat. Aurreko lan biek nire autoretza propioa ahalbidetu dutela uste dut, garapen naturala izan da.
Karramarroa testuaren eraikuntza nahiko korapilatsua izan zen. Egia esan, estreinaldiaren egunean, azkenik oholtza gainean antzeztuko genuela ikusi nuenean erabat harrituta nengoen. Hilabete batzuk lehenago ezinezkoa iruditzen baitzitzaidan ideia nahaspila hark antzerki testu itxura hartzea. Hasiera batean Pablo eta biok hasi ginen ideia baten inguruan inprobisatzen, baina lanari edukia eta mamia falta zitzaizkiola ohartu ginen berehala.
Entseguak bere horretan utzi genituen, proiektuak aurrera egingo ez zuela pentsatuz.
Antton Lukuren proposamena izan zen euskal literaturara jotzea. Euskal idazle emakumeak idazten ari ziren edukietan arreta jartzea. Ortzia zeharkatzen duen dxusturiak berriz ere flasheatu ninduen; bagenuen nora begiratu. Hori izan zen gure abiapuntu berria eta bazka horretaz elikatu ginen gure antzezlanaren planteamendu berria egiteko.
Horren ondoren, Karramarroaren testuak mila itzuli egin zituen. Miren Agur Meaberen eta Eider Rodriguezen testuak irakurtzeaz gain, beste hainbat testu aztertu eta idatzi genituen. Anttonek hartu zuen testu horiek guztiak sukaldatu eta elkar lotzeko ardura. Azkenik, helarazi zidan proposamenean hondartza naturista batera iristen den emakume bat irudikatzen zen. Berrogeita bost urteko emakume horren pentsamendu, kezka, harreman eta egoerak azaltzen zitzaizkien ikusleei.
Oso ederra iruditu zitzaizkidan bai egoera, bai hizkuntza, bai pertsonaia bera zein erreferentzia literarioak. Oso hizkuntza bizian idatzia zegoen, irudi poetikoz betea eta hausnarketarako parada ematen duten pentsamenduak biltzen zituen era berean.
Esperantza piztu zen Dxusturi teatroko lantaldean Anttoni esker, eta taula gaineko lanari ekin genion berriz ere. Baina behin oholtza gainean lanean geundela zaila egiten zitzaigun pertsonaia bakar baten bidez jatorrizko proposamena gauzatzea. Testu aldaketak egin genituen, taula gaineko ekintzek hitzekiko zentzua har zezaten. Horrela egituratu zen azkenik oholtza gainera eramango genuen testu frankensteina. Testu horretan Eider Rodriguezen eta Miren Agur Meaberen ideia eta liburuetako pasarteak, Antton Lukuren egituraketa eta edukiak, nire ideia eta inprobisaketak, eta Pablo Ibarluzearen esku hartzea jaso ziren. Pertsonaiaren gaineko ikuspuntua eta erabili beharreko antzerki kodea erabat aldendu ziren Lukuren proposamenetik.
Emanaldi bakoitzean izugarri disfrutatzen nuen pertsonaia horrekin, ikuslegoan sortzen zituen barre karkailekin, haren bidez lortzen nuen askatasunarekin. Trinkete Antitxokoko emanaldia oroitzen dut bereziki, enegarren aldiz eserlekua apurtu nuenean…
Taula gainetik kanpo ere istripu pare bat izan nuen garai hartan, eta emanaldiak bertan behera utzi behar izan genituen. Ordurako hogei bat eginak genituen jada. Ez dago txarto. Gu oso pozik ginen lanarekin baina pena handia dut beste hainbeste egiteko gogotsu nengoelako, eta nagoelako oraindik. Karramarroaren pertsonaia asko maite dut eta ziur nago berreskuratuko dudala aurrerantzean noizbait: Idoia, emakume mamarroa.
Karramarroaren ibilbideak harreman zuzena izango zuen liburu honetan lehenengoz aurkezten dugun Isiltasuna testuaren sorrerarekin. Istripuak zirela eta, ezin izan nuen luzaroan antzerkia behar bezala jokatu, eta horrek taula gainari beste ikuspuntu batetik begiratzea eragin zidan. Beti bezala, dxusturiak sorpresan hartu ninduen gutxien espero nuen ertzetik: ezin nintzen mugitu, ezin nuen ahotsik erabili. Mutu eta geldi egotera behartuta nengoen osasunaren aginduz. Nola bestela antzezle bat ordenagailu aurreko eserlekura hainbeste ordutan lotu?
Horrela ba, jokalariaren txandala eta mototsa momentuz albo batera utzi, eta isiltasuna idazten hasi nintzen...