Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Zelai-etxea 7
(laia etxean dago erdi botata eta ardoa edaten. Etxeko atean hiru kolpe entzuten dira. laiak ez du irekitzen.)
maurizia: Ireki ez didazunez sartu egin naiz.
laia: Ohitzen hasita nago.
maurizia: Zorionak!
laia: Mila esker.
maurizia: Museoa herri erditik kentzen saiatuko zarete orduan.
laia: Beste mila gauzaren artean.
maurizia: Pozten naiz zuen garaipenaz.
laia: Eskerrik asko.
maurizia: Ez zaitut aldarte onez ikusten.
laia: Ezustekoak atsegin ez ditudalako izango da agian.
(Sakelakoa entzuten da. Telefonoa hartu eta hitz egiten hasten da laia.)
laia: Mila esker, bai. Berdin. Ez, ez dut ospakizunik nahi, benetan. Ez dut horretarako umorerik, ni gabe moldatu beharko duzue… Ez, ez da oraindik agertu. Hartu patxaran tragoxka pare bat nire partez. Ondo da, lan handia dugu orain aurretik. Bai, gora gu ta gutarrak…
(Telefonoa esekitzen du.)
Zeren bila etorri zara?
maurizia: Olio bila.
laia: Ez dut oliorik.
(mauriziak alde egiten du eta laiak ardo baso bat bestearen atzetik edaten jarraitzen du, bakarrik. Negar egiten du. Halako batean, atzera begiratzerakoan, maddi skype dei bat egiten ari dela, ukitu eta laiak ikusten du pantailan. Haren irudia agertzen da bertan.)
laia: Bihotza! Non zaude? Non izan zara?
maddi: Hortik…
laia: Hortik? Badakizu nola ibili garen? Ez genekien ezer zutaz…
maddi: Hori zen nire asmoa. Zorionak hauteskundeengatik.
laia: Zer gertatzen zaizu?
maddi: Beste etxe batera noa.
laia: Nora? Aitarengana?
maddi: Ez.
laia: Burua galdu duzu.
maddi: Genero rolen gaineko aurreiritzi guztiak erreproduzitzen ari zara nirekin.
laia: Ez dakizu zertaz ari zaren.
maddi: Horra hor beste bat.
laia: Baina nora zoaz?
maddi: Zure etxetik urrun. Lurraren barruan sartu nahi dut.
laia: Maitemindu egin zara.
maddi: Eta hala balitz, zer? Bizitzaren aurkako sendagaia duzula iruditzen zaizu. Minaren aurkakoa. Ez duzu ezertan sinisten. Ni ez nauzu zure teoriekin nahastuko. Begira zeure burua. Arbola santuaren adarrak baino ihartuago zaude.
laia: Hirugarren aurreiritzia. Neuk ureztatzen dut neure burua.
maddi: Ez dut zuk bezala bukatu nahi. Inguruan maitasunik ez badut, asmatu eta eraiki egingo dut.
laia: Maitasuna… Hobe zenuke zeure burua eraikitzea.
maddi: Eta infernurainoko harresia duen etxe batean sartu? Ez, mila esker, horretarako Martutene dugu ordubetera.
laia: Sexu kontu bat da?
maddi: Eta zurea? Sexu kontua da zurea? Edo sexu ezaren kontua? Maitasuna, adiskidetasuna eta sexua gauza ezberdinak dira. Mila aldiz esan didazu. Emakume zein gizon bezala aritzea ere antzerki negargarri bat da zuretzat. Baina zurea ere antzerkia da. Azken finean, denok jokatzen dugu rol ezberdin bat hemen.
laia: Eta niri Gorgonarena egokitu zait, ez zaizu iruditzen?
maddi: Egoa sobera duzu zeure burua Gorgona izendatzeko.
laia: Zu nor zinateke orduan, Pertsefone ederra?
maddi: Berdin du. Zuk gorroto duzun antzezlan horretan parte hartzea erabaki dut.
laia: Nora zoaz, baina?
maddi: Izango duzu aurrerago nire berri.
laia: Noiz?
maddi: Iluntzen duen bakoitzean.
(maddik joan aurretik abestu egingo du.)