Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Zelai-etxea 5
(laiak ordenagailua piztu, arropak erantzi eta albornoza janzten du. Ordenagailuan jarrita du bere arreta guztia, idatzi eta idatzi. Haren argiak aurpegian ematen dio. Etxeko atea jotzen dute. laiak ez du erantzuten. Berriz jotzen dute. Hirugarrenez ere kolpe hotsa entzuten den arren, laiak ez du sekula irekitzen.)
maurizia: Irekitzen ez zenuenez… sartu egin naiz.
laia: Zer nahi duzu?
maurizia: Gure herrian museoa jarriko duten ala ez jakin nahi nuke.
laia: Museoa? Gure herrialde osoa da dagoeneko parke tematiko bat. Arbola santuaren kimuekin sortutako bonsaiak salduko dituzte laster turistentzat. Museo bat gorabehera… ze garrantzi du horrek?
maurizia: Ez da hainbesterako izango.
laia: Ez, ez da hainbesterako. Arrazoi duzu. Zoaz etxera eta egin ezazu lo lasai.
maurizia: Orduan egia da?
laia: Gerrako bunkerrean argazkiak ateratzeko aukera izango du mundu guztiak… baita zuk ere. Bidaliko dizut haren gaineko triptiko bat.
Auschwitzen arazoak dituzte bisitariekin dagoeneko, badakizu? Milaka pertsona hil ziren tokian, jendeak, argazki dibertigarriak ateratzen ditu souvenir bezala etxera eramateko. Gauza bera gertatuko da gure herrian. Ez zaigu espazio sakraturik geratzen.
Bestalde eguraldi ederra daukagu gaur.
maurizia: Ez da zure erantzukizuna.
laia: Ezta zurea ere. Zoaz etxera eta egin ezazu amets itsaso zabalean jauzika dabiltzan izurde ederrekin…
maurizia: Laster itxiko dituzte hauteskundeetako gelak.
laia: Berdin dit hauteskundeetan gertatzen denak. Edonola ere, ezin dugu herensuge horren aurka ezer egin. Guri ez zaigu zerutik San Migelen aingerua hegan agertuko. Turismoaren plaga mundu osoan hedatuta dago eta nik ez dut nire alaba aurkitzen.
maurizia: Zure alaba?
laia: Bai, Maddi, nire alaba… duela gutxi katamar zebilen gela honetan zehar eta orain ez dakit non sartu den. Lurrak iruntsi duela ematen du.
maurizia: Whatsappa begiratu.
laia: Mugikorra itsasora jaurti nuen.
Lanpetuegi ibili naiz… ez diot arreta nahikoa eskaini…
maurizia: Zinegotziaren kasuak argia ikusten badu ez dituzue hauteskundeak irabaziko.
laia: Eskerrik asko horren berri emateagatik.
maurizia: Bera izan da.
laia: Badakit. Baina ez dio emazteari inork sinisten.
maurizia: Bazen behin urruneko herrialde batean oso gaiztoa zen otso bat… “Otso hori urrun bizi da, ezta, ama?” galdetzen zidan nire semeak txikitan. Guk ere otsoa gure etxetik urrun bizi dela sinistu nahi dugu.
Bat-batean, helduak direla, txikitan bortxatuak izan zirenen oroitzapenak.
Memoriak zentsuratutako argazkiak, buruan bueltaka. Neska zein mutil. Berrogei urte betetzen dituztenean bakarrik baimentzen diete beraien buruei burmuinaren alde ezkutuan zuten har ustelduari azaleratzen. Orduan ulertzen dute zerk eragin duen beraien bizitzaren eromen ezin jasana. Erotuta zaude. Eromena ordea isiltasun mota bat da. Indarrean dagoenera egokitu ezina. Eromenaren hitzen inkongruentzia, gramatikarekiko subertsioa. Hitzak dena zentzuz jantzi lezake.
Baina mozorro bat besterik ez da. Lengoaia eta zenbakiak gizonaren neurrira eraikitako botere eremua dira gizarte honetan, eta hitza, haien aizkora. Hitzaren subertsioa aldarrikatzen dut ekintza feminista gisa. Gizonak ez garenon arma.
Geure burua ez-gizontzat daukagunon baliabide ezkutu eraginkorra. Isiltasuna eta itzala, hemisferio ezkutuko neba-arreben geltokia.
laia: Zertaz ari zara?
maurizia: Baten batzuek hilobira daramate sekretua. Gure arteko sekretua. Hilobiak sekretuz beteta daude, eta oheak ere bai. Haientzat ohea edota hilobia etzateko leku bera dira.
Sei urteko alabatxoak ez zuen aitatxorekin bainua hartzera joan nahi. Telebista begiratzen zuten bitartean ez zuen haren ondoan eseri nahi. “Ez dut nahi”. Ez dut ulertzen, bestalde, zergatik ez zaien sekula nahi hori errespetatzen. “Ez dut nahi”.
Zer gehiago behar da errespetatua izan dadin. Berdin du adinak eta ukituaren graduak. “Ez dut nahi”, kito. Ume batek ez baldin badu ukitzerik nahi, ez dezatela ukitu. Eta nagusien sexu eta kariņo beharrak ase daitezela beste nonbait. Helduen artean. Eta ezin badute halakorik lortu, deitu dezatela telefono erotikora edo putetxera joan eta isur daitezela euro batzuen truke.
laia: Ez nekien ezer, barkatu.
maurizia: Ez naiz prostituzioaren fan-a, baina hor dago. Eta lan horren estigma ere putazaleek jasan beharrean putek jasaten dute. Aldiz, jarduera horren irabazi eta onurak gizonezkoentzat izaten dira normalean. Horrek erakusten du beste behin ez garela gure gorputzen jabe. Emakume batek zergatik ezin du bere gorputzaz etekin ekonomikoa atera? Edo prestigio soziala? Zergatik dago hori estigmatizatuta? Gure gorputzak botere guneak direlako eta horien gaineko kontrola gizonezkoek dutelako. Emakumeon gorputzak gudu batek birrindutako eremuak dira eta hauen gaineko kudeaketa ez dago gure esku oraindik.
Zure lagunaren kasuan gauza bera gertatzen da.
laia: Ez da nire laguna. Ez da sekula nire laguna izan.
maurizia: Zure senar ohiarekin bizi izan da, ezta?
Harrigarria, ez diote sinisten. Eta infernu hau jasateko prest egongo da bere emaztea ezeren truke? Zertarako? Zer helbururekin? Inork ez du infernua begien aurrean agertzerik nahi. Denok dakigulako infernua guztion etxeko alfonbren azpian ezkutatzen dela. Eta haren etxe azpian hilotz bat ehortzita badago, zergatik ez da ba gurearen azpian ere haren aurpegi horia etzanda agertuko? Ni gizon progresista bat naiz… bliblilbliiii, blablablaaaa… Hitza alde batetik joan daiteke eta ekintza bestetik. Egia esan, zein mozorro hobe otsoarentzat ardiarena baino?
Zure alderdikoa da.
laia: Zer garrantzi du horrek?
maurizia: Inguratzen zaituzten pertsonen berri zehatzagoa izan beharko zenuke.
laia: Zertara etorri zara?
maurizia: Gatz bila.
laia: Ez daukat gatzik.
(maurizia espazio horretatik ateratzen da. Atea zeharkatu eta instrumentuen lekurantz doa. Abestu egiten du.)