Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Zelai-etxea 6

 

(laia bere etxean edo loreen artean dago telefonoz hitz egiten.)

 

laia: Amaiaren etxetik atera dela motor baten gainean? Ze motor? Urrezko motorra? Ezin dut sinistu. Txantxetan ari zara, ezta? Zoaz ertzainengana eta galdetu egiezu motor horrengatik. Ez dut uste urre koloreko motor ugari egongo denik herrian.

 

      Ez, ez dut garaipena ospatzeko asmorik, ez naiz aldarte onean. Datorren astean…

 

      Gartxot, minbizia daukat. Kantzerra daukat bularrean. Bai, kantzerra, kantzerra, karramarroa… Zer diozu? Aspaldi utzi nion erretzeari. Beste guztiak bezala, uneren batean hil beharko dut. Hori bai, zu gehien nahastuko zaituen unea aukeratuko dut, ez ezazu zalantzarik izan. Datorren astean, Zorrotzaurren. Ni ez naiz gidatzeko moduan izango… ea nola uzten didaten bularra… Gutxienekoa? Zuretzat izango da gutxienekoa! Zuri ez dizutelako zakilaren punta kenduko. Zure zakilak oraindik jeloskortasuna pizten duela herriko gizon guztien artean? (Barre egiten du) Txotxolo halakoa…

 

      Gartxot… zeuk lagunduko didazu? Eskerrik asko, beldurra ematen dit anestesiak. Mila esker. Zoaz ertzainengana, mesedez.

 

(Telefonoa esekitzen du, ardo trago batzuk hartu eta hitzaldiaren espaziora bueltatzen da.)