Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Teloneraren harrotasuna, Patricia Urrutia
Ama begira ezazu leihotik kanpora
Dxusturiak Izaro irlaren gainean, Eneritz Artetxe Aranaz
Hitzaldia 5
laia: Familia estandarraren fenomenoa oso ondo irudikatzen du lehen aipatutako Silvia Federici filosofo italiarrak, Caliban eta sorgina liburuan. Bertan aipatzen denez, kapitalismoaren helburua etengabe produzitzea da, baina norbait behar da produkzio hori aurrera eramateko, lan indarra. Bestalde, produzitzen duten horiek norbait behar dute beraien sostengua eta zaintza ahalbidetzeko eta baita subjektu hauen erreprodukzioa ziurtatzeko ere.
Horretarako modu erraz eta eraginkorra asmatzen du sistemak: pertsonak muturreko bi multzotan sailkatu eta banaketa honen arabera, produkzio edo erreprodukzio rolak eman. Modu honetan, pertsonen generoak, queer teoriak azaldu bezala, berez anitzak direnak, muturreko bi generotara sinplifikatzen dira: emakumeak eta gizonak. Genero bakoitzari gainera bere lan erreproduktorea edo produktorea burutzeko, ustez egoki zaizkion ezaugarriak atxikitzen dizkio sistemak. Horiek lirateke genero rolak, gizonezko zein emakumezko bezala sailkatuak izan diren pertsonen gainean interes ekonomiko, politiko eta sozialen arabera eraikitakoak. Eta, beraz, naturaletik gutxi dutenak.
Genero rol hauek banatzeaz gain, heteropatriarkatuak, gizonezkoei atxikitzen zaizkien ezaugarriak hobesten ditu besteen gainetik. Horrela, eta boterea gizonezkoena izanik, ikuspuntu androzentrikoa gailentzen dela gizartearen estamentu guztietan. Beraz, emakumezkoei atxikitzen zaizkien balore eta ezaugarriak bigarren mailakotzat hartuak izango dira eta horregatik baztertuak, ez ikusiak, ez baloratuak ezta ordainduak ere, hala nola: zaintza, umeak, etxeko lanak, sentimenduak, intuizioa, basatasuna, irrazionaltasuna…