Isiltasuna
Isiltasuna
Eneritz Artetxe Aranaz
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2020, antzerkia
114 orrialde
978-84-17051-46-4
Eneritz Artetxe Aranaz
1972, Gernika
 
 

 

Hitzaldia 3

 

(laiak Jung doktorearen liburu eta idatziak ditu esku artean. Noizbehinka buruz esaten ditu hitzak, eta beste batzuetan aldiz, orrietatik zuzenean irakur ditzake pasarteren batzuk.)

 

laia: Emakumearen gorputza eta bere pentsamenduaren erretzearekin, inkontzientea, indar naturalak, intuizioa, magia eta hainbat kontzeptu erre nahi izan ziren. Beste guztiaren gainetik zientzia eta arrazionaltasuna ezarriz.

 

      Jung doktoreak Gizona eta bere sinboloak liburuan azaltzen duen bezala, nahiz eta gaur egungo gizartea sinesmenetatik aldentzen saiatzen den, ezinezkoa zaio jainko berriei ihes egitea. Sinesmen berriek gidatzen dituzte gure bizitzak, gu geu konturatu ala ez. Gaur egungo jainko ahalguztiduna arrazionaltasuna dela.

 

      Sinetsita gaude arrazionaltasunaren jainko horrek ahalmen mugagabeak dituela. Haren bidez natura, inkontzientea, gaizkia eta nahi dugun guztia gainditu dezakegula.

 

      Baina jainko berri hori ilusio bat besterik ez da, orain arteko beste jainko guztiak bezala.

 

      Bestalde, argi ikus dezakegu ezagutza zientifikoa gehituz joan den heinean, munduaren deshumanizazioa ere tamainan hasi dela. Gizakiak kosmosetik bananduta sentitzen dira, dagoeneko naturarekiko harremana ia guztiz galdu dutela. Inkontzientea eta gertakari naturalekiko emozio gaitasunak bidean utzi dituzte. Gure intelektuak natura beregain hartzen duten makinez osatutako mundu bat sortu du, zeinean ezinezko zaigun haiekiko dependentzia kudeatzea.

 

      Era berean, gizaki arrazionalaren jenioak gero eta arriskutsuagoak diren gauzak asmatzeko joera erakusten du behin eta berriz. Suizidio kolektiborako geroz eta egokiagoak eta eraginkorragoak diren gailuak sortuz, hain zuzen ere.